Nafar Herriaren Batasuna
Nafar Herriaren Batasuna[oh 1], Herri Nafarraren Batasuna[1] edo Union del Pueblo Navarro[2] (berezko izena, gaztelaniaz: Unión del Pueblo Navarro, herri nafarraren batzea esan nahi du), gaztelaniazko UPN siglaz ezagunagoa, Nafarroa Garaiko alderdi politiko erregionalista nagusia da. 1979an sortu zen, bereziki Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren batasunaren aurka zeuden Nafarroa Garaiko eskuineko espainiar nazionalisten joeren bategitetik. 1991tik 2008ra bitartean Alderdi Popularraren (PP) ordezkaria izan da Nafarroan; akordioa hautsi arte. 2015eko irailaren 27tik alderdiaren presidentea José Javier Esparza da.
Nafar Herriaren Batasuna Unión del Pueblo Navarro (UPN) | |
---|---|
Idazkari nagusia | Oscar Arizkuren |
Sorrera | 1979 |
Egoitza nagusia | Vianako Printzearen plaza, 1. Iruñea Nafarroa, Euskal Herria |
Ideologia politikoa | Espainiar nazionalismoa, eskuin politikoa, kontserbadurismoa, kristau demokrazia, liberalismoa, espainiar nabarrismoa, espainiar unionismoa |
Eserlekuak erakundeetan | Espainiako Diputatuen Kongresuan 0 / 350 Espainiako Senatuan 1 / 266 Nafarroako Parlamentuan 15 / 50 Zinegotziak Nafarroan 281 / 1.889 |
www.upn.org |
Egoitza nagusia Iruñean du, Vianako Printzearen plazan.
2015 arte Nafarroako Gobernua ia bi hamarkada luzez UPNren eskutan egon zen, baina 2015eko Nafarroako Legebiltzarrerako Hauteskundeen ondoren, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdiek koalizio aurrerakoi batean elkartu eta boteretik kanporatu zuten, ondorioz gaur egun oposizioan dago.
Ideologia
aldatuEuskal abertzaletasuna, independentismoa eta batez ere Nafarroako Foru Erkidegoa Euskal Autonomia Erkidegoarekin bat egitearen oso aurkako jarrera izan du beti[3][4], azken hori alderdiaren sorrera eta izatearen arrazoi bakarra dela ere leporatu izan diote. Ziurrenik, Euskal Herria osoan dauden espainiar alderdi unionisten artean Ikurrinarekiko jarrera oldarkor edo aurkakoena duen alderdia ere bada[5][6].
Bere burua alderdi eskuindar, kontserbadore, eta nafartzale gisa aurkezten du. Nafartzale (navarrista) eta foruzale terminoak monopolizatzen saiatu eta abertzale eta euskaltzale terminoekin kontrajartzeko joera ere badu, nahiz eta nabartzaleak eta foruzaleak diren nafar abertzale eta euskaltzaleak ere badaudela ongi jakin. Sortu zenetik, Nafarroako Foru Erkidegoa Euskal Autonomia Erkidegoarekin bat egitearen aurka agertu da.
Hori dela eta, gogor agertu da erakunde publikoetan eta Nafarroa iparraldean ez beste Nafarroa guztian euskara eraginkorki erabiltzearen kontra. 2020ko ekainean, "pistolekin edo pistolarik gabe Nafarroa euskaldundu nahi izatea" leporatu zion Nafarroako Gobernuari.[7] Bada, Euskaraldiaren kontra ere agertu dira, Navarra Suma koalizioaren barnean.[8] Ahotan hartu izan dute diskurtso politikoan euskal ezaugarriak adierazten dituzten historiako eta geografiako elementuak, haien kontra gogor eginez eta historian Gaztela-Espainia aldeztuz.[9] Euskal Herriko mapak edo Euskal Herria izena erabili edo erakustea gaitzesten ditu, adoktrinaziotzat joz.[10]
Egungo legezko egoera linguistikoa, hiru eremutan (euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna) banandutakoa, mantentzearen alde egiten du. UPNn izatez, politikari nafar euskaldun edo euskal hiztun bakan batzuk badaude, baina euskara egunerokotasunean erabili, hizkuntza praktikoa izan edo euskarazko hezkuntza eta bereziki D eredua Nafarroa osora hedatzearen aurka azaldu eta nafar elementu folklorikoa edo apaingarri soila izatea defendatu izan dute.
