Israelen kontrako Hamasen erasoa (2023)
Israelen kontrako Hamasen erasoa (2023) Ekialde Hurbileko krisi bat eta 2023-2024ko Israel-Palestina gerraren hasiera izan zen. Gazako Zerrendatik, Hamas buru zutela, erakunde politiko-militar palestinarrek Israeli eraso egin zioten urte horretako urriaren 7an. Kanpainak bi egun iraun zuen, Israelgo lurraldearen hegoaldean. Erasoan, 1.200 pertsona inguru hil ziren, gehienak israeldarrak, eta erakunde palestinarrek 250 pertsona inguru, zibil eta militar, bahitu eta Gazara eraman zituzten gatibu. Gainera, mila palestinar miliziano inguru hil ziren.
Israelek kontraeraso luze eta gogor bati ekin zion Hamasen eta, oro har, Gazako palestinarren kontra bere ahalmen militar osoaz, eta Gazari setio orokorra ezarri. Israeldar oldar hori Zisjordaniara eta beste eskualde mugakide batzuetara hedatu zen. Gatibuen krisia hilabetetan luzatu zen, Israel-Palestina gerraren beste atal bat bilakaturik. Heriotza kopuruan, Israelgo Defentsa Indarrek berek hildakoak zenbatu behar dira. Ordu arteko Gaza-Israel krisietan ikusi gabeko gertaera izan zen. Eraso hori 1948ko Arabiar-israeldar Gudutik egungo Israelgo lurraldean zuzenean jazotako lehen gatazka da.[1][2]
Zibilen kontrako erasoek Hamasen kontrako gerra krimenen eta giza eskubideen urraketa salaketak harrotu zituzten Israelen. Guztiagatik, palestinar erasoon Israelgo agintarien bertsio ofiziala auzitan jarria izan da, eta agintari horiek biktima batzuen testigantzak partzialki zentsuratu dituzte.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2023ko urrian hasitako gatazka militarra israeldarren eta palestinarren arteko gatazka historikoaren agerpen larri bat da, aurrekari hurbilenak 2023ko udaberriko eta udako istilu eta erasoetan dituena. Horien artean, Hamasek israeldar judu ultraortodoxoak Al-Aksa meskitako zelaira sartzea aipatu du urriaren 7ko erasoaren sorburu nagusitzat, «profanaziotzat» jota.[3]
Hamasen erasoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erasoaren nondik norakoak eta nahasmena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urriaren 7ko ordu txikietan, Hamasek ezusteko eraso bat abiatu zuen Gazatik, ordu arte inoiz ez bezalakoa: airekoa, itsasokoa eta lurrekoa. Besteak beste, 5.000 suziritik gora jaurti zituzten Gazatik, eta dozenaka milizianok une hori baliatu zuten muga pasatu eta zenbait herriren kontrola bereganatzeko.[4] Hango hedabideen arabera, militarrak bahitu eta hil zituzten —tartean, komandanteak, Hamas erakunde politiko islamistak adierazi zuenez—, eta, denera, behin-behineko datu ofizialen arabera, gutxienez 700 israeldar hil zituzten eta 2.200 baino gehiago zauritu. Ivan Illarramendi euskal herritarra ere hil bide zuten, Israelgo iturrien arabera.[5]
Erasoaren unean, 4.000 pertsona inguru Tribe of Nova musika jaialdia ari ziren ospatzen, Hamasek hori ez bazekien ere, Kibbutz Ra'im herria omen baitzuten begiz jota. Pentsatzen da jaialdian, Hamasko kideak ez ezik, 364 pertsona hil zirela, haietako «ehunka batzuk» bertaratutako DFIren helikopterotik bereizi gabe jendartera tirokatu ondoren.[6] Egun haietan, mila palestinar miliziano inguru atera ziren hilik, Israelgo militarrek adierazi zutenez.[7]
