Herri kirol
Herri kirolak abeltzaintza, nekazaritza, arrantza eta artisautza jardueretan oinarriturik Euskal Herrian industrializazioaren aurretiko garaietatik jokatu izan diren kirolak dira.
Batez ere indarra eta erresistentziari loturiko kirolak dira, nahiz eta zenbaitzuetan zalutasunak eta bizkortasunak ere garrantzia baduten. Gehienetan teknikak ere zeresan handia du.
Izena
aldatuHerri kirol izena nahiko modernoa da; Ipar Euskal Herrian, bestalde, indar joko esan izan zaie kirol horiei.[1]
Jatorria
aldatuHerri kirolen jatorria garai bateko lan jarduerak aisialdira bideratzea izan da. Abeltzain, nekazari, arrantzale nahiz artisauek ogibidez egin behar zituzten zenbait lan kirol bilakatu dira denborarekin, indartsuago, bizkorrago, trebeago... nor zen erakutsi nahian.
Jatorriz ez zeuden txapelketa moduan antolatuta, desafio eta apostuen logikaren mende baitzeuden.
Herri kirol modernoenak industrializazio garaikoak dira, harri zulaketa eta idi probak, kasu.
Herri kirolen zerrenda
aldatuEusko Jaurlaritzak 2006an aurrera eramandako Plan Estrategikoaren arabera, herri kirol kategoria dutenak 18 dira. Horrenbestez, herri kirolen ikurra H18K da. Hurrengo hauek, hain zuzen:
Aizkora proba
aldatuAizkora proba Munduko hainbat lekutan egiten den enborrak mozteko kirolaren euskal aldaera da. Kirolariei aizkolariak esaten zaie. Kirol honen jatorria ez da zuhaitzak moztea, egurra moztea baizik. Zehazki, diametro jakin bateko enbor kopuru zehatz bat aizkora bidez ebakitzean datza. Enborrak lurrean jarri ohi dira, aldez aurretik jarrera horizontalean prestatuta, eta hainbat aizkolarik aldi berean, bakoitza enbor baten gainean zutik, enborra mozten dute. Kirola honen euskal aldaeran pago-egurra erabili ohi da, eta enborrak azalik gabe prestatu ohi dira. Euskal proben ezaugarri nagusia, abiadura baino (australiar eta kanadarretan bezala), erresistentzia da. Tradizioz, aizkolariak korrikalariak ere izan ohi ziren, eta enborrak mozteko proba konbinatuak egin ohi ziren oinezko lasterketekin. Frontoietan, zezen-plazetan eta herrietako plazetan jokatu ohi da kirol hau. Kirol honetako lehiaketa nagusia Urrezko Aizkora da, urtero egiten dena.
Sega jokoa
aldatuSega jokoa segak erabiliz, azalera jakin bateko belardi batean eta aldez aurretik ezarritako denbora epean, ahalik eta belar kilo gehien moztean datza. Kirolariei segalari izena ematen zaie. Hau ere ez da Euskal Herriko kirol esklusiboa, Alpeetan (Suitza), Alemanian, Austrian, Eslovenian, Italian (Hego Tirol) eta Balkanetan (Bosnia-Herzegovina) ere egiten baita.
Harri-jasotzea
aldatuHarri-jasotzea harriak lurretik altxatzeko euskal herri kirolen berezko modalitate bat da, eta honetan bi jokalari lehiatzen dira, forma, neurri eta pisu desberdineko harriak ahalik eta gehienetan altxatuz. XX. mendearen hasieran, harrien pisuak arautu ziren, normalean granito trinkoz eginak daudenak. Harrien lau forma geometriko bereizten dira: zilindrikoa, kubikoa, esferikoa eta paralelepipedo angeluzuzena.
- Zilindro formako harria 100, 112'5 eta 125 kg-ko pisu txikienentzat gordetzen da.
- Harri kubikoa eta angeluzuzena 125 eta 212'5 kg artekoa da.
- Harri esferikoa edo bola 112'5 eta 125 kg-ko pisuetan lantzen da.
