Edukira joan

Katmandu

Koordenatuak: 27°43′N 85°19′E / 27.71°N 85.32°E / 27.71; 85.32
Wikipedia, Entziklopedia askea
Katmandu
काठमांडौ
काठमांडौ
येँ
hiria
Administrazioa
Estatu itsasgabe Nepal
Province of NepalBagmati Province
District of NepalKathmandu District
AlkateaBalendra Shah
Izen ofizialaKathmandu
Jatorrizko izenaकाठमांडौ
Geografia
Koordenatuak27°43′N 85°19′E / 27.71°N 85.32°E / 27.71; 85.32
Map
Azalera49.450.000 m²
Altuera1.300 m
Demografia
Biztanleria845.767 (2021)
Metropolia2.510.788
Dentsitatea0 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera723
Telefono aurrizkia01
Ordu eremuaUTC+05:45 eta Nepal Standard Time (en) Itzuli
Hiri senidetuakIsfahan, Piongiang, Xi'an, Chengdu, Eugene eta Matsumoto
http://www.kathmandu.gov.np/

Katmandu (nepaleraz काठमांडौ) Nepalgo hiriburua eta hiririk handiena da, 1.006.656 biztanlerekin (2012). Nepal erdialdeko haranean dago, Bagmati eta Vishnumati ibaien artean eta 1.317 metroko garaieran. Metropoli eremuak hiru barruti hartzen ditu: Lalitpur, Bhaktapur eta Katmandu bera, eta hiruren artean bi milioi eta erdi biztanleko eremua osatzen dute.

Izena sanskritozko kāṣṭh (काष्ठ) = "egurra, zura" eta maṇḍap (मंडप/मण्डप) = "teilatua" hitzen elkarketatik dator 1596ean Laxmi Narsingh Malla erregeak eraikitako Kaasthamandap zurezko tenpluari egiten dio erreferentzia.

Katmanduko merkatua, 1920. Eskuinaldean, Bhairavaren eskultura bat.

Indusketa arkeologikoek diotenez, Katmandu bera eta ondoko bi herrixka dira Katmanduko bailarako herririk zaharrenak: K.a. 169 eta K.o. 1 urteen artean sortuak bide dira. Hala ere, Neolito garaiko tresnak ere aurkitu izan dira: horri esker, bailara askoz lehenago populatua egon zela ondoriozta daiteke.

Kirat dinastiako erregeak izan ziren inguruko lehenengo agintariak eta beren palazioaren aztarnak Patanen daude. 464 urteko inskripzio batzuek Licchavi dinastia kokatzen dute agintean. Ondoren newaria zen Malla dinastia iritsi zen, XII. eta XVII. mendeen artean nagusi izan zena.

1768an Shah dinastiako Prithvi Narayan Shah Nepal guztia batu asmoz, Katmanduko ibarra konkistatu eta hiriburua Katmandun ezarri zuen, aurreko hiriburu Bhaktapurrek aske iraun baitzuen. 1814 eta 1816 artean gerra anglo-nepaldarra gertatu zen, zabaldu nahian zebiltzan Nepal eta Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiaren artean. Nepalek lur batzuk galdu zituen, Terai lautada eta Sikkim batez ere, nahiz eta gero britainiarrek Terai lautadaren zati handi bat itzuli, 1857ko Indiako matxinada garaitzen emandako laguntzagatik.

XVII. eta XX. mende artean, Shah dinastiako erregeek boterearen erabilpen autoritarioa egiten ari zirela eta demokraziaren aldeko mugimenduak hasi ziren sortzen. 1946an Nepali Congress Party alderdia sortu zen eta 50. hamarkadarako parlamentu bat abian jarri zen Katmandun. Hurrengo urteetan, istilu ugari izan ziren eta demokraziak aurrera eta atzera egin zuen, baina beti ere erregeak ziren agintari Nepalen.

XXI. mendea era traumatiko batean hasi zen, 2001eko ekainaren 1ean Dipendra printzeak errege familia osoa hil baitzuen eta handik bi egunera bere buruaz beste egin zuen. 2008ko hauteskundetan alderdi komunistek lortu zituzten parlamentuko eserlekuak eta monarkia absolutuaren amaiera iragarri zuen. 2008ko maiatzaren 28an, Asanblada Konstituziogile berriak errepublika federal aldarrikatu zuen, 564 bozetik aldeko 560 lortu ondoren. 240 urteko monarkiari amaiera eman zion.

