Edukira joan

Konstantino I.a Handia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Konstantino I.a» orritik birbideratua)

Konstantino I.a Handia


Erromatar enperadorea

306ko uztailaren 25a (egutegi gregorianoa) - 337ko maiatzaren 22a (egutegi gregorianoa)
Pontifex maximus

306ko uztailaren 25a - 337ko maiatzaren 22a
Antzinako Erromako senataria

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFlavius Constantinus
JaiotzaNiš272ko otsailaren 27a
Herrialdea Antzinako Erroma
HeriotzaNikomedia337ko maiatzaren 22a (65 urte)
Hobiratze lekuaApostoleion
Heriotza moduaberezko heriotza
Familia
AitaKonstantzio Kloro
AmaHelena Konstantinoplakoa
Ezkontidea(k)Minervina
Fausta (en) Itzuli
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaKonstantinotar dinastia
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, militarra eta subiranoa
Lan nabarmenak
Santutegia
Maiatzaren 21 eta Apirilaren 6
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristautasuna
Antzinako Erromako erlijioa

Konstantino I.a Handia[1] (latinez Gaius Flavius Valerius Aurelius Constantinus; Naissus, Mesia, 272ko otsailaren 27a - Nikomedia, 337ko maiatzaren 22a), erromatar enperadorea izan zen 306ko uztailaren 25etik hil zen arte.[2]

Europa eta Ekialde Hurbileko historian garrantzi handia izan zuen. Konstantino bi motiborengatik da gogoratua. Alde batetik Bizantzio, gaur egungo Istanbul, birfundatu zuen eta Konstantinopla («Konstantinoren hiria») izena eman zion. Beste aldetik, Milango Ediktua plazaratu zuen 313an. Honi esker kristautasuna zilegi bihurtu zen, eta handik aurrera ez zen jazarria izan. Nizeako I. kontzilioa ere ahalbidetu zen Konstantinoren politikarengatik. Izan ere, Konstantino lehenengo enperadore kristaua izan zen, bataioa hil baino lehentxeago hartu bazuen ere.

272ko edo 273ko otsailaren 27an jaio zen Konstantino Naissusen, gaur egungo Serbian. Gurasoak Konstantzio Kloro, greziar jenerala, eta Helena izan zituen; ama, Bitinia jaioa, jatorri umila zuen, Konstantziok bere karrera militarraren hasieran konkubinaz hartu zuen arte. Aita Helena utzi behar izan zuen Flavia Maximiana Teodorarekin ezkontzeko.[3] Teodora Maximiano enperadorearen alaba edo alabaordea zen. Baina Konstantziok seme bastardoaren ardura hartu zuen. Ama, Helena, bere bizitzatik desagertu zen enperadore bakarra izan arte. Konstantinoren haurtzaroaz eta gaztaroaz ez dago informaziorik.[4]

Lehen Tetrarkia (293-305): Dioklezianoaren zerbitzuan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IV. mende hasieran, Inperioa tetrarkia batek gobernatzen zuen: bi augusto, Diokleziano eta Maximiano, eta bi zesar, Galerio eta Konstantzio Ia.. Boterea lauen artean banatzen zen baina Diokleziano, sistemaren sortzailea, goi autoritatea zen.

293an, Dioklezianok zesar titulua eman zion Konstantzio Klorori 293an, eta Konstantino Nikomedia hirian aritu zen Dioklezianoren zerbitzura.[5] Nikomedian bere ikaskuntzarekin jarraitu zuen Konstantino gazteak, greziera eta latina ikasten. Dioklezianoaren armadan, bestetik, borrokatu zuen Egipton zein Mesopotamian. Urte horietan Minervina izeneko gaztearekin ezkondu zen. Minervina aristokraziakoa zen eta ziur aski Antiokian bisitan zegoenean ezagutu zuen. Seme bakarra izan zuten, Krispo, 303. urte inguruan jaio zena. Emakume honetaz informazio gutxi dago baina ziur aski laster hil zen.[6]

Bigarren Tetrarkia (305-312): Boterea eskuratzeko bidean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

305. urteak lehen tetrarkiaren amaiera markatu zuen. Augusto titulua zutenek, Maximianok eta Dioklezianok berak, erretiroa hartu zuten. Konstantzio Klorok titulu hori jaso zuen orduan. Bigarren tetrarkia honela osatuta geratu zen: Konstantzio Kloro edo Konstantzio I.a eta Valerio Severo, augusto eta zesar bezala, hurrenez hurren, mendebaldean, eta Galerio eta Maximino Daia, bere iloba, inperioaren ekialdean. José Manuel Roldán Hervás historialariaren hitzetan «Egia esan, Galerio izan zen Dioklezianoren benetako oinordekoa, eta berari zor zioten bai Daiak eta bai Severok bere boterea; Konstantzio, berriz, berari esleitutako lurraldeen administrazioan okupatua, bazterrean mantentzen zen». Botere nagusia Galiok zuen, beraz.