Horretaz gain, kolore iluneko harria edo harri beltza fabrikazio-material preziatuenetakoa da, batez ere Zumarragako eta Lasturreko harrobietatik datorrena. Harri-jasotzaile ospetsuenetako bat Iñaki Perurena da, 1999an 100 kg-ko harri-jasotze jarraituen errekorra lortu zuena 5 ordu, 4 minutu eta 46 segundoan. 300 kg edo gehiagoko harriak jaso zituen lehen harri-jasotzailea ere izan zen, eta 1994an 322 kg-ra iritsi zen. Emakumeek ere lekua dute kirol horretan: erreferentea Idoia Etxeberria Ikutza da, 163'4 kg-ko harri jasotzearen errekorra baitu.
Sokatira
aldatuSokatira herri kirolen modalitate bat da. Zortzi partaidtako taldeetan jarrita, taldekide guztien pisuak gehituz, gehieneko pisu jakin bat gainditu gabe, talde batek beste talde baten aurka jokatzen du. Beraz, sokatira bi talderen arteko norgehiagoka da: soka lodi bati helduta, talde bakoitzak aurkaria indarrez bere eremura arrastaka eramatea du helburu.
- Kategoria ezberdinak daude:
-Belarra (outdoor) / goma (indoor).
-Gizonezkoak / emakumezkoak.
-Seniorrak (18 urtetik aurrera) / juniorrak (15-18 urte).
- Taldeak pisuaren arabera sailkatzen dira, lehiaketan parte hartzeko (480 kg arte, 520 kg arte...).
Taldeak 8 jokalariz osaturik egoten dira. Taldekideren batek min hartuz gero, gainerako 7 jokalariek lehian segi dezakete, baina kopuru txikiagorik ez da onartuko. Talde bakoitzak entrenatzaile eta botilero bana izan ditzake.
Kirol jantziak eta materialak:
- Jantzi babesgarriak eraman daitezke kirol arroparen azpitik. Gerrikoa eramatekotan, arroparen gainean jarri beharko da.
- Soka hobeto eusteko eskuetan bakarrik erabil daiteke erretxina.
- Belarretan aritzeko oinetako bereziak erabiliko dira, beti ere inolako gehigarririk gabe. Aldiz, goman aritzeko, kiroldegietan erabili ohi diren oinetakoak jantziko dira.
Lehiaketak eta puntuaketak:
- Norgehiagoka bakoitza bi tiralditan egiten da.
- Txanpona airera botaz erabakiko du talde bakoitzak joko-eremuaren zein aldetan hasi lehiaketa. Lehen tiraldiaren ondoren, bi taldeak lekuz aldatuko dira. Berdinketa egon eta hirugarren tiraldia beharrezkoa bada, berriz zozketa egingo litzateke.
- Tiraldia irabazteko bi aukera daude: batetik, sokaren ertzeko markaren batek lurreko erdiko marra gainditzea (belarretan) edo sokaren ertzeko marrak lurreko beste aldeko marra gainditzea (goman); bestetik, epaileak aurkako taldea kaleratzea.
Puntuaketa:
- Talderen bat bi tiraldietan nagusituz gero, 3 puntu jasoko ditu; aldiz, galtzaileak 0 puntu.
- Taldeek tiraldi bana irabaziz gero, bakoitzak puntu 1 irabaziko du.
Epaileak:
- Epaile nagusia: arauak betearaziko ditu, seinaleen kodea erabiliz.
- Marrazain edo alboetako epailea: epaile nagusiari taldeen arau-hausteen berri emango dio seinaleen bidez.
- Pisatzeaz arduratzen den epailea.
Lasto altxatzea
aldatuLasto altxatzea ahalik eta fardo gehien altuera jakin batean altxatzean datza, polea baten laguntzaz.
- Probak bi minutu irauten du. Fardoak 45 kg izango ditu gizonezkoentzat eta 30 kg emakumezkoentzat. Egiturak 7 metroko altuera izango du gizonentzat eta 5 metrokoa emakumeentzat. Altxatzea ontzat emateko, beharrezkoa izango da fardoari lotzen dion korapiloak polea ukitzea.
