Edukira joan

Kontxako badia

Koordenatuak: 43°19′10″N 1°59′44″W / 43.3194°N 1.9956°W / 43.3194; -1.9956
Wikipedia, Entziklopedia askea
Kontxako badia
Motabadia
Geografia
Map
Koordenatuak43°19′10″N 1°59′44″W / 43.3194°N 1.9956°W / 43.3194; -1.9956
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
EskualdeaDonostialdea
UdalerriaDonostia
Ur-gorputzaKantauri
Urdaneta untzia, 2009ko ekaitz batek hondartzan utzitakoa.

Kontxako badia Kantauri itsasoan dagoen badia txiki bat da, Donostian kokatua, izen bereko hondartzaren parean. Bere izenak dioen bezala, kontxa forma du, eta bertan bi hondartza daude, Ondarreta eta Kontxa, baita Santa Klara uhartea ere.

Pedro Teixeiraren XVII. mendeko mapa batek La Concha izena ematen dio badiari.

Jatorri geologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badiak, ekialdean dagoen Urgull eta mendebaldean dagoen Igeldo mendien arteko tartea hartzen du. Ikerketa geologikoen arabera, antzinako badiak Igeldo menditik Uliaraino hartzen zuen, Zurriola hondartza ekialdetik ixten duena, gaur egungo Urgull mendia, garai hartan, ziur aski uharte bat izango baitzen. Honela, jatorrizko badia, 3 kilometro baino gehiagoko luzerako hondartza lerro batekin, hiriko hiru hondartzak eta bi uharte hartzen zituen. Geroago, eta Urumea ibaiaren itsasoratzean metaturiko sedimentuekin, Urgull uhartea lur irmoarekin lotu zuen istmo bat eratu zen, eta geroztik Urgull mendia erdiuhartea da. Hala geratu zen eratuta egungo badia, bere maskor forma ibilbidearen eraikuntzarekin sendotu zelarik.

Kontxako badiaren gaueko ikuspegia

Badiaren hondartza lerroak gutxi gora-behera 2 kilometroko luzera du, horietatik 1,4 Kontxa hondartzari eta beste 600 metroak Ondarretari dagozkiolarik. Kontxako hondartzatik Santa Klara uhartera dagoen distantzia gutxi gora-behera kilometro 1ekoa da. Bere konfigurazio bereziaren ondorioz, badiako urak lasaiak izaten dira, itsasaldi aldaketak maiz gertatzen diren eta hondartzen zabalerari neurri handi batean eragiten dielarik, zenbait orduz desagertu egin daitezkeenak.

Itsas pasealekua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Kontxa pasealekua»
Miramar jauregia Ondarreta eta Kontxa hondartzak banatzen diren tokian dago, badia ertzatzen duen Mirakontxa pasealekuaren erdian.

Kontxa hondartzaren ertzean dagoen itsas ibilbidea izen ezberdinak dituzten zenbait zatiz osatua dago. Ekialdeko muturretik hasiz, Urgull mendiaren magalean, ibilbideak Paseo Berri izena jasotzen du. Honen ondoren, ibilbideak herriko itsas portu txikitik jarraitzen du, non Donostiako Aquariuma dagoen, eta ondoren, Donostiako udaletxe parera iritsi ostean, Kontxa pasealekua hasten da, ziuraski Espainiako ezagunena. Pasealeku honetan zehar eta badiaren mendebaldeko ertzera iritsi arte Kontxako Baranda dago, Rafael Aldaik diseinatua eta 1910ean jarria. Kontxako pasealekuan badiaren ertzeko pasealekuko elementu arkitektoniko eta ornamentalik nabarmenenak daude: Kontxa hondartzarako jeitsierako arranplan kokatutako farola bereizgarri batzuk, bi erloju handi, La Perla bainuetxea eta Bainu Errege Etxearen eraikinak. Mendebalderantz jarraituz Mirakontxa pasealekura iristen da, Miramar jauregian amaitzen dena. Pasealekuak, Miramar eta Haizearen Orraziaren artean Ondarreta pasealekua izena jasotzen du, honen ondoan lorategi batzuk daudelarik. Badiaren ertzeko itsas pasealekua, esan bezala, Haizearen Orrazia eskultura multzoan amaitzen da, Eduardo Chillida eskulturgile donostiarrak diseinatu zuena.

Kirol ekitaldiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontxako badian jokatzen da 1879tik traineru estropadarik ezagunena: Kontxako Bandera.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia