Edukira joan

Joe Sacco

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joe Sacco

(2005)
Bizitza
JaiotzaKirkop1960ko urriaren 3a (64 urte)
Herrialdea Malta
Hezkuntza
HeziketaUniversity of Oregon (en) Itzuli : kazetaritza
Sunset High School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakkomikigilea eta kazetaria
Lantokia(k)Portland
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Genero artistikoanon-fiction comics (en) Itzuli

Discogs: 1928568 Edit the value on Wikidata

Joe Sacco (Kirkop, Malta, 1960ko urriaren 2a - ) kazetari, gidoilari eta komikigilea da.

Haren lan ezagunenak eleberri grafikoak dira: Palestina[1][2] (1996) eta Gazako Oin-Oharrak (2009), israeldar eta palestinarren arteko harremanei buruzkoak; eta Goražde Eremu Babestua (2000) eta Bitartekaria (2003), Bosniako gerrari buruzkoak. Lan hauek underground komikien eta kazetaritza-kroniken tarteko estilo berezi bat dute, eta sari garrantzitsuak lortu dituzte.

Joe Sacco Maltan jaio zen, 1960ko urriaren 2an. Urte bat bete bezain pronto, gurasoek Melbournera eraman zuten bizitzera, Australiara, eta han igaro zuen haurtzaroa 1972an familia Estatu Batuetako Los Angelesera lekualdatu zen arte.

1981ean graduatu zen Oregongo Unibertsitatean, kazetaritza ikasketak eginda, baina denbora hartan egin zituen kazetari-lanak ez zitzaizkion oso interesgarriak iruditu. Hortaz, Maltara itzuli zen bi urte beranduago, bere kazetari jardueraz ahazteko asmoz, eta bertan garatu zuen marrazketarako zaletasuna.

Maltan izan zuen lehen lana bertako argitaletxe batentzat bidaia-gidak idaztea izan zen. Komikizaletasunera itzuli zen, eta Imħabba Vera ("Egiazko Maitasuna") izeneko amodiozko komikiak idatzi zituen malteraz. Malteraz idatzitako lehenengo "art-comic"ak izan ziren.

Estatu Batuetara itzuli zen 1985ean, Portlanden jarri zen bizitzen eta komiki-aldizkari satirikoak argitaratzen hasi zen. 1986an Los Angelesera joan zen bizitzera, eta bertan hasi zen Fantagraphics Books argitaletxearekin lankidetzan.

1988an munduan zehar bidaiatzea erabaki zuen, bere komiki-liburua, Yahoo, idazten ari zen bitartean. Liburu honek hainbat gai desberdin jorratzen zituen, baina argitaleetxeei ez zitzaien asko interesatu. Europan zegoela, Golkoko Gerrak bere jakin-mina piztu zuen, eta hari buruzkoa da Yahoo 2 komiki-lana. Golkoko Gerrari buruz idazteak Sacco Ekialde Hurbila gehiago ezagutzera eraman zuen. Israel eta Palestinara bidaiatu zuen asmo horrekin, eta 1991an Palestina proiektuarekin hasi zen lanean. Lan honetan, Palestinar Lurralde Okupatuetan pasatutako hiru hilabeteetan bizi izan zituen esperientziak kontatzen ditu. Lan hau komiki-sail modura argitaratu zen 1993 eta 1995 artean, eta American Book Awards sari ospetsua irabazi zuen 1996an[3].

Ondoren, Bosniako gerrak piztu zuen bere jakin-mina, eta Sarajevo eta Goražde bisitatu zituen. Bertan, Palestinan egin zituen estilo bereko erreportaiak egin zituen: Goražde Eremu Babestua (2000) eta Bitartekaria komikiak eta Gerraren Amaieran agertzen diren istorioak. Goražde Eremu Babestuak eleberri grafiko original onenaren Eisner saria irabazi zuen 2001ean.

