Edukira joan

Gloria Fuertes

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gloria Fuertes

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakGloria Fuertes García
JaiotzaMadril1917ko uztailaren 28a
Herrialdea Espainia
HeriotzaMadril1999ko azaroaren 27a (82 urte)
Familia
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, poeta eta haur literaturaren idazlea
Jasotako sariak
MugimenduaPostismoa
1950eko belaunaldia
Genero artistikoaHaur eta gazte literatura
haur literatura
olerkigintza

Musicbrainz: cd3f66fe-08b2-4904-8274-a291473c48dc Discogs: 1467723 Find a Grave: 7395839 Edit the value on Wikidata

Gloria Fuertes García (Madril, Espainia, 1917ko uztailaren 28a1998ko azaroaren 27a)[1] gaztelaniazko poeta bat izan zen, 1936ko belaunaldikoa. Postismo izenez ezaguna den mugimenduarekin ere lotu ohi da. Batez ere, 1970eko hamarkadan egin zen ezagun, Televisión Española (TVE) telebista-kateko haur- eta gazte-programetan parte hartu zuelako; arrakasta horrek, neurri batean, gerraosteko poeta gisa zeukan ospea estali zuen. Poesia-lanetan, batez ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, bakezaletasuna eta ingurumena jorratu zituen.

Gloria Fuertes Madrilgo Lavapiés auzo ezagunean jaio zen. Ama jostuna eta zerbitzaria zuen; aita, berriz, eskolazaina. Fuertesek oso zorrotz zaintzen zuen bere intimitatea, eta ezer gutxi zabaldu da bere familia-bizitzaz.

Letren aldeko jakin-mina bost urterekin hasi zitzaion, ipuinak eta marrazkiak egiten hasi zenean. Familiak zaletasun hori lantzeko ezer egiten ez bazuen ere, Fuertesek idazten jarraitu zuen. Honela aipatzen zuen Gloriak berak garai hura:[2]

Cuando mi madre me veía con un libro, me pegaba. Nadie de mi familia me dijo nunca «escribe, hija, escribe, que lo haces bien...». Nadie. No tengo nada que agradecer a mi familia. Pero cuando se quiere una cosa, aunque tu familia no te ayude, se consigue. Si vales de verdad y quieres algo con todas tus ganas, sales adelante seguro.

[Itzulpena: «Amak, liburu batekin ikusten ninduenean, jo egiten ninduen. Familian inork ez zidan sekula esan "idatzi, ume, idatzi, ondo egiten duzu eta...". Inork ez. Ez daukat ezer nire familiari eskertzekorik. Baina zerbait nahi duzunean, familiak laguntzen ez badizu ere, lortzen duzu. Benetan balio baduzu eta benetan desio baduzu, aurrera egiten duzu, ziur.»]

Autorretratua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poesia autobiografikoan egindako autorretratuaren arabera, Gloria Fuertes bakartia, fededuna, lesbiana, maitabera, ezkongabea, feminista, erretzaile porrokatua, bakezalea, madrildar peto-petoa eta poeta zen. Poema batzuetan bere lesbianismoari buruz dihardu sotilki; adibidez, «Lo que me enerva», «Me siento abierta a todo» eta «A Jenny» poemetan.[3][4]

Ibilbide literarioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeen Lanbide Hezkuntzako Institutura joan zen, eta ikasketa hauek egin zituen: takigrafia, mekanografia, higienea eta haurtzaintza.[5]

1932an, hamalau urte zituela, bere lehen poema argitaratu zuen: Niñez, Juventud, Vejez.[2] 1934an ama hil zitzaion, eta metalurgiaren alorreko lantegi batean hasi zen beharrean; kontabilitate-lana egiten zuen bitartean, poemak idazteko tartea ere hartzen zuen. Hurrengo urtean, 1935ean, bere lehen bertsoak argitaratu zituen umeei zuzendutako aldizkari batean, eta lehendabiziko errezitalak egin zituen Radio Madrid irratian. 17 urterekin, lehenengo poema-liburua idatzi zuen: Isla ignorada (1950).[5]

1938 eta 1958 bitartean bulego batean jardun zuen idazkari, eta 1939 eta 1953 bitartean Maravillas haur-aldizkariko erredaktorea izan zen, non astero haurrentzako ipuinak, istorioak eta poesiak argitaratzen baitzituen. Erredaktore-lanetan zebilela, 1942an Carlos Edmundo de Ory poeta ezagutu zuen, 'postismo' mugimenduaren sortzaileetako bat; Oryk soneto bat bidali zuen aldizkarira, eta Fuertesek argitaratzea erabaki zuen. Hasiera batean adiskidetasun-harremana eta harreman intelektuala izan zituzten, eta gerora bikote-harremana ere izan zuten denbora batez.[4]

Errezitaldiak eta antzezlanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1940 eta 1945 bitartean Gloria Fuertesen obra ugari mustu ziren Madrileko hainbat antzokitan, bai haurrei zuzendutako antzerkia bai poema antzeztuak. Era berean, 1940 eta 1953 bitartean hainbat haur-aldizkari eta -gehigarritan kolaboratu zuen; aipatzekoak dira Coletas eta Pelines pertsonaien istorioak, haurren artean arrakasta handia izan zutenak. 1949an Canciones para niños liburua argitaratu zuen, eta 1950ean, ostera, Pirulí (Versos para párvulos). Bestalde, herri txikietara joaten zen lehenengo haur-liburutegi ibiltaria antolatu zuen.[5]

Horrekin guztiarekin batera, 1951n «Versos con faldas» emakume-taldea sortu zuen, María Dolores de Pablos eta Adelaida Las Santas-ekin batera. Bi urtez irakurraldi eta errezital ugari egin zituzten Madrileko kafetegi eta tabernetan.[6] Helduentzako aldizkarietan ere kolaboratzen zuen: Rumbos, Poesía Española eta El Pájaro de Paja, besteak beste. 1950ean, Arquero poesia-aldizkaria sortu zuen Antonio Gala, Julio Mariscal eta Rafael Mir-ekin batera, eta bera izan zen zuzendaria 1954ra arte.[5]

1952an, bertsotan idatzitako antzezlana bat estreinatu zuen lehen aldiz: Prometeo. Kultura Hispanikoaren Institutuko Antzokian antzeztu zuten, eta Valle-Inclán saria irabazi zuen.[5]

Crecieron las amapolas. Egilea:Maitane Azurmendi

Liburuzain eta irakasle

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1955 eta 1960 bitartean bibliotekonomia eta ingelesa ikasi zituen Madrileko Nazioarteko Institutuan, non Phyllis Turnbull hispanista estatubatuarra ezagutu baitzuen; 15 urteko bikote-harremana izan zuten, Fuertes hil aurreko urteraino iraun zuena.[4] 1958 eta 1961 bitartean liburuzain jardun zuen ikasketa egin zituen institutu berean, eta 1961ean AEBetako Fulbright beka lortu zuen, Bucknell-eko Unibertsitatean Literatura Espainiarreko eskolak emateko. Ondoren, Mary Baldwin eta Bryn Mawr unibertsitateetan aritu zen irakasle, 1963ra arte. Espainiara itzulita, gaztelania-eskolak eman zizkien amerikarrei Nazioarteko Institutuan. 1972an Juan March Fundazioak eskainitako Haur Literaturako beka bat lortu zuen.

1970eko hamarkadaren erdialdean TVE Espainiako telebistako hainbat haur-programatan parte hartu zuen, hala nola Un globo, dos globos, tres globos, La mansión de los Plaff eta La cometa blanca. Haurren poeta gisa arrakasta handia lortu zuen[7], eta horrek ezkutatu egin zuen, neurri batean, poesian izandako ibilbidea. Telebistako lanagatik Aro de Plata saria jaso zuen hainbat bider. Garai hartatik aurrera, etengabe aritu zen irakurraldi eta errezitaldiak eskaintzen, omenaldiak jasotzen eta haurrei zein helduei zuzendutako poesia idazten.

