Francesco Guardi
Francesco Guardi (Venezia, 1712ko urriaren 5a - Venezia, 1793ko urtarrilaren 1a) italiar margolaria eta diseinatzailea izan zen. Hasierako lanetan Tiepoloren molde barrokoak eragin handia izan zuen Guardiren obran, baina ondoren Veneziako eskolan lan egin zuen, eta eskola horretako azken margolari ospetsua izan zen. Veneziako ikuspegiak margotu zituen.
Francesco Guardi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Venezia, 1712ko urriaren 5a |
Herrialdea | Veneziako Errepublika |
Heriotza | Venezia, 1793ko urtarrilaren 1a (80 urte) |
Familia | |
Aita | Domenico Guardi |
Ama | Maria Claudia Pichler |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Leinua | Guardi family (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria eta artista grafikoa |
Altuera | 132 zentimetro |
Lantokia(k) | Venezia |
Lan nabarmenak | |
Influentziak | Michele Marieschi |
Mugimendua | Rokokoa |
Genero artistikoa | Vedutismoa paisaia margolaritza |
Paisaiagile gisa nabarmendu zen batez ere, eta lirismo eta sentiberatasun handiko koadroak egin zituen oro har. Aipagarriak ditu aintzira inguruko paisaiak eta ohitura koadroak. Lehenengoetan intentsitate poetiko bikaina iritsi zuen kolore urdinen gamaren, ortzi-muga urrunen eta zeru-goien adierazpenaren bidez, eta bigarrenetan, berriz, Veneziako gizartearen ezaugarriak adierazi zituen.
Marieschiren eta Canalettoren lantegietan egin zituen lehen ikasketak, eta anaia Gian Antonioren zuzendaritzapean lan egin zuen Guarditarrek Venezian zuten lantegian, 1730etik 1760ra gutxi gorabehera. Irudi historikoak egin zituzten batez ere, baina Francescoren kasuan bereziki aipagarria da, bai garai hartako obretan eta bai bere karrera guztian zehar, pertsonaiak eta irudiak paisaiari edo giroari atxikitzeko zuen trebetasuna. Anaiak baino fantasia, arintasun eta argitasun handiagoko lanak egin zituen orokorrean Francesco Guardik. Anaiarekin elkarlanean egin ez zituen margolanak aipagarriak dira, batez ere, koloreen kontrastearen bidez eta irudi inguru hautsi eta sartu-irten ugarikoen bidez lortzen zuen dramatismoagatik. Arreta berezia eskaini zien jaioterriko eszenei eta paisaiari, hasi Marco Ricciren kapritxoak oinarri harturik egindako irudizko ikuspegietatik eta Tobiasen bizitzako eszenak (Angelo Raffaele eliza, Venezia) obraraino. Francescoren ezaugarrien erakusgarri dira, orobat, Santua estasian (Trentoko museoa) edo Alegoriak (Sarasotako Ringling museoa).
1760an anaia hil zelarik hasi zen hil ondoren Venezian ez ezik nazioartean ere ospea emango zioten uharteak egiten. Lehen esan bezala, hasieran Canalettoren eta Ricciren eragina izan zuen, aintziren ikuspegietan ikus daitekeenez, baina 1760ko hamarraldian garbi-garbi erakutsi zuen bere estilo propioa, batez ere kolorea argitan difuminatzeko joeran antzematen dena.
Canalettoren konposizio zorrotz eta egitura garbiak alde batera utzirik, paisaien interpretazio fantastikoagoa egiten hasi zen, eta Canalettoren arkitektura osagaien argazki moduko irudien ordez kutsu erromantikoagoko irudiak osatu zituen; argiaren dardara biziaren eraginez hirietako arkitektura osagaiak aintziraren giro zilar-kolorekoan urtzen direla dirudi. Garai eta joera harri dagokio, adibidez, Gondola aintziran (Poldi-Pezzoli bilduma, Milan) obra.
1782. urtean Pio IV.a Aita Santuak Veneziara egin behar zuen bidaia zela-eta antolaturiko ospakizunetarako margolan batzuk egiteko enkargu ofiziala jaso zuen (gaur egun hainbat museotan sakabanaturik, Cleveland, Oxford eta Milango bilduma pribatuetan besteak beste); eta enkarguak jaso zituen, halaber, Errusiako artxidukeen aldetik.
Azken urteotako obretan ere behin eta berriro utzi zuen agerian, aurreko aldian bezala, bizitasun fantastikoa eta erritmikoa, bere marrazkietan ere ikusten denez.
Argazki galeria
aldatuErreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francesco Guardi |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.