Historia
aldatuSorrera eta lehen urteak
aldatuEspainiako Konstituzioa Onartzeko Erreferendumetik hilabetera, UPN 1979ko urtarrilaren 3an sortu zen, Iruñeko Gabriel Erdozain notario aurrean sinatutako eskritura bidez. Ideiak eta estatutuak Jose Angel Zubiaurrek prestatu zituen, Jesús Aizpun Tueroren mandatuz, Zubiaurrek Aizpúnen biografian azaldu bezala. Beraz, ez zen alderdiaren eraketa biltzarrik antolatu, notario aurreko egintza baizik. José Ángel Zubiaur, María Isabel Beriain, Ramón Echeberría, Javier Chourraut, Miguel Aramendía, eta Javier Gomara eman zuten izena akta horretan: azken hori presidente hautatu zuten. 1979ko martxoko hauteskundeetara aurkeztu eta eserleku bat lortu zuen, 28.000 boto bilduz eta, hartara, alderdiaren biziraupena bermatuz.[11]
« | Uste dugu Nafarroa ezin daitekeela jo ez historikoki, ez arrazaz, ez hizkuntzaz, ezta ekonomiaz ere Euskal Herriko zatitzat [País Vasco], ezta Nafarroa eta Espainia ez den beste entitate bateko zatitzat ere. | » |
—Jesús Aizpún El Diario de Navarran, Espainiako erregeari adierazitakoaz, 1979[12] |
Urte horrexetako udal hauteskundeetan, Iruñean bost zinegotzi eskuratu zituzten, eta Nafarroako eskuineko bigarren indar bilakatu. Ekintza publikoak eta ardura publiko egokitu berriak "Aizpún klana" deitutakoaren abokatu bulegoko kideek eta senitartekoek bete zituzten. 1981ean egin zuten lehen biltzarra, Navarra unida lelopean. Une horretan, hainbat ardura esleitu ziren, ia denak ingurune haietakoak. Ospakizunak ez zuen aktarik utzi, Patxi Zabaletak jendarteko eta propagandako ekintza hustzat dauka.[11]
UCDko kideen sarrera handia eta foru gobernua
aldatuEspainiako UCD zentro-eskuineko alderdiaren desagerpenarekin, 1983an, alderdi horretako kideen bi herenak UPNn sartu ziren. 1987an Iruñeko alkatetza lortu zuten Javier Chorrautekin eta, 1991n, Nafarroako presidentetza. Espainiako PPrekin elkarlanerako akordioa sinatu zuten 1991n ere. Itun horren arabera, UPN alderdi horren ordezkaria izan zen Nafarroan eta, Espainiako mailako hauteskundeetan, UPN PPren taldearekin elkartu zen, talde berean egoteko.
1995 Juan Cruz Alli Arangurenek, garai hartako UPNko Nafarroako presidenteak, CDN sortu zuen, UPNtik zatiketa eraginez. Hurrengo hauteskundeetan, Allik gobernu taldea sortu zuen PSN eta EArekin, UPN oposiziora eramanda. UPNk irabazi zituen 1995eko maiatzeko hauteskunde horiek, baina jarrera erasokorra hartu zuen CDNrekin, eta gobernuz kanpora geratu zen.[13]
Gobernuak EAEarekin egiteko asmo zuen organo komuna, 1980ko hamarkada hasieratik euskal abertzaleak ez ziren taldeek nola edo hala babestua, eta orduan UPNk, Miguel Sanz buruan zuela sutsuki aurka egin zion aukera horri, Madrilen Aznarrekin UPNk zuen hitzarmena berrituz eta Espainiako presidentearekin organo hori eragoztea adostuz.[13] Hurrengo astean, Diario de Navarra egunkariak PSNren Suitzako finantza irregularrei buruzko informazio batzuk atera zituen.[13] 1996an, Javier Otano gobernuko lehendakariak (PSN) Urralburu kasuan parte hartu zuela jakinarazi zen.