- Lehenengo jasoaldia sokatik gogor tiraka egiten da; hurrengoetan, berriz, gorputzaren pisua erabiltzen da kontrapisu gisa. Fardela lurrerantz doanean, zorua ukitu baino lehentxeago, sokari gogor heltzen zaio eta fardoa erortzeko indarra aprobetxatzen da kirolaria gorantz igotzeko[2].
Lasto botatzea
aldatuLasto botatzea lastozko fardel bat barra horizontal baten gainetik pasaraztean datza, sarde baten laguntzarekin.
- Modalitate horren jatorria lastoa gurdietara biltzea dela esaten da. Modalitate hori gehienbat Iparraldean praktikatzen zen, baina gaur egun oso hedatuta dago beste lurraldeetan. Altuera-jauzian bezala, barra altuago jartzen da kanporaketa bakoitzean.
- Euskal Herrian ez ezik, Irlandan, Eskozian eta Australian ere praktikatzen da. Herrialde bakoitzak bere araudia erabiltzen du, baina oinarria bera da guztietan[3].
Lokotx biltzea
aldatuLokotx biltzea ahalik eta denbora laburrenean lokotx kopuru jakin bat bildu eta saski batean sartzean datza, lokotxen artean 1'25 metroko tartea utziz. Arauak:
- Jokalekuaren bazter edo gune batean partaide bezainbeste saski edo otar ezarriko dira. Otar guztiak berdinak izango dira.
- Hauek dira lokotxen neurriak: 14-20 zentimetro arteko luzera; zilindro itxurakoak badira, 2'5-3 zentimetro arteko diametroa.
- Saskitik 1'25 metrora lehen lokotxa kokatuko da, handik 1'25 metrora bigarrena, eta horrela, 25.era arte.
- Jokoa 50 sokorretara luzatzen bada, gune bakoitzean 2 lokotx jarriko dira; 75 lokotxetara bada, 3 ale; 100 lokotxetara eginez gero, 4 sokor.
- Partaide bakoitzak bere otarrean lokotx guztiak jaso behar ditu banan-banan. Sokor bat saskian sartu ez bada, jokalariak ezingo dio hurrengoa jasotzeari ekin.
- Nahi gabe jokalari batek lokotx bat saskian sartuko balu aurrekoa saskiratu baino lehen, epaileak zigortu egingo luke partaide hori, sartu gabeko sokorra zegokion tokian baino urrunago ezarriz.
- Jokalariak nahi duen hurrenkeran bil ditzake lokotxak.
- Emakumezkoek 50 lokotx bilduko dituzte.
Lokotx-bilketarako artaburuari artoa kendu eta gelditzen den lokotxa erabil daiteke, edo makiltxoak, pilotak, baloiak, jertseak, puxikak, etab. Hauek biltzeko otarrak, kaxak, zakuak eta horrelakoak erabil daitezke.
Trontza
aldatuTrontza bi helduleku dituen trontza edo arpan izeneko zerra motarekin egiten den herri kirola da. Lurretik 45 eta 50 zentimetro altuera artean dagoen etzandako enborra ebakitzean datza. Bi kirolari jarduten direnez, bien artean koordinatu behar dira trontzaren alde batetik edo bestetik tira egiteko. Trontzan diharduenari trontzalari edo arpanlari deritzo.
- Mozketaren ondorioz lortutako trontzak osorik atera behar dira, epaileek horiek baliozkotzat emateko. Gizonezkoek guztira 22 ebakidura egin behar izaten dituzte, eta emakumezkoek, berriz, 10. Lasterren ebakitzen duen bikotea da garailea.
- Herri kirol hori Pirinioetako mendi-herrietan egiten da gehienbat.
