2010eko Kirgizistan hegoaldeko liskar etnikoak
2010eko Kirgizistan hegoaldeko liskar etnikoak | |
---|---|
Mota | bortxakeria etnikoa |
Honen parte da | 2010eko Kirgizistango iraultza |
Denbora-tarte | 2010eko ekainaren 10a - 2010eko ekainaren 16a |
Kokaleku | Kirgizistan |
Herrialdea | Kirgizistan |
Pertsona hilak | 893 |
Pertsona zaurituak | 1.900 |
2010eko Kirgizistan hegoaldeko liskar etnikoak (kirgizeraz: Ош коогалаңы; uzbekeraz: Qirgʻiziston janubidagi tartibsizliklar, Қирғизистон жанубидаги тартибсизликлар; errusieraz: Беспорядки на юге Киргизии) Kirgizistango kirgizen eta uzbekoen arteko borrokak izan ziren, 2010eko ekainean Ferganako haranean gertatu zirenak, Ox eta Jalal-Abad hirien inguruetan.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdialdeko Asian dute jatorria kirgizek eta uzbekoek. Musulmanak dira bi etniak. Kirgizak nomadak ziren jatorriz, eta abeltzaintzara bideratu zuten euren zeregina; uzbekoak, berriz, lurra lantzeaz gain, merkataritzan aritzen ziren, Zetaren Bidea baliatuta.[1] 1917-1930 bitartean marraztu zituzten sobietar kartografoek Kirgizistan, Tajikistan eta Uzbekistanen arteko mugak.[2] Muga artifizial horiek talde etnikoak sakabanaturik utzi zituzten.[3]
Kirgizistango biztanleen % 70 kirgizak dira eta % 15 uzbekoak. Ferganako haraneko zenbait gunetan, baina, beste aldera egiten du balantzak: kirgizak baino gehiago dira uzbekoak leku horietan. Eta zenbakietan gain hartzen dietelako, Uzbekistanek aukera baliatuko duen beldur agertu dira maiz; euren lurrak okupatuko dituzten beldur, hain zuzen. 1990ean, uzbekoen eta kirgizen arteko liskarrak piztu ziren Ox hirian; orduan 300-600 lagun hil ziren, eta sobietar tropak bidali behar izan zituzten borrokak amaitzeko.[3]
Gertaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2010eko ekainaren 9ko gauean, ehunka gazte kirgiz eta uzbekoren arteko borrokak hasi ziren Ox hirian; zenbait lekukoren arabera, 1.000-3.000 lagunek hartu zuten parte horietan. Harrika, burdinazko makilekin eta su-armekin eraso zioten elkarri. Ox erdialdeko denda ugaritako kristalak apurtu zituzten, eta kalean aparkatutako ibilgailu asko erre. Hiri erdialdean soilik, bi taberna eta hotel bat, antzoki bat eta farmazia bat erabat txikituta geratu ziren, suteen ondorioz. Uzbekoak gehiengo diren Txeriomuski auzunean ere suteak piztu zituzten. Barrikadak eraiki zituzten, berriz, hiriko hainbat kaletan. Gutxienez 45 lagun hil ziren, eta 630etik gora zauritu.[4]
Istiluak Ox hirian hasi arren, azkar zabaldu ziren inguruko barrutietara eta Jalal-Abad hirira. Konfrontazioak kontrolatu ahal izateko, Kirgizistango behin-behineko gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen. Astebetean 400.000 lagunek egin behar izan zuten ihes etxetik. Uzbekistanek aurreneko aldiz historian ireki zien muga iheslariei. Alta, ireki eta berehala itxi zuen, iheslari gehiago jasotzeko baldintzarik eta lekurik ez zuela argudiaturik. Ehun mila uzbekok zeharkatu zuten muga, baina beste milaka desplazaturik gelditu ziren, asko meskitetan, eraikin publikoetan, etxaldeetan eta inguruko herrietan babesturik, eta beste asko aterperik gabe. Iheslari gehienak haurrak, emakumeak eta edadetuak ziren.[1]
Biktimak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2010eko ekaineko liskarretan 500 pertsona inguru hil zituzten (900 beste iturri batzuen arabera) eta milaka zauritu. Biktima gehienak uzbekoak izan ziren. Pogromek 400.000 desplazatu eragin zituzten, Uzbekistanen babestu ziren 100.000 errefuxiatu barne.[5]
Erantzukizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak azaldu zuenez "egindako ikerketatik ondoriozta dezakegu erasoak sistematikoak izan direla, bereziki uzbekoak bizi diren auzoetan egindakoak. Hainbat kasutan, oso ondo antolatuta zeuden erasotzaileak". Borroketan parte hartu izana zuzenean egotzi ez bazien ere, segurtasun indarrek erasoekin zeresana izan zezaketela ohartarazi zuen.[6]
Borrokak hasi zirelarik, Roza Otunbaieva zen behin-behineko presidentea, apirilaren erdialdean Kurmanbek Bakiev agintetik kendu baitzuten, hainbat egunez protestak izan ostean. Bakievek hegoaldean zuen bereziki sostengua, eta gobernuak hari leporatu zion indarkeriaren erantzukizuna. Abian jarritako prozesu politikoa zapuztea izanen zen haren helburua.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Berasain, Kristina. Kirgizistango gatazka. Kaltea ezin da neurtu. Berria, 2010eko ekainak 19 , CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-5).
- ↑ 10 Things You Need To Know About The Ethnic Unrest In Kyrgyzstan. Radio Free Europe/Radio Liberty, rferl.org (Noiz kontsultatua: 2022-2-5).
- ↑ a b Zubiaurre, Ixiar. Kirgizistango gatazka. Diktadoreak, sobietarren oinordeko. Berria, 2010eko ekainak 19, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-4).
- ↑ Sokarros, Allande. Kirgizistanen 45 lagun hil dira eta 630etik gora zauritu borroketan. Berria, 2010eko ekainak 12, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-5).
- ↑ A decade on, what has been learnt from Kyrgyzstan's 2010 clashes?. opendemocracy.net (Noiz kontsultatua: 2022-2-6).
- ↑ Zubiaurre, Ixiar. Erreferendumak berriz borrokak eragin ditzakeela ohartarazi dute. Berria, 2010eko ekainak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-6).