Otanoren dimisioarekin, PSNk muzin egin zion gobernuan jarraitzeari, eta Miguel Sanz lehendakaria izatea ahalbidetu zen. Hortik aurrera, Nafarroako presidentetza UPNren esku geratu da, azken urteotan bere zatiketa CDNrekin egindako hitzarmenari esker. 2007ko hauteskundeetan, UPN-CDN koalizioak gehiengo absolutua galdu arren, oposizioak (Na-Bai, PSN eta IUN-NEB) ezin izan zuen boterea eskuratu, PSOEk PSNri gobernu horretan parte hartzea galarazi baitzion. Hortaz, legegintzaldi horretan ere UPNk boterean segitu ahal izan zuen Nafarroan.
UPN-PP akordioa
aldatu1991tik 2008ra UPN eta Espainiako Alderdi Popularraren artean akordioa izan zen: haren arabera, UPN PPren ordezkaria zen Nafarroan, eta PP UPNrena Espainiako eta Europako instituzioetan. Itun horri esker lortutako emaitza onak gorabehera, 2000ko urteetan, Miguel Sanzek autonomia gehiago eskatu zion PPri Espainiako Parlamentuan, batik bat Na-Baiko Uxue Barkosenak zirudielako nafarren ahots bakar[14]. PPk muzin egin zion proposamenari.[15]
Nolanahi ere, bi alderdien arteko benetako krisia 2008ko urrian gertatu zen. Espainiako Aurrekontu Orokorren bozketan UPNko diputatutak abstenituko zirela aditzera eman zuen Miguel Sanzek, PPk kontra bozkatzen bazuen ere. Gainera, PSNk jakinarazi zuen Nafarroan UPNren aurrekontuen alde bozkatzeko prest zegoela, Madrilen UPNk egiten zuena egiten zuela. Hala ere, urriaren 10ean UPNren Kontseilu Politikoak abstenitzeko erabakia hartu zuen[16].
Diputatuen Kongresuko bozketan, UPNko diputatu batek, Carlos Salvadorrek, alderdiak esan zuen bezala egin zuen, baina besteak, Santiago Cerverak, ez zuen hala jokatu, horrela UPN eta PPren arteko ituna errespetatzen ari zelakoan[17]. Horiek horrela, urriaren 22an, Alderdi Popularrak UPNrekiko harremanak "etetea" erabaki zuen[18]. Askoren ustez, tartean Yolanda Barcina[19], ituna guztiz ez apurtzea oraindik posible bazen ere, UPNk Santiago Cervera eta Jaime Ignacio del Burgo alderditik bota zituen[20]. Horrela, urriaren 28an PPk akordioa apurtutzat jo zuen, Nafarroako Alderdi Popularra sortuz[21].
Yolanda Barcinaren presidentetza
aldatuYolanda Barcina 2009an bihurtu zen alderdiko buru, VIII. Batzarrean. Alberto Catalán buruordea izan zen, eta, Carlos Garcia Adanero, idazkari nagusia. 2011ko maiatzean hauteskundeak egin ziren Nafarroako Parlamenturako. UPN alderdirik bozkatuena izan zen eta 19 eserleku erdietsi zituen, aurrekoan baino 3 gutxiago. PPk —1987z geroztik bere izenarekin aurkezten zen lehendabiziko aldian— 4 lortu zituen. Emaitza horien ondorioz, UPNk eta PSNk gobernu hitzarmena adostu zuten, eta Yolanda Barcina Nafarroako lehendakari izendatu, PSNko Roberto Jiménez lehendakariorde zuela. Maiatz horretako udalerrietako hauteskundeetan UPNk Nafarroako zenbait alkatetza garrantzitsu eskuratu zituen, hala nola Iruñekoa, Tuterakoa, Tafallakoa, Lizarrakoa, Barañaingoa edo Zizur Nagusikoa.