Zaku eramatea
aldatuZaku eramateak zaku bat bizkar gainean distantzia mugatuan ahalik eta azkarren egitea helburu du. Jokoak garai bateko mugalarien lana irudikatzen du, non maiz zakua bizkarrean Guardia Zibilarengandik ihesi joan behar zuten. Lasterketa banaka nahiz taldeka, erreleboetan, egin daiteke. Gehienetan jokalari bakoitzak zeharkatu behar duen distantzia 120 metrokoa da eta zakuak 80 eta 40 kilokoak izaten dira (gizonezko eta emakumezkoen lasterketetarako, hurrenez hurren).
Orga jokoa
aldatuOrga jokoaren funtsa orga bati ahalik eta bira gehien emanaraztea da. Orga lurrari lotuta dago mutur batean. Jokalariak orgari atzeko aldetik heldu behar dio eta birak eman behar dizkio, orgaren gurpilak lurrik ukitu gabe.
Ingude altxatzea
aldatuIngude altxatzea epe mugatu batean ingudea ahalik eta aldi gehienetan altxatzean datza. Ipar Euskal Herrian tradizio handia du.
- Ingudea tresna bat da, errementariek erabiltzen zutena. Errementariek ingudea bizkarrean eraman ohi zuten norabait lan egitera zihoazenean. Beraz, haien artean lehiaketa sortu zen. Hasieran ingude handiak mugitu arren, laster probetarako ingude txikia erabiltzen hasi ziren, ea nork altxaldi gehiago egin.
- Arauzko ingudeak 18 kg dauzka gizonentzat, eta 10 emakumeentzat. Altxaldiak egiteko "U" itxura duen metalezko zutoin bat erabiltzen dute, eta probak minutu bat eta hogeita hamar segundo irauten du.
- Jose Lapatzaran bizkaitarrak du errekorra, ehun altxaldi eginda.
Harri zulaketa
aldatuHarri zulaketa harrizko blokeak kolpeen bidez eta barra metaliko batekin biratuz zulatzean datza.
- Herri kirol hau lan tradizionaletik dator, baina meatzaritzan du jatorria, nekazaritzan beharrean. Horrela zulatutako zuloetan dinamitazko kartutxoak jartzen ziren, arroka lehertzen zutenak.
- Bizkaiko mendebaldeko meatze-eremu zaharretan egiten da.
Txinga eramatea
aldatuTxinga eramatea pertsona batek plaza batean leku batetik bestera txinga bana eskuekin eramatean datzan herri kirola da.
- Kirol hau normalean 28 metroko plaza batean jokatzen da. Distantzia horrek plaza edo iltze izena jasotzen du.
- Ez dago denbora mugarik eta txingak ez du lurra ukitu behar, bestela epaileak amaitutzat ematen baitu saioa.
- Txingak distantziarik luzeenean eramaten dituenak irabazten du.
Ontzi eramatea
aldatuOntzi eramatea, normalean, esne latak eraman eta ekartzeko herri kirolari deritzo. Esku bakoitzean lata bat hartu eta ahalik eta azkarren ekarri behar da, barrukoa erori gabe eta latekin lurra ukitu gabe. Txinga eramatearen oso antzekoa da.
Giza probak
aldatuGiza proba herri kirol bat da probarri izeneko arroka astun bat denbora mugatu batean ahalik eta distantzia luzeenean garraiatzean datzana. Taldeka nahiz banaka jokatu daiteke eta harritik tiratzeko kirolariak kate batez harria lotzen duen gerriko bat jartzen du.
Jokatzeko modua:
- Atzerantz tiratuko da.
- Bidea plazan eta joan etorrian egiten da.
- Erreka harri biribilez egindako plazetan lehiatzen da normalean harriak ondo irrista daitezen.
- Gerria ahalik eta tinkoen mantentzea eta lan gehiena hankekin egitea ezinbestekoa da.
Zaldi probak
aldatuZaldi proba zaldi batek probarri bat denbora jakin batean ahalik eta distantzia luzeenera eraman behar duen animalia proba da. Probetan 900 kilo inguruko harriak erabiltzen dira. Proba hauek Bizkaian dute ospe gehiena. Aipagarria da Lea-Artibai eskualdean dagoen zaletasuna, edota Berangon ospatzen den Jose Antonio Landa Memoriala. Gipuzkoan ere zaletasun handia dago[4].
