Mono aintzira
Mono aintzira | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 1.944 m |
Mota | laku endorreiko, laku monomiktiko eta soda lake (en) |
Luzera | 7,5 km |
Zabalera | 7,5 km |
Azalera | 180 km² |
Sakonera | 17 m |
Bolumena | 2.970 hm³ |
Geografia | |
Koordenatuak | 38°01′00″N 119°00′34″W / 38.0165908°N 119.0093116°W |
Estatu burujabe | Ameriketako Estatu Batuak |
Estatua | Kalifornia |
Kaliforniako konderri | Mono konderria |
Babestutako-eremua | Inyo National Forest (en) |
Hidrografia | |
Betebidea | ikusi
|
Arroaren azalera | 2.020 km² |
Arro hidrografikoa | Mono Basin (en) |
Mono aintzira gazia eta soda kaustizko kontzentrazio handiko urezko lakua da. Mono konderrian dago, Kalifornian. Duela gutxienez 760.000 urte eratu zen sakonune endorreiko batean. Irteerarik ez izateagatik ura hipergazia eta alkalinoa da.
Geologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mono aintzira geologikoki aktibo dagoen Mono-Inyo sumendi katearen ipar muturrean dago, Long Valley Caldera sumenditik gertu dago. Aktibitate bolkanikoak Mono lakuaren inguruan jarraitzen du: azken erupzioa duela 350 urte gertatu zen, eta Paoha uhartea sortu zen aintziran ondorioz. Panum kraterra dago aintziraren hegoaldeko ertzean, zepa-kono batez eta erriolitaz osatutako laba domo baten adibidea da[1].
Mono lakuaren gainazalean formazio geologiko bitxi batzuk ikusten dira, kareharrizko zutabeak. Arroka mota honi karbonatozko toba edo tufa esaten zaio, tenperatura baxu edo moderatuetan sortzen den kareharriarentzat erabiltzen den terminoa. Toba hauek kaltzita (CaCO3) bezalako kaltzio karbonatozko mineralez osatuak daude[2].
20. mendean Los Angeles hiriak lakura isurtzen zuten ur gezako erreketatik ura desbideratu zuenean, lakuaren maila jaitsi zen eta horrek hegazti migratzaileak arriskuan jarri zituen. Mono konderriko biztanleek protesta eratu eta borroka juridikoa irabazi zuten, Los Angeles lakuaren maila partzialki berritzera behartuz[3].
Fauna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basamortuz inguratua da aintzira eta ezohiko ekosistema produktiboa du. Artemia generoko krustazeoen kantitate ikaragarria bizi da uretan, eta haiekin elikatzen diren alkaliaren euliak (Ephydra hians) pilatzen dira ur azalean. Era berean, euli hauek janari dira aintziratik urtero igarotzen diren bi milioi hegazti migratzaileentzat [4] Ez dago arrainik ezta beste inolako ornodunik uretan.
Historikoki, bertako Mono amerindiarrek (Paiute taldeko tribu bat) aintzira ertzeko uretan bizi eulien pupak jaten zituzten. Inguruko Yokuts herrikoen hizkuntzan, mono zen eulia, eta Monoache esaten zieten talde honi[5]. Aintzirako parke naturaleko zaindariek turistei ere ematen dizkiete pupak probatzeko, gordinik eta besterik gabe jangarriak baitira[6].
Ohikoa da aintzirako kareharrizko toben gainean arrano arrantzaleak ikustea habia egiten: paradoxikoki, Mono aintziran ez da arrainik, baina atseden leku lasai eta segurua dute habiarako, arrainak hegoaldera 20 kilometro ingurura dauden June, Silver eta Grant aintziretan harrapatzen dituztelarik[7].
2010ean jakinarazi zen aurkikuntza egin zela Mono lakuko bakterio batean: bere ADNaren egitura, fosforoa artsenikoak ordezkatzen zuelarik. 2012ko azterketa gehigarriek aurkikuntza zuzendu zuten, ez zen halakorik bakteria haietan.[8]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Harris, Stephen L., 1937-. (2005). Fire mountains of the West : the Cascade and Mono Lake volcanoes. (3rd ed. argitaraldia) Mountain Press Pub. Co ISBN 0-87842-511-X. PMC 60543333. (Noiz kontsultatua: 2021-01-20).
- ↑ (Ingelesez) «Tufa» Mono Lake (Noiz kontsultatua: 2021-01-20).
- ↑ «Summary of Mono Lake Litigation and Legislative Designations» www.monobasinresearch.org (Noiz kontsultatua: 2021-01-20).
- ↑ goal
- ↑ «Lands of the Yokuts and their Neighbors» www.bsahighadventure.org (Noiz kontsultatua: 2021-01-20).
- ↑ Fernandez, Luistxo. «Mono lakuko izaki bizidun harrigarriak» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2021-01-20).
- ↑ (Ingelesez) «Eastern Sierra Birding & Birdwatching - Mono County, CA» www.monocounty.org (Noiz kontsultatua: 2021-01-20).
- ↑ (Ingelesez) «Scientists say NASA's 'new arsenic form of life' was untrue» phys.org (Noiz kontsultatua: 2021-01-20).