Alderdi Popularrarekiko harremana 2008an hautsi arren, UPN harekin batera aurkeztu zen 2011ko azaroan Espainian egin ziren hauteskunde orokorretara; Bilduk eserlekurik ez lortzeko, PPren esanetan.[22] UPNk 1. eta 3. postuak lortu zituen Kongresuko zerrendan, eta 1.a eta 2.a Senatukoan. Halaber, hitzartu zen UPNko diputatuak talde mistoan sartuko zirela, baina Mariano Rajoyren hautagaitza eta haren aurrekontuak babestuko zituztela. Zerrenda bateratu horrek bi diputatu eskuratu zituen Kongresuan (bata, UPNkoa; bestea, PPkoa) eta 3 Senatuan. Hartara, Carlos Salvador izan zen berriz ere UPNko diputatu bakarra.
2012ko ekainaren 14an, Yolanda Barcinak Roberto Jiménez lehendakariordea gobernutik egotzi zuen, leialtasunik gabe jokatu zuela leporatuta.[23] Berehala, PSNko bi kontseilariek (Anai Astiz eta Elena Torres) dimititu zuten. Gobernu hitzarmena modu horretan hautsita, UPNk ez zuen behar adina eserleku Parlamentuan legerik aurrera eramateko. Hortaz, 2013ko aurrekontuak 2012tik luzatu ziren. Testuinguru horretan, CANeko dieten eskandalua zabaldu zen. 2013ko martxoan jakinarazi zen Yolanda Barcinak eta Miguel Sanzek, besteak beste, 2010eko abuztutik 2011ko ekainera arte dieta bikoitzak kobratu zituztela egun berean CANeko Sortzaileen Batzorde Iraunkorrean, bi bileraren artean tarte bat utzita.[24]
Parlamentuak dimititzeko eskatu zion Barcinari martxoaren 11n,[25] baina Barcinak ez zuen dimititu. Martxoaren 17an, UPNren IX. Batzarrean, Alberto Catalán presidenteordearekin lehiatu zen Yolanda Barcina alderdiko presidentetza lortzeko, eta Barcina garaile irten zen, tarte txiki bati esker.[26].2014ko azaroan, Yolanda Barcinak adierazi zuen Nafarroako gobernuko presidentea izateko ez zela UPNren zerrendaburua izango 2015eko foru hauteskundeetan, baina 2017 arte UPNko buru segituko zuela.[27][28]
2014ko azaroaren 17an, José Javier Esparza Nafarroako Gobernuko kontseilariak adierazi zuen Nafarroako Parlamenturako UPNren zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztuko zuela[29].UPNn zatiketa handia zen.[30] Azkenik, UPNko Kontseilu Politikoan botoa emandako 208 kideetatik 128k (% 61) bozkatu zuen Esparza, Foru Erkidegorako hurrengo hauteskundeetarako lehendakarigaia, Barcinaren ordez; Alberto Catalánek, berriz, 79 boto lortu zituen (% 39)[31]. 2015eko martxoan, Barcinak amaitutzat jo zuen UPNko krisia,[32] baina urte bereko ekainean, Barcinak iragarri zuen politika eta UPNko presidentetza utziko zituela, hauteskundeen ondoren UPN Foru Erkidegoko gobernua galtzear zenean.[33] UPN oposiziora pasa zen Nafarroa Garaian, 1996tik lehen aldiz.
