Edukira joan

Txipiroi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kalamar» orritik birbideratua)
Txipiroi
Kretazeo Berantiar-Gaur egun[1]

Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaBilateria
FilumaMollusca
KlaseaCephalopoda
SuperordenaDecapodiformes
Ordena Teuthida
A. Naef, 1916
Azpibanaketa
Plesioteuthididae (incertae sedis)

Myopsina
Oegopsina

Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuaksquid as food (en) Itzuli

Txipiroiak itsasoko zefalopodo dekapodo multzo bat dira, txibiaren senideak, eta Teuthida ordena osatzen dute. Beste zefalopodoek bezala, txipiroiek buru bereizia dute, aldebiko simetria, hegalak eta besoak. Txibiek bezala, txipiroiek hamar garro dituzte, pareka antolatuak, horietako bi luzeagoak. Haragijaleak dira. Luzera aldakorra dute espeziearen arabera: zentimetro batzuetatik hamar metroraino.

Espezie batzuk jateko onak dira, bereziki txipiroi arrunta (begihandia) eta euskal sukaldaritzan oso erabiliak, batez ere txipiroiak beren tintan eta txipiroiak Lohizuneko eran prestatzeko. Teuthida ordenak bi subordena ditu, Myopsina eta Oegopsina: bigarrenaren barnean txibia erraldoia (Architeuthis dux) eta txipiroi kolosala (Mesonychoteuthis hamiltoni) daude.

Todarodes pacificus baten sabelaldea:
1-Sifoia
2-Garro luzea
3-Ahoa (mokoa)
4-Hegatsak
5-Garroak
6-Burua
7-Mantua edo palioa

Organismoaren atal handi bat mantu edo palio izeneko kanpo-tolestura bigunean dago, alboko bi hegatsekin txipiroi txikietan (Loligo generoan) edo hegats handi bakarrarekin txipiroi erraldoietan[2]. Planctoteuthis generoko espezieak eta Joubiniteuthis portieri espezieak, mantua baino luzeagoa den isats-pedunkulu bat dute, inguruan hegats kiribil batekin. Ezaugarri honek igo eta jaistea ahalbidetzen dio, helikoptero baten antzera.

Suzi baten itxurako mantu honek barrunbe bat du, barrunbe paleala, erraiak aurkitzen diren tokia. Barrunbe honetan daude zakatzak (gas trukatzea egiteko) eta aparatu nagusiak (ugal, iraitz eta digestio aparatuak), bertatik produkzioak kanporatzeko (gametoak, gernua eta gorotzak).

Burua eta garroak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txipiroien buruak ondo bereiziak daude eta sentipen organo guztiak eta harraparitzako gehienak ditu. Burmuin nahiko garatua daukate, beste ornogabeekin alderatuta. Gainera, espezie handienek axoi erraldoiak dituzte, 1 milimetroko diametroa izateraino. Nerbio zuntz horiek mantura iristen dira eta erreakzio-propultsio sisteman parte hartzen dute.

Mastigoteuthis baten bentosak.

Txipiroiak, txibien antzera, Decabrachia subordenakoak dira, hau da, 10 garro dituzten zefalopodoak. Ohikoena beste zortziak baino luzeagoak diren bi garro izatea da. Garro horiek bentosak dituzte, harrapakinak kontrolatzeko erabiliak. Mintz batek garroen oinarriak batzen ditu, baina ia ez da nabaritzen, olagarroetan ez bezala. Espezie batzuetan, bentosek kako txiki batzuk dituzte, harrapakina hobeto eusteko. Bentosak independenteak dira. Horiek guztiak banaka kontrolatu ahal izateko, garroek nerbio-zuntz lodia dute erdian, gihar zirkular eta erradialek inguratua.

Bi garro luzeenen muturrak zapalagoak dira eta bertan baino ez daude bentosak. Garroen bolumena konstante mantentzen da: gihar zirkularrak uzkurtzean erradioa txikitu egiten da, eta luzera handitu. Horrela, % 70 luza daitezke eta % 23 estutu[3]. Espezierik handienek muturretan kako zorrotzezko bi errenkada dituzte. Harrapakinak ihes egiteko ahalegina egiten badu, kakook haragian barrurago sartzen dizkio [4].

Begia hurbiletik

Zefalopodoek ikusmen binokularra dute, buruaren bi aldetan kokatutako begi handiekin. Hortik datorkio begihandi izena, txipiroi handia denean. Ornodunen begiekin alderatuta, egitura desberdina da, betsarea eta nerbio optikoa kanpoan baitaukate eta, hortaz, ez dute puntu itsurik.

Begi bakoitzak kristalino gogor bat du. Fokatzeko, kristalinoa higitu egiten da, kamera baten leiar baten antzera (gizakiarenean, aldiz, kristalinoa uzkurtu egiten da). Begiak alderantzizkoak dira, hau da, erretinako zelulak argi-iturrirantz begira daude.

Txipiroi kolosalaren mokoa.

Mokoa, ahoaren kanpoaldean, zefalopodoon ehun gogor bakarra da. Bi barailaz osatuta dago eta behekoa goikoa gaineztatzen du. Zati ebakitzailean gogor-gogorra eta elastikoa da. Mokoaren gogortasuna hainbat elementuren kontzentrazioaren araberakoa da: kitinaren, uraren, DOPA izeneko molekularen eta histidinan (aminoazido bat) aberasturiko proteinen arabera[5]. Ertz ebakitzaileak kaltzio karbonatoa ere dauka.

Mokoen itxura eta tamaina espezie bakoitzaren araberakoa da, milimetro batzuetatik dezimetro batzuetara luze. Txipiroi kolosalak moko handiena eta sendoena du[6].

Sukaldaritzan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Txibierro frijituak.

Txipiroiekin errezeta asko egiten dira: Euskal Herrian plantxan eta beren tintan prestatuak tipikoak dira, baita tipularekin ere. Txibierroak ere ezagunak dira. Madrilen txipiroiak Erromako erara prestatzen dituzte eta oso famatuak dira ogitartekoan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Tanabe, K.; Hikida, Y.; Iba, Y.. (2006). «Two Coleoid Jaws from the Upper Cretaceous of Hokkaido, Japan» Journal of Paleontology 80 (1): 138–145.  doi:10.1666/0022-3360(2006)080[0138:TCJFTU]2.0.CO;2..
  2. (Frantsesez) Michel Raynal. Le « monstre de Floride » de 1896 : Cachalot ou pieuvre géante ?. .
  3. Karl M., Wilbur; Trueman, M.R.; Clarke, E.R.. (1985). The Mollusca. 11. Form and Function. 11 New York ISBN 0-12-728702-7..
  4. (Ingelesez) Blog du Museum of New Zealand Te Papa Tongarewa. Hooks and suckers. .
  5. Le mystère du bec du calmar: un couteau sans manche. .
  6. (Ingelesez) Museum of New Zealand Te Papa Tongarewa. Txipiroi kolosalaren eskema interaktiboa. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]