Idi probak
aldatuIdi proba, idi pare batek (batzuetan idi kopurua handiagoa bada ere) 1.500 eta 4.500 kilogramo arteko probarria probaleku edo plaza batean zehar, denbora mugatu batean, ahalik eta distantzia luzeena (untze izeneko unitatetan neurtuta) egitea helburu duen herri kirola da. Idiak gidatzen dituenari idi-probalari edo akuilari deritzo[5].
Asto probak
aldatuAsto proba asto batek probarri bat denbora jakin batean ahalik eta distantzia luzeenera eraman behar duen animalia proba da. Probetan 600 kg inguruko harriak erabiltzen dira. Proba hauek Bizkaian dute ospe gehien, eta nabarmentzekoak dira Mendatan, Errege egunean egiten diren probak[6].
Bestelako kirolak
aldatuProba hauetaz gain, badira tradizioa duten beste kirol edo joko batzuk, askotan herri kiroltzat hartzen direnak.
Antzara jokoa
aldatuAntzara-jokoa Euskal Herriko zenbait puntutan egiten den jokoa da. Jokoaren helburua, oinetatik zintzilik dagoen antzara bati lepoa kentzea da. Jokoaren aldaerarik ezagunena Lekeition urtero irailaren 5ean izaten den Antzara Eguneko lehiaketakoa da. Bertan, portuko uretan dagoen parte-hartzaileak, portua alde batetik bestera gurutzatzen duen soka baten erdialdean oinetatik eskegita dagoen antzara bat lepotik heldu eta, soka tenkatuz eta laxatuz doan heinean, gora eta behera ibiliko da. Uretan sartu eta irten arituko da, lepoa kendu ala antzarak eskuetatik ihes egiten dion arte.
Dena den, beste era batera ere jokatzen da, lehorrean zehazki. Antzara Lekeition bezalatsu eskegitzen da, baina ez da gora eta behera mugitzen, alta, geldi geratzen da bere lekuan. Lepoa kentzeko, parte-hartzaileak, zaldi gainean antzararen azpitik behin igaroz, eskua luzatu eta burutik egiten dio tira antzarari. Biriatun behintzat, antzara azpitik igarotzen den lehen parte-hartzaileari erregea deritzo eta ezpatarekin jotzen du hegaztia. Lehorreko aldaera hori Sara, Zuraide, Biriatu, Ainhoa, Ahetze eta Urruñako auzo Oletan egiten da jaietan eta, Markina-Xemeinen, inauterietan.
Nahiz eta iraganeko jokoetan antzarak bizirik egoten ziren, gaur egun hilik daudela egiten dira joko hauek, animaliaren sufrimendua saihesteko.
Bola jokoa
aldatuBola-jokoa, jatorria nekazaritza- edo itsaso-lanetako jardueretan ez duen herri kirol bakanetariko bat da. Jokoaren helburua da jaurtigai batekin (gehienetan bola esferikoak) itu batzuk (txirlo, birlo, pirla, pirle, birla, brila, txirla... deituak) eraistea, horretarako prestatutako ingurune batean (bolatoki, bolaleku, karrejo edo boladera). Jaurtigaia botatzen duen jokalariari bolari deritzo. Aldaera asko dira Europa osoan eta, Euskal Herriari dagokionez, jokoa arruntagoa izan da Hegoaldean azken mendeetan, bereziki Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, eta maila apalago batean Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Euskal Herrian jokatzen diren aldaeretan, txirloen forma, kopurua eta kokapena aldatzen dira, hala nola, bolaren forma eta bolatokiaren trazadura. Bolak hiru motatakoak dira gehienetan: hiru zulokoak, esku-zulokoak eta esku-azpikoak. Hiru zuloko bolek hiru atzamar sartzeko hiruna zulo izaten dituzte; esku zulokoek bi zulo izaten dituzte, batean atzamar lodia eta bestean eskuko gainerako atzamarrak sartzeko balio dutenak; azkenik, esku-azpikoek ez dute inolako zulorik; eta, aurreko bi motak baino arinagoak izanik, esku-azpiaren gainean jarrita jaurtitzen dira.