Konstantino, berriz, Dioklezianoren abdikazioaren ondoren, Galerioren aginduetara jarri zen, Sarmaziarren aurka borrokatuz, nahiz eta bere aita Konstantzio Klorok laster eskatu zion Britaniara joateko, probintziako mugak mehatxatzen zituzten piktoen aurka borrokatzeko.[7]

Tetrarkiaren sistemaren hauskortasuna berehala nabarmendu zen. Konstantzio gaixotu egin zen eta 306ko uztailaren 25ean, sukar batek jota, hil egin zen. Bere seme Konstantino bere ondoan zegoen Eborakum-en (gaur egungo York hiria), non bere aitaren oroimenari leial zitzaizkion tropek egun horretan bertan augusto aldarrikatu zioten — eta ez zesar — , sistema tetrarkikoa zalantzan jarriz. Kroko jeneralak, aitari leial jarraituz, Konstantino augusto aldarrikatu zuen. «Konstantinok, mende askotako tradizioari jarraiki, bere aita zena jainkoen artean hartzeko agindu zuen. Gorpua sutan erretzen ari zela, arrano bat — kaiola batetik askatua — airean gora igo zen, hildakoak zerura egin zuen igoera sinbolizatzen zuena. Horrela, Konstantzio jainko bat zen, eta Konstantino, beraz, jainko baten semea».[8] Hurrengo 18 urteetan Konstantinok etengabe borrokatu behar izan zuen titulu hori defenditzearren.

Konpromisozko formula gisa, Galeriok Konstantino Zesar izendatu zuen, Britania eta Galiaren gaineko autoritatearekin, izendapena harengandik zetorrela argi utziz, eta ez Konstantzio Klorororengandik, Valerio Severo augustoren duintasunera igotzen zuen bitartean. Baina konponketak ez zuen funtzionatu hirugarren bat agertu zelako, Maxentzio, aurreko tetrarka Maximianoren semea, pretore-guardiak, jendailaren laguntzarekin, urte bereko urrian Erroman augusto aldarrikatu zuena. «Dioklezianoren plana Konstantinoren usurpazioarekin zalantzan gelditu bazen, Majentziorenarekin behin betiko erori zen», adierazi du Manfred Claussek.[9]

Maximiano, orduan, "bigarren aldiz augusto" bezala itzuli zen politikagintzara, bere seme Majentzioren asmoen alde egiteko, eta Severo garaitu zuen; Severo bere tropek abandonatua zegoen, zati handi batean Maximianoren antzinako beteranoak baitziren. Severok bere burua entregatu zuen baina Galeriok, bere armadarekin Erromarako bidean, hil arazi egin zuen. Galerioren mehatxuaren aurrean, Maximianok Konstantinoren laguntza bilatu zuen, augusto bezala onartuz, eta ituna sinatzeko Fausta zazpi urteko alaba txikia berarekin ezkondu zuen. Hala ere, Majentziok, Galerioren erretiratzearen ondoren sendoturik, ez zuen akordioa onartu, eta Maximiano Galiara ihes egitera eta bere suhiaren gortean babestera behartu zuen, Augusta Treverorumen (Treveris); han Konstantinok jauregi handi bat zuen.

Enperadoretzarako guduetan, Maximianorekin aliatu zen hasieran. Haren alabarekin ezkondu zen eta, azkenean, bere buruaz beste egitera behartu zuen 310. urtean. Panorama "sinplifikatu" egin zen urtebetera Galerio hil zenean —egun batzuk lehenago, sei urte lehenago hasitako kristauen jazarpenari amaiera ematen zion Serdikako tolerantzia-ediktua aldarrikatu zuen—. Inperioaren gobernua lau augustoren artean banatzen zen: bi mendebaldean (Konstantino eta Maxentzio) eta bi ekialdean (Lizinio eta Maximino Daya), nahiz eta Maxentzio ez zuten beste hirurek onartzen.[10][11]

Triarkia (312-313): Mendebaldea eskuratzeko borroka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Konstantinoren konbertsioa, 1622, Rubens, Philadelphia Museum of Art.

