André Robert
André Robert (New York, AEB, 1929 – Montreal, Kanada, 1993) kanadar zientzialaria izan zen. New Yorken jaioa zen arren, gaztetan emigratu zen Kanadara, Quebec-era, hain zuzen, eta hango hiritartasuna eskuratu zuen 1967. urtean. Unibertsitateko ikasketak Laval Unibertsitatean egin zituen lehenik, eta zientzietako lizentzia eskuratu zuen gero, 1952an; ondoren, Torontoko Unibertsitatean jardun zuen 1953 arte, eta, azkenik, doktoregoa atera zuen McGill Unibertsitatean, 1965ean. Kanadako Meteorologia Zerbitzuan hasi zen lanean, eguraldi-iragarpenak egiten, baina 1959an ikerketa-sailera aldatu zuten, eta han hasi zen eguratsari buruzko iragarpenak egiteko ereduak prestatzen. Bera izan zen, hain zuzen ere, eguratsaren zirkulazio orokorra konputagailu baten bidez arrakastaz itxuratzen lehenengoa. 1963 eta 1970 bitarteko urteetan, Robert izan zen munduko zientzialari bakarra eguraldi-iragarpenak egiteko eredu espektrala eta eskema sasilagrangetarra erabili zituena, ordura arteko metodo lagrangetarrak eta berak sorturiko eskema erdi inplizituak erabiliz. Alor horretan lanean ziharduten beste hainbat ikertzailek ez bezala, Robertek zenbakizko metodo eraginkorrak diseinatzen zituen lehenik, zehaztasun-maila gorena lortzeko moduan, ahalik eta kalkulu eta eragiketa gutxien eginez. Berak diseinaturiko metodoak luzerako eguraldi-iragarpenak egiteko eta eguraldiari buruzko ikerketak egiteko ereduetan erabiltzen dira gaur egun.
André Robert | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | New York, 1929ko apirilaren 28a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Montreal, 1993ko azaroaren 18a (64 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Torontoko Unibertsitatea Laval Unibertsitatea McGill Unibertsitatea |
Jarduerak | |
Jarduerak | meteorologoa |
Jasotako sariak |
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.