2015eko apirilaren 25ean, lurrikara handia izan zen eta Katmanduko ibarrean txikizio handia eragin zuen. 6.000 pertsona inguru hil ziren eta eraikin historiko ugari behera erori ziren.

Ezaugarri klimatikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima epeleko eremuan kokaturik dago, udan 28-30ºC inguruan dabil eta neguan, aldiz, 10ºC. Euriaren % 65 montzoi garaian izaten da, hau da, ekainetik abuztura. Garai horretan, 1.400 mililitroko prezipitazioak jasotzen ditu Katmanduk. Gainontzeko hileetan, nahiko lehorra da, ez baititu 200 ml-ak gainditzen.

Eguraldi samur horrek, ordea, efektu negatiboa du, hiriak izugarrizko poluzioa baitauka. Jendearen, trafiko handiaren eta industriaren kutsadurari tenploetan egiten diren kremazioak gehitzen zaizkio eta Katmandu ibarra mendi altuz inguraturik dagoenez, eguraldi txarra izan ezean, bertan geratzen da kutsadura guztia.

    Datu klimatikoak (Kathmandu, 1981-2010)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 19.1 21.4 25.3 28.2 28.7 29.1 28.4 28.7 28.1 26.8 23.6 20.2 25.6
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 2.4 4.5 8.2 11.7 15.7 19.1 20.2 20.0 18.5 13.4 7.8 3.7 12.1
Pilatutako prezipitazioa (mm) 14.4 18.7 34.2 61.0 123.6 236.3 363.4 330.8 199.8 51.2 8.3 13.2 1454.9
Euri egunak (≥ 1 mm) 2 3 4 6 12 17 23 22 15 4 1 1 110
Iturria (1): Department of Hydrology and Meteorology (1981-2010) [1]
Iturria (2): World Meteorological Organization (UN) (precipitation days only)[2]

Katmandu herri merkataria izan da bere sorreratik bertatik. Gaur egun, artisautzako produktuak (bitxiak, pashminak, alfonbrak, nepalgo tipikoa den paper begetala, oihalak) esportatzen ditu eta horrek irabazien % 19 osatzen du, batez ere AEBetara, Alemaniara, Japoniara, Erresuma Batura eta Kanadara.

Bigarren aktibitate ekonomikoa turismoa da. 1950ean Nepalek isolamendu politika bukatu zuen. Aireportuak zabaldu ziren eta 1956an Tribhuvan errepideak Katmandu Indiako mugarekin elkartu zuen. 1960. urtetik aurrera, Katmandu turistentzako bisitaleku ospetsua bilakatu da, mugimendu hippiea arrazoi. Geroago, mendizaleak iritsi ziren, Himalaiak erakarrita. Auzorik turistikoena Thamel da: bertako kale estuetan, hotelak, ostatuak, jatetxeak, mota guztietako dendak, bidaia ajentziak eta gauez musika zuzenean esakintzen duten tabernak daude. Etxe arteko patioetan estupa eta tenplo txiki ugari daude eta plaza txikietan merkatuak kokatzen dira.

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katmandu bere tenplu eta jauregi budista eta hinduen kopuru handiagatik berezia da. Gehienak XVII. mendea baino zaharragoak dira, baina haietako asko lurrikarek eta kutsadurak hondatuta daude, zoritxarrez. Katmanduko ibarrean UNESCOk Gizateriaren ondare izendaturiko zazpi leku daude. Bereziki aipatzekoak dira Katmandu, Patan eta Bhaktapur hirietako Durbar plazak.

Swayambhunath Tenplutik Katmandu bailararen ikuspegia

Hiri eta herri anaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. NORMALS FROM 1981-2010. Department of Hydrology and Meteorology (Nepal) (Noiz kontsultatua: 14 October 2012).
  2. World Weather Information Service – Kathmandu. UN (Noiz kontsultatua: 2010-05-01).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]