Aleksei Mordaxov
Aleksei Aleksandrovitx Mordaxov (Txerepovets, Errusia, 1965; errusieraz Алексей Александрович Мордашов) errusiar enpresaburu eta oligarka bat da. Severstal enpresa metalurgiko, energetiko eta meatzaritzako enpresetan interesak dituen talde errusiarreko akziodun eta presidente nagusia izan da hainbat urtez. 2021an Bloomberg agerkariak, 25.800 milioi dolarreko jabetzak kalkulatu zituen Mordaxoventzat, eta Errusiako laugarren pertsona aberatsena litzateke. Familia osoko aktiboak kontuan hartzen dituen Forbes rankingean, ordea, Mordaxov lehen postuan zegoen errusiar aberatsen artean (29.100 milioi dolar)[1].
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Metal fundizioko bi langileren semea da, Txerepovetsen jaioa.
Ekonomia ikasi zuen Leningradon eta titulua eskuratuta, bere jaioterrira itzuli zen eta Txerepovetsko Metalurgia Plantan (Txerepovetskom Metallurgitxeskom Kombinate zeritzona) lanean hasi zen 1988an. 1992rako enpresako finantzaburu bilakatu zen, eta zuzendariaren suhi ere bai (Juri Lipukhin zuzendariaren alaba Jelena Liphukinarekin ezkondu zen). Handik gutxira, Boris Jeltsinen lehen pribatizazio sisteman, kupoi-pribatizazioaren eskeman, bere aberastasuna eraiki zuen. 1993an, enpresaren akzioen %51 langileen artean kupoi bidez banatzekoak ziren, baina Lipukhinen enkarguz, Mordaxovek enpresako irabazien fondo batekin, diruz erosi zizkien kupoiak langile gehienei: likidezia behar zuten langileek, eta Mordaxov bezalako enpresako exekutibo arguek (zuzendari gorriak esaten zaie geroagoko literaturan), metodoak asmatu zituzten diruz merke ordaintzeko kupoiak, eta akzioak horrela poltsikoratzeko.
Izatez, Mordaxoven jokaldia are zurrunagoa izan zen: urte gutxiren buruan Lipukhin zuzendariak ikusi zuen bere izenean ere apenas zegoela ezer, eta akzioen multzoa Mordaxovek poltsikoratu zuela. Horrekin, Txerepovetsko metalurgiatik hasita, Severstal enporioa bihurtzen joan zen Mordaxov[2] [3].
1990eko hamarkadan, lehengai eta industria pisutsuko aberatsek ez zuten oligarken lehen lerro mediatikoa bete (finantzek eta hedabideek distirutsuagoak ziruditen), baina 1998ko krisiaren ondoren, eta 21. mendean Vladimir Putin buruzagi bihurtzearekin, sektore hauetan egin zen dirutza, eta hor are aberatsago bilakatu zen Mordaxov.
2015ean Severstaleko zuzendaritza utzi zuen Mordaxovek, baina akziodun nagusia izaten jarraitzen du. TUI Group bidaia eta turismo alorreko munduko enpresa handienetekoan %30a dauka, eta Power Machines elektrizitate sorkuntzako makinen enpresaren jabe da (Siemens-ekin joint venture bat), AEBen zigor ekonomikoek jo izan duten enpresa bat[1].2022ko Ukrainako inbasioaren ondorengo zigor ekonomikoen baitan Mordaxoven izena zigortu posibleen artean agertu izan da. Horren harira, bere jabetza batzuk emaztearen izenean (2.a, ez Txerepovetsko zuzendari haren alaba) jarri zituela argitaratu zen[4].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Ingelesez) «Alexey Mordashov & family» Forbes (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
- ↑ Fortescue, Stephen. (2006). Russia's oil barons and metal magnates : oligarchs and the state in transistion. Palgrave Macmillan, 47 or. ISBN 978-0-230-80074-8. PMC 314846612. (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
- ↑ Bouquet, Tim. (2009). Cold steel : Lakshmi Mittal and the multi-billion-dollar battle for a global empire. Abacus ISBN 978-0-349-12097-3. PMC 297800744. (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
- ↑ (Ingelesez) Duffy, Kate. «Russia's richest man Alexei Mordashov transferred control of a $1.1 billion stake in a mining company to his wife, filing shows» Business Insider (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).