Bestalde, aldameneko Be'eri kibbutzean, Yasmin Portat-ek, kibbutzetako erasoetatik bizirik ateratako kolonoak, urriaren 15ean adierazi zuen bertaratutako israeldar indar militarrek zibil ugari hil zituztela, «dudarik gabe». Denen kontra bereizketarik gabe jo omen zuten, Hamasko kideek zibil horiek gatibu hartu eta gero, eta gaineratu zuen ere bahitzaileek gizalegez tratatu zituztela.[8][9] Israelgo estatu irratiak biktimaren lekukotza zentsuratu zuen.[10] Beste lekuko israeldar batek ere adierazi zuenez, kibbutz horretako gatibuak bizirik zeuden urriaren 9an, harik eta DFIk bahitzaileak eta gatibuak guztiak hil zituen arte, tokia kontrolpean hartzearen ordainetan: 112 pertsona, orotara.[10]
Israeldar bahituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamasek urriaren erdialdean eginiko adierazpen baten arabera, erakundeak 250 israeldar hartu zituen gatibu,[11] tartean beste herrialde batzuetako pertsona batzuk ziren arren. Jihad Islamikoa ere oldarraldira batu zen —baieztatu zuen 30 lagun zituela bahituta—, «batailaren» parte dela ziurtatuta. Hori ikusirik, Israelgo armadak gerra egoera deklaratu zuen.[4] Hamaseko Khaleed Meshalek eta beste erakunde palestinar batzuek Israelen preso dauden 6.000 preso askatzea ezarri zuen gatibuak askatzeko baldintzatzat.[12]
Gaza aldameneko Israelgo hamabi herritako milaka pertsona ebakuatu zituzten, eta militar israeldarrek alimaleko mobilizazioa agindu zuten, 300.000 erreserbista armadarekin bat egitera deituz. Urriaren 25erako, Hamasek gatibu banaka batzuk askatu zituen. Haietako bat, 85 urteko Yocheved Lifshitz, kritiko agertu zen Israelgo Gobernuarekin, eta bahitzaileen tratu ona azpimarratu.[13] Haatik, abendu hondarrean, Tel Aviveko Ichilov psikiatria zentroko buruak adierazi zuen azaroan aske geratu Hamasen gatibu asko tratamendu intentsiboan zirela jasandako traumak zirela medio, batzuk "drogatuak" izan eta sexu abusuak jasan omen baitzituzten.[14]
Askapen horretatik bi egunetara, Hamasek jakinarazi zuen bere 50 gatibu israeldar hilik zirela, israeldar bonbardaketen ondorioz, adierazi zutenez.[15] Azaro amaierako pausa humanitarioan, 105 gatibu israeldar aske geratu ziren eta, trukean, Tel Avivek 240 palestinar preso askatu zituen. Hilabete erdi geroago, polemika bizia sortu zen Israelen, estatu horretako armadaren bozeramaileek onartu ondoren abenduaren 17an, ustez erraturik, hiru gatibu israeldar hil zituztela, armarik gabe eta gerritik gora biluzik egon eta bandera zuriak eraman arren, «terroristen amarru bat» zelakoan.[16]
Gazaren aurkako israeldar kontraerasoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gazako lurralde biziki jendeztatua «aire zabaleko espetxe» gisa deskribatu dute palestinarrek eta hainbat GKEk. 2006an Gazako hauteskundeak irabazi zituenetik, Hamasen kontrolpean dago lurraldea. 2007an Israelek lurreko, aireko eta itsasoko itxiera inposatu zion Gazari, eta urteak dira zerrendako herritarren egoera humanitarioa larria dela. Blokeo hori okupazio mota bat da, nazioarteko zuzenbidearen arabera.[17]
Israeli eraso egin eta berehala, Benjamin Netanyahu Israelgo presidenteak «mendeku latza» agindu zuen Hamasen kontra.[18] «Hamas munduko lurrazaletik desagerrarazteko», israeldar segurtasun iturriek segurtatu zuten «lurrazala berdindu» behar zutela.[19] Israelek munduko armada ahaltsuenetako bat du, 2.200 tanke baino gehiagoz osatua eta 169.500 militar aktiborekin, eta urteko 3.800 milioi dolarreko AEBren babesaz.[20] Hamasek indar militar nabarmen txikiagoa du, ekipamenduz zein pertsona kopuruz.[21]