Konstantino eta Lizinio itun bat lotu zuten ezkontza baten bidez: Lizinio Konstantinoren arrebaorde batekin ezkondu zen: Flavia Julia Konstancia. Maximiano Daya, horren aurrean, mehatxatuta sentituz zen; ondorioz, Maxentzio onartu zuen. Horrela, aurrez aurre zeuden bi bloke eratu ziren — izan ere, Majentziok Erroman zeuden Konstantinoren estatua guztiak suntsitzeko agindu zuen —.

Konstantinok, orduan, aurrea hartu zuen, eta 312ko udaberrian Alpeak zeharkatu zituen, Maxentziok gotorleku bihurtutako Segusio, Turin, Milan eta Verona hiriak bereganatuz — Verona setiatua eta gosez errenditua izan zen; ondoren, Akilea borrokatu gabe entregatu egin zen —. Borroka erabakigarria, historiako ospetsuenetako bat, Milvio zubiko gudua, Erromako ateetan gertatu zen, non Konstantinoren zain baitzeuden Maxentzioren indar gehienak. Guduaren bezperan, 312ko urriaren 28an, antzinako munduaren itxura aldatuko zuen gertaera bat eman zen: Konstantino kristautasunera bihurtzea. Laktantzio kristauaren arabera, Konstantinok amets bat izan zuen, non Jainko kristauak agintzen zion garaipena ziurtatzeko bere soldaduen armarrian monograma bat marraztu behar zuen, chi (X) eta rho (P) letrekin, hau da, Christos hitzaren lehen bi letrak. Ikur horri Krismoi esaten zaio. Badago hogei urte geroago idatzi zen beste bertsioa bat: Eusebio Zesareakoaren arabera Konstantinoren bisio horretan, gurutze argitsu baten zeruan agertu zen honako hitz hauek zituela: «Ikur honekin irabaziko duzu»; eta Kristo beraren bisioa, berriz, krismoia estandarte inperialaren gainean jartzera gonbidatuz.

Krismoia.

Garaipena Konstantinorentzat izan zen eta Maxentzio batailan hil zen.[12] Maxentzioren soldadu asko Tiber ibaian ito ziren, eta honen burua Erroman zehar paseatu zuten pika baten puntan jarrita. Konstantino garaile sartu zen Erroman, eta senatari irrikatsuengana joan zen, haietako askok Majentzioren alde egin baitzuten, eta klementzia agindu zien. Gudua tiraniaren porrot handi bat bezala aurkeztu zen, justiziaren aldeko garaipena gisa. Ospatzeko Erromako Koliseoaren ondoan Konstantinoren arkua altxatu zen, 315. urtean. Eusebio Zesareakoarentzat kristautasunaren garaipen handia izan zen; garaipena Israelgo herriak Itsaso Gorria zeharkatzearekin alderatu zuen, horrela, bide batez, Konstantino Moisesekin parekatuz.[13]

Konstantinoren, Senatuak 313ko otsaila-martxoa izendatua primus augustus bezala, eta beste augusto Lizinioren arteko aliantza batek — biak Milanen bildu ziren, non Liciniok Konstantinoren anaiordea zen Konstancia ezkondu eta Milango Ediktuaren bidez Galerioko Ediktuan ezarritako erlijio-tolerantzia berretsi zuten — Maximino Daiaren patua definitu zuen: Tzirallumeko guduan (313ko apirilaren 30a) Liziniok garaitu eta hilabete batzuetara bere buruaz beste egin zuen. Konstantino Mendebaldeko augusto eta Lizinio Ekialdekoa bezala geratu ziren. Tetrarkiaren sistema de facto likidatuta geratzen zen.[14]

Konstantinoren arkua Koliseoaren ondoan, Erroman.

Milango Ediktuan, jazarpenetan konfiskatu edo saldutako eliza kristauen ondasunak itzultzeko agintzen zen.

Diarkia (313-324): Ekialdea eskuratzeko borroka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

316an (edo 314an), Konstantinoren — nagusitasuna lortu nahi zuena, eta, horegatik, Maximus Augustus ("enperadorerik gorena") titulua hartu zuen — eta Lizinioren arteko lehen borroka gertatu zen, Cibalaeko guduan. Lizinio garaitua izan zen eta Konstantinoren armada atzetik zuela, Traziara atzera egin zuen.[15] Bigarren gudu bat, hau ere garaile Konstantinorentzat, 316ko amaieran edo 317ko hasieran gertatu zen Filipopolis inguruan (Mardiako gudua), honen ondoren Liziniok negoziatzea erabaki zuelarik. 317ko martxoan Serdikan sinatu zuten itunaren bidez, Liziniok Konstantinori utzi zizkion bere lurralde europar guztiak, Trazia izan ezik, eta biek erabaki zuten euren semeak zesarrak izendatzea. Konstantino Serdikan ezarri zen — Balkanetan, zeinen zati handi bat bere mende baitzeuden —, eta Lizinio Nikomedian, Marmarako itsasoaren Asiako ertzean.

320tik aurrera, Liziniok, Konstantinok ez bezala, ez zuen kristauen aldeko politikarik egin, eta ez zuen Milango 313ko akordioa errespetatu; bi enperadoreen artean sinatutako itunan erlijio-askatasuna bermatzen zen. Horren ordez, Liziniok kristauen kultu-askatasuna mugatzen zuten neurriak hartu zituen. Kristauak Gortetik, armadatik eta administraziotik urrundu zituzten, eta, batzuetan, indarkeria odoltsuen biktima izan ziren. Horren aurrean Konstantino erantzuna berehalakoa izan zen: Konstantinok Lizinioren aurkako gerra ekialdeko Eliza zapalduaren askapen gisa aurkeztu ahal izan zuen.[16] 324. urtean, Bizantzio setiatu eta Helespontoko guduan Lizinioren armada garaitu ondoren, Konstantinok Adrianopoliseko (324ko uztaila) eta Krisopolisko (urte bereko iraila) guduetan Lizinio behin betiko garaitzea lortu zuen.

Enperadore bakarra (324-337)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizinio garaitu ondoren, inperio bateratu bateko enperadore bakar bihurtu zen. Konstantinok, aldi berean, familia botere dinastikoa sendotu zuen. Tetrarkiari buruzko aipamenak desagertu egiten dira diskurtso ofizialetatik, baita Konstantinoren aitari buruzkoak ere. Bere arbasoetatik, bere ama Helenak bakarrik parte hartu zuen konstantiniar erregealdiaren azken fasean. 324ko azaroaren 8tik aurrera, enperadorearen hirugarren semea, Konstantzio, Zesarren mailara igo zen, eta bere emazte Faustak, Augusta titulua jaso zuen. Erroman ezarri zen Helena ere jaso zuen titulua aldi berean.[17] Inperioko ondorengotza Konstantinok zesar izendatu zituen Konstantino II.a, Konstantzio II.a eta Konstante bere semeena izan zen.

313. urtean kristautasuna jarri zuen Erromako erlijio ofiziala (Milango Ediktua, 313). Elizako nolabaiteko ortodoxiaren aldeko sutsua izan zen eta Arrioren heresiaren aurka azaldu zen (Nizeako I. kontzilioa, 325). Baina heresia kontuetan gauzak ez zituen oso garbi, eta 331. urtean Nizeako kontzilioko zuzendaria izan zen Atanasio Alexandriakoa elizako doktorea erbesteratu egin zuen. Konstantinok inperioko erlijio batasuna ezarri zuen, eta beretzat hartu zituen senatuak eta armadak zituzten ahal guztiak. Konstantino I.aren erreinaldian eraiki ziren Erromatar Inperioko lehen monumentu kristauak: Hilobi Santuaren eliza, Jerusalemen; Laterango eta Vatikanoko basilikak, Erroman; Apostoleion eta Santa Sofia, Konstantinoplan.

Konstantinoplaren irudikatutako panoramika. Ezkerrean Hipodromoa ikus daiteke.

Frankoen eta godoen aurkako eraso gogorrak antolatu zituen eta, 330. urtean, Lizinio gainean lortutako garaipena ospatzeko, ia erabat suntsituta izan zen Bizantzio hiri zaharraren gainean Konstantinopla hiria sortu eta Erromatar Inperioko hiriburua izendatu zuen. Nolabait, Konstantinopla Erroma Berria izan behar zen. Erroma antzera hiria Senatu bat izango zuen baina senatari guztiak kristauak.

326ko udan, istilu larriak izan ziren Erroman, tronura iritsi zeneko hogeigarren urteurrena ospatzeko Inperioko hiriburura egin zuen hirugarren bisitan. Ospakizun hori aurreko urtean hasi zen Nikomedian, Inperioaren ekialdeko aldean. Konstantinok, kristautasunera bihurtu zenez, ez zuen bete bere armada Kapitoliora igo eta Jupiter tenpluan eskaintza sakratu bat egiteko erritu tradizionala. Tenplu hori Erromatar Estatuko santutegi «pagano» garrantzitsuena zen. Horrekin, Zosimo egile «paganoak» mende bat baino gehiago geroago kontatu zuenez, Senatuaren eta erromatar herriaren gorrotoa eragin zuen. Izan ere, Konstantinoren aurkako irainak egin ziren eta familia inperialaren irudiak eta estatuak kaltetu eta suntsitu ere egin ziren.

Erromako 326ko udako istiluek indartu egin zuten Konstantinoren erabakia, hau da, bere hiria, Konstantinoko hiria, Inperioko hiriburu berria izatea. Izan ere, ez zen inoiz itzuli Erromara. Konstantinoplan enperadorea bere bizitzako azken urteetan igaro zen, 337 hil zen arte. Han bizi izan zen Ekialdeak planteatzen zituen eliza-ordenako eta gai teologikoetako gaietan kezkatuta. Halaber, Inperioaren administrazioan eta defentsa militarrean, gero eta konfiantza handiagoa ematen zien seme-alabei. [18] Bizitzaren amaieran, Konstantino arrianismora hurbildu zen. Arrianismoa berak deitu zuen eliza kristauaren batasuna berrezartzeko Nizeako I. kontzilioan (325) kondenatua izan zen. Izan ere, bere heriotza-ohantzean bataiatu zuen apezpikua, Eusebio Nikomediakoa, arrianoa zen.

337ko apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran, Konstantino, Sasandar Inperioaren aurkako armada handi baten buruan Konstantinoplatik irten eta berehala, larri gaixotu zen. Bere aholkulari alarmatuen aholkuari jarraituz, Pythiako termetara joan zen, Helenopolisetik gertu, baina bere osasunak ez zuen hobera egin. Gaixotasuna larriagotu egin zen, eta Helenopolisera eraman zuten. Han, Luziano Antiokiakoa martiriari eskainitako santutegi batean otoitz egin zuen; Konstantinoren ama Luzianoren oso debota izan zen. Handik Nikomedia inguruko herri inperial batera joan zen. Bertan hil zen maiatzaren 22an, Mendekoste egunean.[19]

Aurreko enperadoreek bezala, Konstantino dibinizatu zuten. Gorpua, berak ezarri zuen bezala, Konstantinoplako Apoleoion basilikan lurperatu zuten. Paul Veyneren arabera, hileta «kristautasunaren apoteosi inperiala» izan zen.[20] Geroago, Konstantzio II.a semeak elizaren ondoan mausoleoa eraikitzea agindu zuen, tenplua eta hilobia bereiziz. Mausoleoan, Konstantinoren sarkofagoak beste hamabi zituen inguruan, apostolu bakoitza irudikatzen zutenak; hau ulertzeko jakin behar da Konstantinok bere burua «hamahirugarren apostolua» gisa definitzea gustatzen zitzaiola. Sarkofagoetako batek ere ez zituen Kristoren dizipuluen erlikiak, ordea.

Kostantinoren semeak eta ondorengoak: Konstantino II.a, Konstantzio II.a eta Konstante.

Hil baino bi urte lehenago, Konstantinok haren oinordetza antolatu zuen. Baina Konstantinok ez zuen testamenturik idatzi eta, haren heriotzaren ondoren, Konstantinoren hiru semeek, lehiakide posibleak ezabatzeko, benetako odol-bainua eragin zuten Konstantinoplan.

Abuztuaren amaieran, Konstantinoren hiru semeek (Konstantino II.a, Konstantzio II.a eta Konstante) Panonian bildu ziren, ziurrenik Sirmiumen, botere inperialaren banaketa negoziatzeko. Erabaki zuten hirurek izango zutela "augusto" titulua, eta ez zela bat ere gailenduko besteen gainetik. Horrek esan nahi zuen hirurek legeak egin zitzaketela eta beren funtzionarioak eta ofizialak izenda zitzaketela. Lurraldeen banaketa ere adostu zuten. Irailaren 9an armadak "augusto" izendapenak aldarrikatu zituen eta Erromako Senatura bidali zituzten; Senatuak onartu egin zituen.[21]

