Edukira joan

Regina Raull

Wikipedia, Entziklopedia askea
Regina Raull

Bizitza
JaiotzaBilbo1931ko otsailaren 12a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaMexiko Hiria2019ko azaroaren 14a (88 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
Genero artistikoaMexikar muralismoa

Regina Margarita Raull Martín (Bilbo, 1931ko otsailaren 12-Mexiko Hiria, 2019ko azaroaren 14) euskal margolaria izan zen. Zortzi urtekin familiarekin erbesteratu zen, beraz erbestealdiaren bigarren belaunaldikoa izan zen, eta mexikora joan ziren. Mexikon ezagutzera eman zen eta muralista izan zen.[1]

Raull Martín familiak 1939an Pirinieoetatik Frantziara gurutzatu zuen. Estatu horretan egon ziren La Salle transatlantikoan Amerikako bidea itsasontziratu arte, hasiera batean Dominikar Errepublikara. Herrialde horretara 1939ko abenduaren 19an heldu ziren; han bi urte egon ziren baina egoera ekonomikoa ikusita, aitak, José Raull Bellido, Mexikora joatea erabaki zuen. Reginaren Mexikoko lehenego urteak erbesteratuen zirkuluetan izan ziren, batez ere López kalearen inguruan, 2010etik Espainiako Erbestearen Bidea bezala ezagututa. Reginak, bere anai-arrebekin, Jose eta Hada, Madril ikastetxean ikasi zuen eta gero Luis Vives institutuan, biak erbesteratuak sortuak.

Unibertsitatean Regina Raullek Arte Plastikoen Eskola Nazionalean ikasi zuen. Une horretan ezagutu zuen Mexikoko errealitatea eta hango margolariak. 1910eko Mexikoko Iraultzak muralismoa plazaratu zuen; ondorioz, Margolaritzaren Eskola Mexikarra sortu zen, hiru izen handiekin lotuta: Diego Rivera, David Alfaro Siqueiros eta José Clemente Orozco. Errealismoaren aurrean margolari hauek Rufino Tamayok “errealismo magikoa” bezala definitu zuen estiloa bultzatu zuten. Errealismo horretan elementu indigeneek garrantzi handia zuten baina baita ere Europa joera eta estilo berriak. Reginaren lehenengo lanak esparru horretan kokatu behar dira, nahiz eta gero abstraziora jo. Muralismoa gizonezkoen eskuetan egon da baina emakume batzuek ere landu zuten; emakumeen adibide gehienak Chapultepec basoan eraiki zen Antropologiako Museo Nazionalean (1964) non zortzi emakume margolarien muralak ikus daitezkeen, tartean Regina Raullena, La educación del niño en la época mexica oleoa alegia (Haurraren heziketa mexika garaian). Ez zen hau bere murak bakarrak; beste batzuk Haur Psikiatriaren Ospitalean Tlalpan-en (1967), Asistentziako Ospitalean, e.a.

Publizitatearen munduan 60. eta 70. hamarkadetan aritu zen. Iragarki ezagunak prestatu zituen, esaterako, Compañía Mexicana de Aviación enpresarako. 1968an, Joko Olinpikoekin batera kultura olinpiadak proposatu zituen. 1971an, bestetik, Mexiko Hiriaren Gabonetako argiteria diseinatu zuen. Prentsan artikulu ugari plazaratu zuen, batez ere La Extra egunkarian.

Margolari gisa erakusketa asko egin zituen, bai Mexikon baita ere beste estatuetan: Frantzia, Estatu Batuak, Espainia, Japonia... Mexikoko presidentea izan zen Adolfo Lopez Mateosk kanpoko autoritateei haren lanak oparitu zituen bere izena ezagutzera emanez.

Regina 2019ko azaroaren 19an hil zen, Mexiko Hirian.

Muralismotik kanpo Regina Raullen margolanetan haurtzaroaren xamurtasuna aurkitzen dugu. Protagonistak gehienetan emakumeak eta haurrak dira. Koloreek garrantzi handia dute bere lanetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]