Indar militar israeldarrek kontraeraso militar zabal bati ekin zion Hamasen erasoen ondoren, airez Gazako eraikinen kontra joz eta batzuk erabat suntsituz, tartean zirela osasun zentroak, OMEk jakinarazi zuenez. Gazako hamar milaka herritarrek beren etxeetatik ihes egin zuten.[22] Israeldar agintariek 2006tik kazetariak Gazan sartzeko debekua ezarri zuten, urriaren 7tik guztiz eraginkorra izan zen kazetarientzat Zerrenda horretan sartzeko baimena. Palestinar kazetariak geratu ziren berri-emaile bakar;[23] are, Israelek kazetariak jarri zituen jo-puntuan, Israel barnean zentsura estu bat ezartzeaz gain.[24]
Erasoa Israelek aurreikusia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]The New York Times egunkariaren arabera, Israelgo inteligentziak bazekien urtebete lehenago Hamas erasoak prestatzen ari zena eta haien plana zein zen, elkarrizketek, mezu elektronikoek eta dokumentuek agerian utzi zutenez.[25]
40 orrialde inguruko dokumentu batek, israeldarrek eskuratu eta Israelgo agintariek kodean “Jerikoko Pareta” izendatuak, puntuz puntu azaltzen zituen urriaren 7an geroago jazoko zen eraso hilgarria. Dokumentuak ez zuen erasorako data bat zehazten, baina eraso metodiko baten berri azaltzen zuen, mugako 60 puntutan Israelen kontrolpeko lurraldera sartuz, Gazako Zerrenda inguruko gotorlekuak azpiratuko zituena, baita Israelgo hiriak mendean hartu eta base militar erabakigarrietara sartu ere. Urriaren 7an, dokumentu horretan adierazitakoa Hamasek zehaztasun handiz bete zuen.[25]
Aldiz, Israelgo Armadako arduradun batek ezikusia egin zion aukera horri, errealista ez zela iritzita, analistak antzeko aurrekariak gogora ekarri bazituen ere. Axolagabekeria hori, dena den, urtebetez luzatu zen jarrera erratuen beste bat izan zen. Israelgo Gobernuan guztiz erroturik zegoen era horretako eraso bat jazotzea ezinezkoa zelako sinesmena eta, ondorioz, muzin egin zitzaien erasoa gauzatuko zelako gero eta froga gehiagori.[25]
Erasoa baino asteak lehenago, Israelen Nahal Ozeko kontrol hesiko israeldar behatzaileek, haietako asko emakumeak, beren arduradun militar israeldarrei ohartarazi zieten inoiz ez bezalako erasoa prestatzen ari zela Gazatik, erasorako maniobra militarrak ere tartean. Behatzaileek beren arduradunei jakinaraztean, berriz, ukapena izan zuten erantzun. Israelgo Armadako behatzaile horiek, baita Israel iparraldean kokatuek ere, 2024ko urriaren hasieran salatu zuten beren arduradunek haiek isilaraztea besterik ez zutela nahi, eta adierazi zuten «babesik gabe» sentitzen zirela, «Libanotik ere eraso egin» dakiekeelakoan. [26]
Erasoen kudeaketari buruzko israeldarren iritzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behatzaile batzuek gertaera horiek hirugarren intifada palestinar baten hasiera direla aipatu zuten.[oh 1] Urriaren 20an argitaratu inkesta baten arabera, israeldarren % 80k uste zuten Netanyahu presidenteak bere gain hartu behar zuela erantzukizun publikoa urriaren 7ko defentsa akatsengatik.[28]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Lehen eta bigarren intifaden ostean.[27]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Beauchamp, Zack. (7 October 2023). «Why did Hamas invade Israel?» Vox.
- ↑ (Ingelesez) Erlanger, Steven. (7 October 2023). «An Attack From Gaza and an Israeli Declaration of War. Now What?» The New York Times ISSN 0362-4331..
- ↑ (Ingelesez) Beauchamp, Zack. (2023-10-07). «Why did Hamas invade Israel?» Vox (Noiz kontsultatua: 2023-12-13).
