Edukira joan

Aka Larentia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aka Larentia
Ezaugarriak
Sexuaemakumezkoa
Familia
Ezkontidea(k)Faustulo


Aka Larentia Erromaren sorrerari eta monarkiaren garaiari lotutako hainbat elezaharretako emakumezko pertsonaia izan zen. Halaber, emakume mitiko hau jainkotua eta gurtua izan zen antzinako Erroman.

Romulo eta Remoren amatzakoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aka Larentia Faustulo artzainaren emaztea zen. Faustulok, biki jaioberriak, Romulo eta Remo, Tiber ibaiaren ertzean aurkitu zituen otseme baten ondoan eta bere emazteari eman zizkion haz zitzan[1].

Larekiko lotura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontakizun hau mendeetan zehar aldatu egin zen eta, Augustoren garaian, Aka Larentiak hamabi seme-alaba izan zituela esaten zen; hamabiek amarekin batera Arvalak edo Arval anaien apaiz elkargoa sortu zuten (Fratres Arvales). Haietako bat hil zenean, Romulok hartu omen zuen haren lekua erlijio-funtzioetan [2][3]. Handik urte batzuetara, Romulo hil zenean Kirino jainkoarekin identifikatu eta jainkotu zuten. Aka Larentia hil ondoren, Quirinalis flamenak beteko zuen Romuloren lekua elkargoan, bere amatzakoaren hiletako errituak zuzentzeko. Larentia elkargo horretako Dea Diarekin identifikatzen da[3].

Erromako ongile

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste tradizio baten arabera, Larentia ospe handiko prostituta (scortum) eder bat zen, Romulo eta Remoren adin berekoa gutxi gorabehera, Anko Mantzioren erregealdian, K.a. VII. mendean. Gau batean, Herkulesen tenpluko zaindariak dado-partida bat jokatzeko erronka bota zion jainkoari. Irabazlearentzako saria afari bat eta prostituta baten zerbitzuak izango ziren[4]. Zaindari honek galdu zuen eta Aka Larentia izeneko meretriz ospetsu bat gonbidatu zuen gaua pasatzera eta jainkoarekin afaltzera. Herkulesek, jadanik haren beharrik ez zuenean, neskari aholkatu zion, ordain sari gisa, goiz hartan ikusten zuen lehen gizonak egingo zion proposamena onartzea. Plutarkoren arabera, tenplutik ateratzerakoan Karutio (edo Tarrutio[5]) izeneko etruriar aberats batek ikusi zuen eta, bere edertasunak erabat liluratuta, ezkontzeko eskatu zion. Larentiak onartu zuen eta, etruriarra hil zenean, haren ondasun guztien jabe egin zen eta, bera hiltzean, erromatar herriari utzi zizkion[6]. Argi dago legendaren bertsio hau Erromak aldarrikatutako lurraldeen jabetzari titulu juridikoak emateko sortua zela [7]. Ankok, donazio horregatik esker onez, Velabrumen ehortzi zuen, eta urtero jaialdi bat antolatu zuen, Larentalia izenekoa, zeinean jainko Larei sakrifizioak eskainiko zitzaizkien[8]. Plutarkok dio Larentia hori Faustulorekin ezkonduta zegoen Larentia ez bezalakoa zela, nahiz eta beste idazle batzuek, beren kontakizunak gizabanako berarenak balira bezala kontatzen dituzten.[2][9]

Tito Liviok idazten du Larentiari, bere bizimodu lizunagatik, artzainen artean "Otseme" ezizena jarri zitzaiola, eta hori izan zela istorio honen jatorria[1][10]. Beste bertsio batzuk diote Larentia ez zela Faustuloren emaztea, ezta Herkulesen ohekidea ere, artzainek Lupa zeritzan emagaldu bat baizik. Historia honen beste aldaera batzuk ere gordetzen dira[11]. Elezaharrak dioenez, prostituzioan bildutako dirutza erromatar herriari utzi zion.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Livy I, 4» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-02).
  2. a b «Auli Gellii Noctes Atticae: Liber VII, 7» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-02).
  3. a b «Pliny the Elder, Naturalis Historia, liber xviii, chapter 2» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-06-02).
  4. «Plutarch, Romulus, chapter 5, section 1» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-06-02).
  5. «Plutarch, Romulus, chapter 5, section 1» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-06-02).
  6. «Plutarch, Romulus, chapter 5, section 4» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-06-02).
  7. (Gaztelaniaz) Grimal, Pierre. (1984). Diccionario de mitología griega y romana. Bartzelona: Paidós, 2 or. ISBN 84-7509-053-2..
  8. «Plutarch, Romulus, chapter 4, section 3» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-06-02).
  9. «Plutarch, Romulus, chapter 5, section 5» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-06-02).
  10. «Lactantius: Divinarum Institutionum Liber I, 20» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-16).
  11. (Gaztelaniaz) «2. ACA LARENTIA» CONDITIO FEMINAE I: Marginación y visibilidad de la mujer en el Imperio Romano 2022-02-22 (Noiz kontsultatua: 2023-06-02).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]