Traineru estropadak
aldatuTraineru estropadak Euskal Herrian eta Kantauri osoan praktikatzen den herri kirola da, traineruekin, batelekin nahiz trainerillekin egina. Estropadak egiteko, ontziak, hainbat txandatan banatuta, distantzia jakin batean elkarren arteko lasterketa bat egiten dute. Estropada irabazten duen taldeak bandera bat jasotzen du saritzat, edota ligarako hainbeste puntu. Ia herri kirol guztiak bezala, estropadak ere garai bateko eguneroko lanean (kasu honetan, arrantzan) oinarritzen dira.
Palanka jaurtiketa
aldatuPalanka jaurtiketa kirol ezaguna zen antzina, baina gaur egun oso gutxi praktikatzen da. Euskal Herrian kirolik zabalduena izan zen, baina jaurtiketa olinpikoak (diskoa, mailua, pisua eta xabalina) zabaltzen zihoazen heinean, palanka-jaurtiketa desagertzen joan zen. Euskaldunek palanka harrobietan lan tresna gisa erabiltzen zuten. Jokoaren helburua palanka ahalik eta urrunen botatzea da. Horretarako erabiltzen den palanka, metalikoa eta neurri eta pisu desberdinetakoa izaten da. Arruntenak, 8, 10, 12 eta 25 librakoak izaten dira. Jaurtitzeko lekuak hasiera batean zelaiak ziren, eta gerora futbol zelaiak eta hondartzak erabiltzera pasa ziren.
Sagar biltzea
aldatuSagar biltzea sagardoa egiteko sagarren bilketa irudikatzen duen joko bat da. Jokoak zenbait aldaera ditu: Kizki Eguna izeneko jaian esaterako, benetako sagarrak belarrez estalitako azalera batean jarri eta jokalariek ahalik eta sagar kilo gehien bildu behar dituzte kizkiarekin (sagarrak biltzeko makil punta-zorrotza); beste aldaera batean, sagarrak irudikatzen dituzten plastikozko zulodun pilotak jartzen dira han eta hemen eta jokalariek ahalik eta pilota gehien bildu behar dituzte kizkiaz baliatuz.
Oilar jokoa
aldatuLegazpi eta Baztan dira Euskal Herrian oilar-jokoa gorde duten leku apurretakoak. Baztanen, inauteri aurreko ostegunean, orakunde egunez, ospatzen da (Erratzun oilar eguna deitzen omen dute); Legazpin, aldiz, Korpus zortzigarrenean ospatzen da, Euskal Herria plazan (udaletxea dagoen enparantzan). Enparantzaren azken moldaketan, milurteko honen hasieran, harlauza batean marraztua agertzen da oilarra. Hantxe kokatzen da oilarra, azken urteetan kaiolatua.
Toka
aldatuToka Euskal Herriko doitasun-joko tradizional bat da, metalezko piezak eskuz jaurtiz metro batzuetara dagoen toka izeneko txapa bat jotzea helburu duena. Piezak disko itxurakoak dira, 250 gramokoak, eta gutxi gora behera 6 cm-ko diametrokoak. Piezak 11-50 metroko distantzia batetik jaurti behar dira. Toka egurrezko kutxa ireki batean iltzaturik dagoen hiru cm-ko zabalera duen burdinazko txapa kurbatu bat da. Pieza batek toka edo txapa jotzen duenean kontatzen da tantoa (piezak txaparen aurka joz eragindako soinuaz erraz frogatzen da hau), betiere piezak aurretik lurra jo ez badu. Kutxaren neurriak gutxi gorabehera 60×60×60 cm-koak dira. Batzuetan, toka lurrean bertan iltzaturik agertzen da, plaza batean edo etxe bateko pareta ondoan. Txanda bakoitzean jaurtitako pieza kopurua aldakorra da tokiaren arabera (6-10) eta batzuetan, piezak bi eskuak txandakatuz jaurti behar zirela eta txanpon arruntak jaurtiz jokatzen zela ere jaso da.
