Manfredo Tafuri (Erroma, 1935eko azaroaren 4a - Venezia, 1994ko otsailaren 23a) italiar arkitektoa eta arkitekturaren historialaria izan zen. 1968. urtetik aurrera Veneziako Arkitektura Institutuan jarri zituen abian Tafurik bere ikerketak, eta egitarau pedagogiko berritzailea osatu zuen. 60ko hamarraldiaren hasieran, Casabella-Continuita aldizkariko erredakzioan parte hartu zuen. Mugimendu modernoaren historiaren azterketa kritikoa egitea zen aldizkari haren asmoa. Veneziako Institutuan Massimo Cacciari, Francesco Dal Co, Marco de Michelis eta beste hainbat historialari gazte ezagutu zituen, eta ezagutza horren ondorioz, muturrera eraman zuen Tafurik Bruno Zeviren historia operatiboaren kritika. Tafurik egin zuen garrantzizko lehenengo lanean, Théories et histoire de l´architecture (Arkitektura-teoriak eta historia), 20ko hamarraldiko abangoardiako teoriaren eta proiektuen arteko kontraesanak aztertu zituen, eta nabarmen utzi zuen bere adostasuna arrazionalizazio kapitalistaren lanekin. Gogoeta horietan oinarrituta, Tafurik hamabost urtez lan egin zuen talde bat osatu zuen, 1968. urteaz geroztik Europan indar handiaz aritu zena. Bestalde, talde hura izan zen Roland Barthes, Michel Foucault eta Walter Benjaminen irakurketatik ondorioztatutako metodoak arkitekturara eraman zituen lehena. Bere kide eta laguntzaileekin hainbat eraikuntza kolektibo egin zituen errusiar abangoardiako arte eta arkitekturari buruz, Ameriketako hirigintzari buruz eta Alemaniako gizarte-erreformaren arkitekturari buruz. 80ko hamarraldiaren hasieran, Manfredo Tafurik lekuz aldatu zuen ikerketa-zentroa. La Sfera e il labirinto argitalpenaren ondoren, XX. mendeko abangoardiei buruzko lana amaitutzat eman zuen, eta Veneziako Errenazimentuaren azterketari ekin zion. Baina hiriarekiko interesaz gainera, Rafael, Jules Romain edo Andrea Palladiori buruzko azterketak ere egin zituen. Tafuriren liburuek harrera ona izan zuten 70eko hamarraldian, Frantzian, Espainian eta Estatu Batuetan.

Manfredo Tafuri
Bizitza
JaiotzaErroma1935eko azaroaren 4a
Herrialdea Italiako Erresuma  (1935eko azaroaren 4a -  1946ko ekainaren 18a)
 Italia  (1946ko ekainaren 18a -  1994ko otsailaren 23a)
HeriotzaVenezia1994ko otsailaren 23a (58 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: bihotz-biriketako geldialdia
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakarkitektoa, architectural historian (en) Itzuli, historialaria eta arte-historialaria
Jasotako sariak

Erreferentziak

aldatu