Kanonizazioa eliza ortodoxoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusebio Zesareakoaren arabera, Konstantino I.a 337ko maiatzaren 22an hil zen, Mendekoste igandean.[22] Egutegi ortodoxo gehienetan erregistratuta dago, maiatzaren 21ean, bere ama Helena Konstantinoplakoaekin batera, batzuetan 22an, San Konstantino bezala. Greziako eliza ortodoxoan, "Konstantino Apostoluen parekotzat" hartzen zaio.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. hezkuntza.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2016-7-20).
  2. http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia1.asp?sarrera=Konstant20
  3. Drijvers, J.W. Helena Augusta: The Mother of Constantine the Great and the Legend of Her finding the True Cross (Leiden, 1991) 9, 15–17.
  4. Clauss, Manfred (2001) [1996]. Constantino el Grande y su época [Konstantin der Grosse und seine Zeit]. Flashback bilduma, 15.zk. Madrid: Acento Editorial. ISBN 84-483-0611-2. 22.-23. or.
  5. Roldán, José Manuel (2006). «Constantino, el primer emperador cristiano». La Aventura de la Historia (94): 52-59.
  6. Potter, David (2013). Constantine the Emperor. New York: Oxford University Press. ISBN 978-0-19-975586-8. 97.-99.or.
  7. Sotinel, Claire (2019). Rome, la fin d'un empire. De Caracalla à Théodoric. 212-fin du V siècle. Catherine Virlouvetek zuzenduta. Mondes Anciens bilduma. Paris: Belin. ISBN 978-2-7011-6497-7. 232.-233. or.
  8. Clauss, Manfred (2001) [1996]. Constantino el Grande y su época [Konstantin der Grosse und seine Zeit]. Flashback bilduma, 15.zk. Madril: Acento Editorial. ISBN 84-483-0611-2, 25.or.
  9. Constantino el Grande y su época, 26.or.
  10. Roldán, José Manuel (2006). «Constantino, el primer emperador cristiano». La Aventura de la Historia (94): 55.or.
  11. Clauss, Manfred (2001) [1996]. Constantino el Grande y su época [Konstantin der Grosse und seine Zeit]. Flashback bilduma, 15.zk. Madril: Acento Editorial. ISBN 84-483-0611-2. 27-28.or.
  12. Sotinel, Claire (2019). Rome, la fin d'un empire. De Caracalla à Théodoric. 212-fin du V siècle. Catherine Virlouvet-ek zuzenduta. Col. Mondes Anciens, Joël Cornettek zuzenduta. Paris: Belin. ISBN 978-2-7011-6497-7. 244.or.
  13. Kelly, Christopher (2006). «Constantine, Britain's roman emperor». History Today 56 (7): 25-31. 25.or.
  14. García Moreno, Luis A. (1998). El Bajo Imperrio romano. Historia Universal Antigua bilduma, 15.zk. Madril: Síntesis. ISBN 84-7738-620-X. 53.or.
  15. Clauss, Manfred (2001) [1996]. Constantino el Grande y su época [Konstantin der Grosse und seine Zeit]. Flashback bilduma, 15.zk. Madril: Acento Editorial. ISBN 84-483-0611-2. 53.or.
  16. García Moreno, Luis A. (1998). El Bajo Imperio romano. Historia Universal Antigua bilduma, 15.zk. Madril: Síntesis. ISBN 84-7738-620-X. 54-55. or.
  17. Sotinel, Claire (2019). Rome, la fin d'un empire. De Caracalla à Théodoric. 212-fin du V siècle. Catherine Virlouvet-ek zuzendutako liburua. Mondes Anciens bilduma. Paris: Belin. ISBN 978-2-7011-6497-7, 278.or.
  18. Clauss, Manfred (2001) [1996]. Constantino el Grande y su época [jatorriz Konstantin der Grosse und seine Zeit]. Flashback bilduma, 15.zk., Madril: Acento Editorial. ISBN 84-483-0611-2.
  19. Potter, David (2013). Constantine the Emperor. New York: Oxford University Press. ISBN 978-0-19-975586-8.
  20. Veyne, Paul (2008) [2007]. El sueño de Constantino. El fin del imperio pagano y el nacimiento del mundo cristiano [Quand notre monde est devenu chrétien (312-394)]. Bartzelona: Paidós. ISBN 978-84-493-2155-9.
  21. Sotinel, Claire (2019). Rome, la fin d'un empire. De Caracalla à Théodoric. 212-fin du V siècle. Catherine Virlouvet-ek zuzenduta. Mondes Anciens bilduma. Paris: Belin. ISBN 978-2-7011-6497-7. 298-299.or.
  22. https://remacle.org/bloodwolf/historiens/eusebe/constantin1.htm

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]