- ↑ a b Ostolaza, Ander Perez Zala-Julen Otaegi Leonet- Paulo. (2023-10-08). «Israelgo Armadak Hamasek atzo hartutako eremu gehienak berreskuratu ditu» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-08).
- ↑ Berria. (2023-11-08). «Urriaren 7tik Israelen desagertuta zegoen euskal herritarraren gorpua aurkitu dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Detrás del ataque de Hamás al festival Tribe Of Nova: Israel admite que mató a civiles» El Financiero 2023-11-22 (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ (Ingelesez) Israel killed at least 1,000 Gaza infiltrators, reinforcing nationwide, military says. Reuters.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Yasmin Porat, superviviente israelí del derramamiento de sangre en el kibutz Beri: "eliminaron a todos, incluidos los rehenes" en el fuego cruzado» Tercera Información (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ (Ingelesez) «Israel settler: ‘Israel forces killed hostages, not Hamas’» The Middle East Monitor.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) La entrevista censurada por la radio estatal israelí a Yasmín Porat, sobreviviente del ataque del 7 de octubre al Kibbutz Be’eri. 2023-10-26 (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan:
ez da testurik eman
Izenik_gabekoa_2-20231105093837
izeneko erreferentziarako - ↑ (Ingelesez) «Hamas seeks Palestinian prisoners' release, calls non-Israeli captives 'guests'» Reuters 2023-10-17 (Noiz kontsultatua: 2023-10-30).
- ↑ Berria. (2023-10-25). «Israelgo Gobernuaren kontra mintzatu da Hamasek askaturiko bahituriko bat» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-25).
- ↑ (Ingelesez) Borger, Julian. (2023-12-28). «Many hostages released by Hamas still being treated for trauma» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Hamás asegura que unos 50 rehenes han muerto por los bombardeos israelíes» RTVE.es 2023-10-26 (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
- ↑ «Israelek «nahi gabe» hildako hiru bahituek bandera zuri bat zeramaten» Berria 2023-12-16 (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
- ↑ Zala, Ander Perez. (2023-10-15). «Gaza: gerrak eta pobreziak hartua» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-15).
- ↑ (Ingelesez) «Israel's Netanyahu vows 'mighty vengeance' against Hamas» Reuters 2023-10-07 (Noiz kontsultatua: 2023-10-30).
- ↑ (Ingelesez) Fernández, Belén. «Israel is taking scorched earth policy to a new level» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-12-30).
- ↑ (Ingelesez) AJLabs. «How big is Israel’s military and how much funding does it get from the US?» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-16).
- ↑ «En 5 minutos - ¿Qué armamento tienen Israel y Hamás?» France 24 2023-10-23 (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
- ↑ (Ingelesez) Sullivan, Helen; Chao-Fong, Léonie; Bayer, Lili; Belam, Martin; Doherty, Ben; Chao-Fong, Helen Sullivan (now); Léonie; Doherty (earlier), Ben. (2023-10-10). «Netanyahu says Israel’s siege ‘just getting started’ – as it happened» the Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-10-10).
- ↑ (Ingelesez) Sherwood, Harriet. (2023-12-12). «‘Hugely frustrating’: international media seek to overcome Gaza ban» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2024-01-08).
- ↑ (Ingelesez) Narea, Nicole. (2023-12-08). «Israel’s wartime assault on the free press» Vox (Noiz kontsultatua: 2024-01-08).
- ↑ a b c «Israel Knew Hamas’s Attack Plan More Than a Year Ago» Israel Knew Hamas’s Attack Plan More Than a Year Ago.
- ↑ (Katalanez) «Les militars israelianes que van preveure l'atac del 7 d’octubre denuncien que continuen essent silenciades» VilaWeb (Noiz kontsultatua: 2024-10-14).
- ↑ https://indianexpress.com/article/explained/explained-global/third-intifada-hamas-israel-escalation-8972498/
- ↑ (Ingelesez) Bachner, Michael. «Poll: 80% of Israelis say Netanyahu must take public responsibility for Oct. 7 failures» www.timesofisrael.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-22).