Oposizioan, Navarra Suma
aldatu2016an, UPNk Mariano Rajoyren Espainiako gobernuaren aurrekontuen alde bozkatu zuen Espainiako Kongresuan PPrekin batera.[34] 2018ko maiatzean, Rajoyren aurrekontuak ez babestearekin mehatxatu zuen baldin eta euskal presoak hurbiltzen bazituen.[35] Hargatik, azkenean babestu egin zituen, "Nafarroarako babes ekonomikoa, foru erkidegoaren errealitate instituzional bereizia eta ETAren terrorismoaren biktimen errespetua" aipatuz.[36]
2019ko martxoaren 11n, UPNk koalizio bat eratu zuen Ciudadanos eta PPrekin hurrengo hauteskundeetan Nafarroako Gobernua sostengatzen zuen aliantza progresistaren kontra jotzeko; koalizioak "Espainiako konstituzioa" hartu zuen goiburutzat eta Navarra Suma deitu zioten.[37] 2019ko azaroan, UPN garaile izan zen Nafarroa Garaian Espainiako hauteskunde orokorretan, Navarra Suma koalizioan bi diputatu lortuta.[38] 2020ko ekainaren 11n, UPN alderdiak frankismoko torturatzaileei eta Giza Eskubideen urraketan inplikatutako funtzionarioei sariak eta dominak kentzearen kontra bozkatu zuen Espainiako Kongresuan.[39]
2022ko otsailean, UPNk Espainiako Gobernu ezkertiarraren lan erreformari baiezkoa bozkatzea adostu zuen PSOErekin; ordainetan, PSNk Maya alkatearen aurrekontuen alde bozkatu behar zuen Iruñean, eta ez zuen arrazakeriagatik gaitzetsiko, PPrekin lerrokatzeko UPNren joera hautsiz. Aldiz, Espainiako Parlamentuan, Sayas eta García Adanero UPNko parlamentariek ezkutatu egin zuten lan erreformaren kontra bozkatzeko asmoa zutela. Hala egin zuten ere UPNko zuzendaritzaren aginduen kontra. Horren ondorioz, alderdiko kontseilu politikoak UPN ordezkatzeko ahalmena kendu zien eta bi urte eta erdiz kanporatu zituen alderditik.[40][41] Martxoan, bi kide kanporatuek iragarri zuten plataforma politiko bat sortu zutela, 631 kidez osatua, Esparzak arbuiatu zuena.[42] 2022ko abenduaren 12ko kongresuan, UPNk aho batez erabaki zuen hurrengo hauteskundeetan Navarra Sumaren formula ez errepikatzea, PSNra hurbiltzeko bidea irekiz.[43]
Emaitzak hauteskundeetan
aldatuNafarroako Parlamenturako
aldatuUrtea | Botoak | Ehunekoa | Eserlekuak |
---|---|---|---|
1979 | 40.764 | % 16,06 | 13 |
1983 | 62.072 | % 23,51 | 13 |
1987 | 69.419 | % 24,84 | 14 |
1991[44] | 96.005 | % 34,95 | 20 |
1995[45] | 93.163 | % 31,34 | 17 |
1999 | 125.497 | % 41,37 | 22 |
2003 | 127.460 | % 41,48 | 23 |
2007 | 139.122 | % 42,20 | 22 |
2011 | 111.474 | % 34,5 | 19 |
2015 | 92.705 | % 27,44 | 15 |
Espainiako Gorteetarako
aldatuUrtea | Botoak | Ehunekoa | Eserlekuak | Parlamentariak |
---|---|---|---|---|
1979 | 28.248 | %11,17 | 1 | Jesús Aizpún |
1982 | 76.255 | % 25,59 | 2 (UPN-AP-PDP) | Jesús Aizpun Ignacio Javier Gomara Granada |
1986 | 80.922 | % 29,63 | 2 (AP-PL-UPN) | Jesús Aizpún Luis Fernando Medrano |
1989 | 92.216 | % 33,18 | 3 (UPN-PP) | Jaime Ignacio del Burgo Tajadura |
1993 | 112.228 | % 36,13 | 3 (UPN-PP) | Jaime Ignacio del Burgo Tajadura |
1996 | 120.335 | % 37,12 | 2 (UPN-PP) | Jaime Ignacio del Burgo Tajadura José Cruz Pérez Lapazarán |
2000 | 150.995 | % 49,89 | 3 (UPN-PP) | Jaime Ignacio del Burgo Tajadura José Cruz Pérez Lapazarán Eva Gorri Gil |
2004 | 127.653 | % 37,60 | 2 (UPN-PP) | Jaime Ignacio del Burgo Tajadura Carlos Salvador |
2008 | 131.618 | % 39,29 | 2 (UPN-PP) | Santiago Cervera Carlos Salvador |
2011 | 126.101 | % 38,18 | 2 (UPN-PP) | Santiago Cervera Carlos Salvador |
Presidenteak
aldatu- Javier Gomara, 1979-1985
- Jesús Aizpún Tuero, 1985-1997
- Miguel Sanz Sesma, 1997-2009
- Yolanda Barcina, 2009-2015
- José Javier Esparza, 2015-2024
- Cristina Ibarrola 2024- [46][47]
Ikus gainera
aldatuOharrak
aldatu- ↑ Batasun hitzak batez ere nolakotasuna adierazten du, hau da, gaztelaniazko "unidad" esan nahi du. Gaztelaniazko "union" edo bat egitea adierazteko Euskaltzaindiaren hiztegian batze hobesten da.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Paia, Fredi. (2018-07-11). «Jai level» Gara.