Artzain-txakurren lehiaketak
aldatuArtzain-txakurren lehiaketa, artzain-txakur batek, artzainaren agindupean, artalde bat zaindu eta gidatzeko duen trebezia neurtzen duen lehiaketa bat da. Euskal Herrian artzain-txakurren ohiko zeregina artaldeak otso eta beste basapiztiengandik babestea izan da; horretarako, mota berezi bateko txakurrak erabiltzen zituzten, artzakurrak edo artzanorak. Euskal Herrian zakur hauek bi arrazakoak ziren, nafar artzanorak Hegoaldean eta Pirinioetako mendiko zakurrak Iparraldean. Dena den, bi arrazak oso antzekoak dira eta azken mendeetan baino ez ziren bereizi.
Ahari jokoa
aldatuAhari-jokoa, ahari-talka edo ahari-topeka Euskal Herriko joko tradizionala da, non bi artzainek prestatutako bi ahari aurrez aurre jarri eta borrokari ekiten dioten, apustu bat tarteko gehienetan. Jokoa zortzi kintze edo ekitalditan zehar burutzen da; ekitaldi horietan zehar irabazi-talka edo topekada gehien jo dituen ahari-jabeak irabazten du; kintze batean, ahari batek atzera egiten badu, jabeak aharia hartu eta berriz bestearen aurrean jartzeko aukera du. XX. mendearen bukaeratik, ahari-jokoak eztabaida bizia sortu zuen, animalien eskubideen aldeko eta jokoaren tradizioa aldezten dutenen artean. 2007 urtean, Eusko Jaurlaritzak Iurretako jaietan ospatzen ziren ahari-jokoak debekatu zituen.
Aker proba
aldatuAker proba dema proba bat da, non akerrak probarriari tira egiten dion. Idi demaren antzerako proba da. Denbora jakin batean ahalik eta plaza gehien egitean datza, eta proba honen inguruan apustuak egiten dira. Azken urteetan Euskal Herriko hainbat jaietan ospatzen dira aker demak.
Txapelketak
aldatuHerri kirol bakoitzak bere txapelketa izaten du. Kirolari kopuruaren arabera herrialdeetako txapelketak egiten dira eta denek badute Euskal Herriko txapelketa. 1987 urtetik aurrera Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketa jokatzen da urtero euskal herrialdeen artean.
Herri kiroletan berezia dugu Euskal Pentatloi Saria, bost herri kirol batera hartzen dituena. 1980ko hamarkadan hainbat edizio izan ondoren 2018an abiatu zen berriro.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Iñaki Perurena «'4.denbora': Peio Dospital 'Doxpi'» telebista saioan[Betiko hautsitako esteka].
- ↑ «LASTO ALTXATZEA - Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundea» Bizkaiko Herri Kirolak (Noiz kontsultatua: 2022-05-25).
- ↑ «LASTO BOTATZEA - Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundea» Bizkaiko Herri Kirolak (Noiz kontsultatua: 2022-05-25).
- ↑ «ZALDI PROBAK - Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundea» Bizkaiko Herri Kirolak (Noiz kontsultatua: 2022-05-25).
- ↑ «IDI PROBAK - Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundea» Bizkaiko Herri Kirolak (Noiz kontsultatua: 2022-05-25).
- ↑ «ASTO PROBAK - Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundea» Bizkaiko Herri Kirolak (Noiz kontsultatua: 2022-05-25).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Euskal Herriko Kirol eta Jokoak webgunea.
- Bizkaiko Herri Kirol Federakuntzaren webgunea.
- Gipuzkoako Herri Kirol Federakuntzaren webgunea.
- Nafarroa Garaiko Herri Kirol Federakuntzaren webgunea.
- «Herri kirolak zulotik atera nahian. Nola egin herri kirolak erakargarri kalekumeari?» erreportajea Argia astekarian (2007-04-29).
- «Emakumeak herri kiroletan» erreportajea Argia astekarian (2007-03-04).