Edukira joan

Kolada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Laba kolada» orritik birbideratua)
Aa motako kolada pahoehoe labaren gainean, Hawaaiko Kīlauea sumendia.
Pahoehoe kolada bat Kalapanako errepide batean.

Bulkanologian, kolada sumendi-erupzioetan ateratzen den laba fluidoaren geruza da.

Laba koladetan atera daiteke. Kolada, likatasun gutxiagokoa ala handiagokoa izan daiteke, lasterrago mugitzen da jariogunetik hurbil, jariogunetik urruti baino, izan ere, hoztean, likatsuago egiten baita, moteldu eta erabat gelditu arte. Azala gotortzen da aurrena, baina barruan labak urtuta jarraitzen du. Jariogunetik hurbil, sakonera gutxi izaten du koladak, azkar mugitzen delako. Etnaren azken erupzioetako batean, orduko hogeita hamasei kilometroko lastertasuna harrapatu zuen labak zenbait tokitan.

Koladaren azalak hiru forma izan ditzake: pahoehoe, aa, eta gainalde jarraitua.

  • Pahoehoean (hawaiieraz), oso azal mehea izaten duenez, barrutik artean labak mugitzen jarraitzen du, eta azala zimurtu egiten da. Pahoehoeko laba, hoztean, mugimendu helikoidaletan bira daiteke eta soka formako labak eratzen ditu.
  • Aa berriz (hitz hawaiiarra hau ere), zepa labazko nahas-mahas bat da. Irregulartasunak dezimetrokoak izan daitezke, eta zenbait kasutan metrokoak ere bai. Labaren azal nahiko lodia azkar gotortzen denean eratzen da, eta, bere mugimenduak eraginda, zatikatu egiten da. Hala ere, eztabaida handiak izan dira aaren sortze moduaz. Izan ere, zenbait ikerlariren ustez, gas asko zuen laba batek eratua bide da, etengabeko erreakzioen ondorioz tenperaturak gora egin eta jariakor jarraitu zuelako. Beste ikerlari batzuek, aldiz, gas gutxiko labak eratua dela diote, eta beraz, leherketarik ezean, gaineko azala hausteko gaitasunik ez duela izan. Nolanahi ere, gauza segurua da pahoehoea eratzeko laba oso biguna eta beroa behar dela, kanpoko mintza baizik ez dela hozten, leherketak sortuko lituzkeen gas ihesik ez duela, eta lastertasun handian mugitzen dela.

Aldiz, zepazko aan, azal lodiagoa gotortzen da eta azal hori zatikatu egiten da laba mugitu ahala. Horixe gertatzen da, Etnaren kasuan bezala, laba azkar jaisten denean. Hortaz, bi modutara eratzen da aa hori: tortika edo azal mehe bat hautsi delako (horretarako, labak nahiko laster ibili behar du), edota tortika lodi bat hautsi delako, zeinahi lastertasunean. Beste aa mota bat koladako gasen leherketen eraginez eratzen da.

Aldapa handian behera datorren koladak lastertasun handiagoa hartzen du, tortika hautsi egiten zaio, eta nahas-mahas bihurtzen da berehalaxe. Baina tortika lodia denean, kolada zepazkoa izan daiteke aldapa txikia izanda ere, blokeak aurreraka erortzen baitira kolada mugitu ahala; horrek argitzen duen zergatik dagoen zepazko ohe bat koladen azpian.

Labazko koladen azalak itxura desberdinak izan ditzake. Zenbait alditan, laba jariakorra denean, hanpatu batzuk eratzen dira, hamar bat metroko diametroa eta bizpahiru metroko garaiera dutenak, eta pitzadurak izaten dituzte. Dirudienez, labaren gaineko azala dilatatu delako gertatzen dira hanpatu horiek. Izan ere, beirak, zeina laba bat batean hoztean eratzen baita, bolumen handiagoa hartzen du isurkari forman dagoen labak baino. Aldiz, hozte prozesua motela bada, harkaitz gotorrak laba isurkariak baino bolumen gutxiago hartzen du.

Basaltozko gangen azaleko tortika tupustean hozten da airea ukitzen duenean; horrela bada, bolumena hazten zaio eta hanpatu egiten da. Behin gotortu denean, hoztu egiten da, baina motel, eta orduan ateratzen dira pitzatuak.

Koladek oso itxura topografiko desberdinak izaten dituzte, kolada aurreko topografiaren, laba kopuruaren eta labaren likatasunaren arabera.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Geologia Artikulu hau geologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.