- ↑ «Berria Estilo Liburua - Hiztegia» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-04-01).
- ↑ UPN alerta de que "la integración de Navarra en Euskadi está en marcha". 2015eko ekainaren 2a. Eldiario.es (Gaztelaniaz)
- ↑ UPN y PP se quedan solos para bloquear la anexión de Navarra a EuskadiUPN y PP se quedan solos para bloquear la anexión de Navarra a Euskadi. 2011ko azaroaren 14a. Elpais.es (Gaztelaniaz)
- ↑ NaBaik jarririko ikurrinaren aurka jotzeko eskatuko die Sanzen Gobernuak epaitegiei. 2007ko urriaren 2a. Gara.net
- ↑ "Ikurrina inposatzeko kanpaina bat" martxan jarri izana leporatu dio UPNk EH BIlduri, eta hari "amore ematea" Uxue Barkos presidenteari. Lizarrako jaien hasieran gertatutakoari erreferentzia eginez, berriz, Nafarroako bandera "arbuiatu" izana salatu dute: "Bigarren mailan jarri zuten, ikurrinari lehentasuna emanez, eta Barkos presidenteak eta haren gobernuak ez zuten ezer egin". Txupinazoan Lizarrako udaletxean ikurrina jarri izana salatuko dute auzitegietan. 2015eko uztailaren 31. Berria.info
- ↑ «'UPNk ez du jakin euskararen aurkako jotzen gaituztenei aurre egiten'» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-06-22).
- ↑ «Nafarroako Legebiltzarrak Euskaraldia babestea ekidin du Navarra Sumak» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-02-06).
- ↑ «Navarra Sumak euskaldunen erreferentziak kendu nahi ditu Iruñeko historiari buruzko ikasmaterialetatik» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-02-06).
- ↑ «Catalanek Nafarroako testuliburuetan "doktrinamendua galarazteko" neurriak eskatu ditu Espainiako Senatuan» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-11-05).
- ↑ a b Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 305-306. or.
- ↑ Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 307. or.
- ↑ a b c Senar, Joxerra. «Eta Pandoraren kutxa ireki zen» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-09).
- ↑ Sanz defiende que no es ningún "estrambote" que UPN tenga un grupo en el congreso Miguel Sanzen hitzak: "PPri ere komeni zaio UPNk bere kabuz hitz egitea komeni zaio, Nafarroa Bai gutxiengoa dela argi erakusteko".
- ↑ https://cadenaser.com/ser/2007/08/20/espana/1187567416_850215.html
- ↑ http://www.abc.es/20081010/nacional-politica/ruptura-entre-evidencia-segun-200810102036.html
- ↑ http://www.diariodenavarra.es/20081022/navarra/cervera-desobedece-upn-vota-pp-contra-presupuestos.html?not=2008102211415659&idnot=2008102211415659&dia=20081022&seccion=navarra&seccion2=politica&chnl=10
- ↑ Diario de Navarra: PPk UPNrekiko harremanak eten ditu
- ↑ http://www.elcorreodigital.com/vizcaya/20081024/politica/arreglo-entre-posible-como-20081024.html "Gauzak horrela, UPN eta PPren artean konpondu gaitezke."
