Edukira joan

Pedro Sarsfield

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pedro Sarsfield

Nafarroako erregeorde

1836ko abuztuaren 2a -

Nafarroako erregeorde

1835eko irailaren 16a -

Nafarroako erregeorde

1834ko urtarrilaren 1a -
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPedro Sarsfield y Waters
JaiotzaCeuta1781eko abenduaren 28a
Herrialdea Espainia
HeriotzaIruñea1837ko abuztuaren 26a (55 urte)
Heriotza moduagiza hilketa
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakofizierra
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Adar militarraInfanteria
Graduateniente jeneral
Parte hartutako gatazkakNapoleondar Gerrak
Lehen Karlistaldia

Pedro Sarsfield Waters (Ceuta, 1781eko abenduaren 28a – Iruñea, 1837ko abuztuaren 26a),[1] Sarsfieldeko I. kondea, espainiar militarra izan zen, Iberiar Penintsulako Gerran eta Lehen Karlistaldian borrokatu zena. 1833-36 bitartean, hiru aldi laburretan izan zen Nafarroako erregeordea.[2]

Pedro Sarsfield Ceutan jaio zen 1781eko abenduaren 28an. Gurasoak, Patrick Sarsfield lotinant koronela eta Juana Walters, irlandar jatorrikoak ziren. 1791n, kadete gisa sartu zen Ultonia erregimentuan.[oh 1] Konbentzioaren Gerran Gipuzkoan eta Nafarroan ibili zen, eta 13 urterekin tenienteorde gradua erdietsi zuen. 1798-1802 bitartean, Kanarietan egon zen destinaturik.[1]

Iberiar Penintsulako Gerran, Kataluniako armadaren barnean borrokatu zen, eta oso azkar goitituz joateko aukera izan zuen: kapitain gradua lortu zuen 1808an, brigada-jeneral 1811ko martxoan eta landa mariskal 1811ko abenduan. 1812ko irailetik 1813ko apirilera, Aragoiko komandante burua izan zen, José O’Donnellen mende. 1814ko uztailean, gerra amaiturik, Bartzelonako gobernadore izendatu zuten.[1]

Hirurteko Liberala hasi zelarik, uko egin zion Cadizko Konstituzioa zin egiteari. Hori zela-eta, bederatzi hilabetez deserriturik egon zen Mallorcako lazaretoan.[2] Askatu zutelarik, Palamós hartu zuen bizileku. 1823ko uztailean, absolutismoa berriz ezarri nahi zuten San Luisen Ehun Mila Semeekin batu zen. Bartzelona errenditu ondoren, bertako gobernadore bilakatu zen, 1824ko maiatzera arte. 1827tik 1832ra Tarragonako gobernadorea izan zen, eta Extremadurako jeneral gorena 1832tik aurrera.[1]

1833ko urrian, karlisten matxinada gertatu zelarik, Portugalgo mugako armadaburua zen. Egoeraren larritasuna zela-eta, gobernuak Nafarroako erregeorde eta kapitain jeneral izendatu zuen. Gerraren hasieran, karlisten aurkako lehenbiziko borrokak zuzendu zituen; azaroaren 19an Logroñon sartu zen, 22an Gasteizen eta 25ean Bilbon.[3] 1835ean, Kataluniako jeneral goren izendatu zuten, eta 1836ko abuztuan, berriz ere, Nafarroako erregeorde. Harrezkero, ajeek jota, ekimen eskaseko jokabidea izan zuen. 1837ko martxoan, Oriamendiko guduaren aurreko ekintzetan parte hartu ondoren, Iruñera itzuli zen bere armadarekin.

Sarsfielden heriotza, Vicente Urrabietaren marrazkia. Galería militar contemporánea, Madril, 1846

1837ko abuztuaren 26an, haren agindupean zeuden unitate batzuk matxinatu ziren; soldatak ez kobratzea eta oste horietako buruzagien ideologia izan zitezkeen mutinaren arrazoiak. Matxinoek erraz lortu zuten Iruñea hartzea. Sarsfield matxinoekin batzartu zen Iruñeko udaletxean. Handik ateratzean, inguratu zuten eta, hurbileko etxe batean babesten saiatu zen arren, baionetekin sakailaturik hil zuten.[4] Ondoren, gorpua arrastaka eraman zuten hiriko kaleetatik barna.[5]

Esparterok mendekatu zuen haren heriotza, hiriaren kontrola berreskuratu ondoren. Azaroaren 16an, matxinadaren buruak, Leon Iriarte koronela, Pablo Barrikart komandantea eta lau sarjentu, fusilatu zituzten Iruñeko zitadelan.[2][6]

  1. Ultonia erregimentua Espainian erbesteratutako irlandar katolikoez osaturik zegoen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d Martín-Lanuza, Alberto. Pedro Sarsfield y Waters. Real Academia de la Historia, dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2024ko urriak 31).
  2. a b c Mauricio, Luis. Pedro Sarsfield Water Ceuta 1781 - 1837 Pamplona. El Pueblo de Ceuta, 2016ko abenduak 28, elpueblodeceuta.es (Noiz kontsultatua: 2024ko urriak 31).
  3. La Primera Guerra Carlista en el norte. Las Guerras Carlistas, publicaciones.defensa.gob.es (Noiz kontsultatua: 2024ko urriak 31).
  4. del Río Aldaz, Angel Ramón. Peseteros y radicales: el asesinato de Sarsfield en agosto de 1837. Hispania Vol 57, Núm. 195 (1997), hispania.revistas.csic.es (Noiz kontsultatua: 2024-10-30).
  5. Martínez Artola, Alberto. Sarsfield Water, Pedro. Enciclopedia Auñamendi [en línea], 2024, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-31).
  6. Partes recibidos en la Secretaría de Estado y del Despacho de la Guerra. Gaceta de Madrid, 1937ko azaroak 28, boe.es (Noiz kontsultatua: 2024-10-30).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Aurrekoa
Manuel Llauder
Nafarroako erregeordea
1833
Ondorengoa
Gerónimo Valdés