2006an Baina Gustatzen Zait argitaratu zuen, rock and rollaren inguruko istorien bilduma, eta geroago Txetxeniar Gerra, Txetxeniar Emakumeak, txetxeniar iheslariei buruzkoa. 2009ko abenduan Gazako oin-oharrak argitaratu zuen, ospea eman zion gaia jorratuz berriz ere. Liburu honek 1956an gertatu zen palestinar zibilen sarraski bat kontatzen du, ohiko komunikabideetan kontatu ez zena.

2012ko ekainean Estatu Batuetako pobreziari buruzko liburu bat argitaratu zuen, Hondamen Egunak, Matxinada Egunak, Chris Hedges kazetariarekin batera.

2014ko udan, Joe Saccok Lehen Mundu Gerrari buruzko 130 metroko mural bat marraztu zuen Montparnasseko geltokian, Parisen. 2016an, Thiepvalgo Sommeko guduaren Memorialak museo-gune bat eta 60 metroko mural berri bat zabaldu zituen. Murala Joe Saccok egina zen, bere Gerra Handia: 1916ko uztailak 1: Sommeko Guduaren Lehen Egunatik ateratakoa.

Bere azken lana Lurra Ordaintzen (2020) da, eta klima aldaketa eta Kanada ipar-mendebaldeko Dene indigena-komunitatea lantzen ditu bertan. Egilearen ustez, izan ere, indigena hauek genozidio kultural bat jasan zuten, derrigorrezko eskolatzearen eta hitzarmen kaltetsuen bitartez.

Sacco Portlanden, Oregonen, bizi da gaur egun.

Estiloa eta lan egiteko modua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere lanak egiteko, Joe Saccok elkarrizketak egin eta inguruneko argazkiak ateratzen ditu, sarritan prentsa-akreditaziorik eta agintarien baimenik gabe. Horren ondorioz, bere liburuetan marrazten dituen pertsonaietako bat bihurtzen da bera bere. Etxera itzultzerakoan, bildutako materiala ordenatu eta lana marrazteari ekiten dio. Objektibotasuna ilusio bat dela jakinik, Joe Saccok bere burua marrazten du bere komikietan. Hau zintzotasun adierazgarri bezala ikusi ohi da, irakurleei "historiaren filtroa eta lupa" bera dela esanez bezala. Saccoren ustez, "Komikiak beste inolako erreportaia-formatuk ez duen indarra du. Errepikatzen diren irudiek errealitatea modu mantsoago batean irudikatzen dute, batzuetan isilik, beste batzuetan bunbuiloen laguntzaz, eta irakurleen buruetan egiten dute lan, bakoitzak bere erritmoa aukeratu dezakeelarik".

Joe Saccok kronikak kontatzeko modu berri bat asmatu du, istorio handiak istorio pertsonal txikien ondoan kontatuz; ekintzan parte hartzen du, bere jarrera argi utziz eta ezagutzen dituen pertsonekin izaten dituen elkarrizketak erakutsiz. Bere lana Art SpiegelmanenMaus: biziraule baten kontakizuna komiki-liburuaren egilearen— lanarekin konparatu izan ohi da, komiki-liburu hori izan baitzen, hain zuzen ere, kazetaritzaren Pulitzer Saria irabazi zuen lehen komikia.

Lan garrantzitsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1996-2001: Palestina
  • 2000: Safe Area Goražde: The War in Eastern Bosnia 1992-1995
  • 2003: The Fixer: A Story from Sarajevo
  • 2003: Notes from a defeatist
  • 2005: War's End: Profiles from Bosnia 1995-96
  • 2006: But I Like It

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Palestina. Euskarazko Edizioa» www.astiberri.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-21).
  2. Ereñaga, Amaia. «Joe Saccoren ‘Palestina’ nobela grafiko ikonikoa euskarara ekarri du Astiberrik» Naiz (Noiz kontsultatua: 2023-12-21).
  3. "Newswatch: Joe Sacco Wins an American Book Award for Palestine," The Comics Journal #188 (July 1996), p. 8

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]