- ↑ http://www.rtve.es/noticias/20081027/upn-suspende-militancia-cervera-que-voto-con-contra-los-pge-del-burgo/184548.shtml
- ↑ PPk alderdia sortuko du Nafarroan[Betiko hautsitako esteka] Berria, 2008ko urriaren 28a
- ↑ «UPN encabezará la coalición con el PP | elmundo.es» www.elmundo.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-12).
- ↑ http://www.diariodenavarra.es/noticias/navarra/mas_navarra/2012/06/15/barcina_destituye_jimenez_83706_2061.html
- ↑ http://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/1279266/can-dietak--catalanek-bere-testuinguruan-kokatu-ditu-caneko-dietak/[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ http://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/1282460/can-auzia--nafarroako-parlamentuak-barcinaren-dimisioa-eskatu-du/[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ https://web.archive.org/web/20130322042557/http://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/1288238/upnren-kongresua--barcina-eta-catalan-aurrez-aurre/
- ↑ «Yolanda Barcina ez da berriz izango Nafarroako gobernuko presidentea», EiTB, 2014-11-10
- ↑ «Barcina: 'Kopilotua izango naiz orain, eskatzen didaten bitartean'» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
- ↑ «Esparzak UPNren zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztuko du»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-11-17
- ↑ Joxerra Senar, «Batasunetik gutxi du UPNk», Berria, 2014-11-28
- ↑ «Esparza: "Bidea ez da erraza izango, baina elkarrekin egonda eramangarriagoa da"», Berria, 2014-11-30
- ↑ «UPNko krisia 'amaitutzat' eman du Barcinak» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
- ↑ «Barcinak politika utzi du eta UPNko presidentetzari uko egin dio» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) El Congreso rechaza, con los votos del PP y UPN, las enmiendas a la totalidad de los Presupuestos 2016. 2015-08-27 (Noiz kontsultatua: 2022-02-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Press, Europa. (2018-05-10). «UPN amenaza con rechazar los Presupuestos si Rajoy acerca a los presos» elperiodico (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2018-05-22). «UPN apoyará los Presupuestos del Estado tras alcanzar un acuerdo con Mariano Rajoy» naiz: (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
- ↑ Berria. «UPN eta Ciudadanos elkarrekin aurkeztuko dira foru bozetara, Navarra Suma izenarekin» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-02-06).
- ↑ «Nafarroan Navarra Suma garaile eta EH Bilduko Bel Pozuetak eserlekua lortu du» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-02-06).
- ↑ www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2020-06-12).
- ↑ Senar, Joxerra. «Sayas eta Adaneroren aurka bozkatu du UPNren «%80 inguruk»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-02-06).
- ↑ Senar, Joxerra. «Garcia Adanerori eta Sayasi UPNko militantzia etengo diete bi urte eta erdiz» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-02).
- ↑ Lartzanguren, Edu. «Alesbesko Udalak kartelak zentsuratu ditu euskaraz ere egoteagatik, salatu dutenez» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-11).
- ↑ Martin, Xabier. «UPN bere markarekin lehiatuko da 2023an, Navarra Suma bazter utzita» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
- ↑ Urte honetatik aurrera PPrekin koalizioan aurkeztu zen
- ↑ Urte honetatik aurrera CDN eszisioa ere aurkeztu zen hauteskundeetan
- ↑ «Ibarrola UPNko presidente aukeratu dute, botoen % 81 emanda» EITB 2024-04-28 (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Organización» UPN : Unión del Pueblo Navarro (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
Bibliografia
aldatu
- Esparza Zabalegi, Jose Mari; Aoiz, Floren; Zabaleta, Patxi. (2016). Tres tristes trileros; Arbeloa, Del Burgo y Aizpún. Tafalla: Txalaparta SL ISBN 978-84-16350-64-3..
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) UPNren webgunea