Enpresaburu
Enpresa bateko buruzagitzan dagoen definizioaz gaindi, enpresaburu kontzeptuari buruzko iritzi eta teoria ezberdinak plazaratu dira historian zehar. Enpresako kapitalista zein zuzendari moduan definitu da. Tradizionalki enpresaren jabea eta enpresaburua identifikatu izan dira: alegia, negozioa martxan jartzeko edo mantentzeko kapital ekarpena egin duena izan da enpresaburua. Beste alde batetik, ordea, berrikuntza ekartzea, negozio-aukerak aurrez ikustea, balioa sortzea edota langileen zapaltzaile izatea ere aipatu dira enpresaburuen ezaugarri nagusitzat. Ideologia marxistan, enpresaburu da bere esku dagoen kapitalari esker eta botere politikoaz baliatuz langileak esplotatzen dituen pertsona bat, proletargoaren aurkako burgesia klasean sailkaturik. Nolanahi ere, kapitalismoan lehen mailako eragiletzat jotzen dira, enpresak sortzen, kudeatzen eta hazkunde ekonomikoa aurrera eramaten baitituzte; eta, areago, eredutzat ere hartu ohi dira, bere ekimenari eta adimenari esker aurrera atera, merezita aberastu eta gizarteari ekarpen handiak egiten dizkion pertsonaia moduan.
Enpresaburua pentsamendu ekonomikoan
aldatuPentsamendu ekonomikoa garatu ahala, ekarpen desberdinak egin dira enpresaburuaren irudiaz. Enpresaburu nozioa Richard Cantillon irlandar ekonomialariak erabili zuen lehen aldiz XVIII. mendean, honela definituta: «jarduera ekonomikoak abiarazi eta kapitala jartzen duen pertsona, betiere ziurgabetasun eta arrisku ingurune batean». Jean-Baptiste Say ekonomialariak, berriz, baliabideak produktibitate txikiko jardueretatik aberastasuna dakarten jardueretara daramatzan eragile rola eman zion. Gainera, enpresaburuak, kapitalistak ez dituen beste funtzio batzuk ere badituela ulertu zuen: faktore guztien bateratzaile gisa definitu zuen, ekoizpenaren balioarekin faktore horiek ordaindu eta mozkina sortzea baitu helburua. Ekonomista klasikoek, Adam Smithek eta David Ricardok, besteak beste, enpresaburua kapitalistarekin parekatzen dute; hau da, kapitala arriskatzen duen pertsonarekin. Pentsamendu marxistan ere, enpresaburua eta lan indarra ustiatzen duen kapitalista identifikatzeko joera da nagusia. John Stuart Mill izan zen enpresaburua kudeatzailetzat ikusi zuen lehena, XX. mendean enpresaren jabearen eta enpresaren kapitalisten artean izango zen bereizketa aurreikusiz.
Alfred Marshallek enpresaren zuzendaritza faktoreari ekoizpen-faktorearen eginkizuna esleitu zion, eta garrantzi berezia eman zion bere garaian sortzen ari ziren enpresa handi batzuen sorkuntzan. Enpresaburuaren eginkizuna ulertzeko bi ikuspegi garrantzitsu Joseph Schumpeteren enpresaburu berritzailearen teoria eta Frank H. Knighten enpresaburu-arriskuaren teoria dira. Schumpeter austriar ekonomistarentzat enpresaburuaren eginkizun nagusia berrikuntza prozesuaren ondorioz sortzen diren asmakizun teknologikoen erabilera komertziala aurkitzea da, nola produktu hala prozesuetan. Knigthentzat, berriz, enpresaburuaren eginkizun nagusia arriskua bereganatzea da; izan ere enpresaburuak enpresa-jardueraren emaitza ekonomikoak ziur ezagutu aurretik, faktoreen ordainketa aurreratu egiten baitu. Schumpeteren arabera, enpresaburuaren mozkina, hark egiten duen berriztatze-lanak justifikatzen du. Knigthen arabera, berriz, bereganatzen duen arriskuaren ordain gisa ulertu behar da. Azkenik, aipagarria da, baita ere, John Kenneth Galbraith estatubatuar ekonomista heterodoxo ezagunaren ekarria. Autore horren arabera, herrialde garatuetan sortutako neurri handiko enpresak ezin ditu pertsona bakar batek zuzendu; aitzitik, teknikari profesional talde handi bat behar da enpresa horien zuzendaritzaz arduratzeko, hala nola ekonomistak, ingeniariak, abokatuak edo politikariak. Horiek guztiek enpresen teknoegitura osatzen dute Galbraith-en esanetan, eta egitura horren aldean enpresaren akziodunek ez dute inolako botere eta aginterik.
Enpresaburuaren funtzioak
aldatu- Ekintza-plan bat egitea: unean uneko egoera ekonomikoa aztertu eta haren diagnosia egin ondoren; hau da, merkatu-azterketa egin eta kontsumitzailearen nahiak interpretatu ondoren.
- Kudeatzea edo antolatzea eta koordinatzea.
- Kontrolatzea.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.