Gloria Fuertes 1998ko azaroaren 27a hil zen, eta Madrileko Cementerio Sur hilerrian lurperatu zuten.[1] Testamentuan, bere ondasun guztiak "Ciudad de los muchachos del padre Jesús Silva" umezurtz-etxearen izenean utzi zituen. 2001ean, Fuertesen gorpuzkiak Alcobendaseko (Madril) Bakearen Hilerrira eraman zituzten.[5]

Garapen literarioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950eko belaunaldia eta 'postismoa'

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gloria Fuertesek "autodidaktatzat" eta "poetikoki eskolatu gabekotzat" zeukan bere burua.[3] Halere, kritikariek 1950eko belaunaldiarekin eta 'postismo' mugimenduarekin lotu izan dute.[6][8]

1950eko belaunaldiari dagokionez, Fuertesek garai horretan idatzi zuen, eta poesiaren bidez salaketa morala egiten zuen, Celaya, Blas de Otero, José Hierro, García Nieto, Ángel Crespo eta Buosoño poetek bezala; batez ere, gai hauek jorratzen zituen: bakardadea, mina, bidegabekeria soziala, maitasuna, Jainkoa eta heriotza. Dena den, aipatu poeta horien guztien poemek mina, desamodioa eta maitasuna sorburu badute ere, Gloria Fuertesek, besteek ez bezala, herriarengana heltzen jakin zuen. Berak zioenez, Antes de contar las sílabas, los poetas tienen que contar lo que pasa ["Poetek, silabak kontatu aurretik, gertatzen dena kontatu behar dute"].[8]

1942an Carlos Edmundo de Ory ezagutu zuen, eta, haren eskutik, 'postismo' izenez ezagutzen den mugimendu poetikoarekin bat egin zuen. Garai hartan, mugimendu horren inguruko aldizkarietan eta La Cerbatana-n kolaboratu zuen, Ory, Eduardo Chicharri eta Silvano Sernesi poetekin batera.

Bere obra poetikoan ez dira argi bereizten autobiografia eta fikzioa. Batzuetan fikziozko "Gloria" bat sortzen zuen, eta benetakoak ziruditen datu faltsuak esleitzen zizkion; beste batzuetan, berriz, informazio autobiografikoa esleitzen zion "Gloria" hari. Poemetan bere esperientziak eta beste batzuenak azaldu zituen, eta, ondorioz, zentsura frankistaren debekua ezagutu zuen. Bere baliabiderik behinenetakoak jolasa, mozorroa eta harridura ziren.[9]

'Postismo' mugimenduaren eraginez umorearen bidezko jarrera poetiko desmitifikatzaile bat garatu zuen, errealitatea eraikitzeko eta gauzen egiazkotasuna azaltzeko modu kritiko bat bilakatu zena.

Gerra zibiliaren itzala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra zibilak arrasto sakona utzi zion, eta bere poesia-lanetan nabarmenak dira gerraren aurkako jarrera eta zibilizazioaren absurdoaren aurkako protesta. Berak esana da: "Gerraren tragediarik gabe, beharbada ez nuke sekula poesiarik idatziko". Baina gerraren tragedia egon egon zen, eta Gloria Fuertes gerraondoko poesia femeninoaren lehenengo ahotsetako bat izan zen, Carmen Conde eta Ángela Figuerarekin batera, besteak batzuen artean.[8] Esperientzia gogor haren ondorioz, Fuertesek ironiaz hitz egiten du gai unibertsalei buruz: maitasuna, mina, heriotza eta bakardadea. Horrez gain, metafora bitxiak eta liluraz, soiltasunez eta freskuraz beteriko jolas linguistikoak erabiltzen ditu, poemei ahozkotasunetik gertu dagoen musikaltasuna eta kadentzia eransten dizkietenak.[4]

Genero-berdintasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Texas-eko Unibertsitateko Sharon Keefe Ugalde ikertzailearen arabera, Gloria Fuertesen ahozkotasun mazal eta berariaz arruntak poeta madrildarra garai hartan onartutako eredu poetikotik aldentzea ekarri zuen, eta horrek azaldu lezake ospe handiagoa lortu ez izana. Hainbat adituren ustez, emakumea, lesbiana eta pobrea izatea ere oztopo izan zituen arrakastarako bidean.[9] Nolanahi ere, Indianako Unibertsitateko Reyes Vila-Belda-ren arabera, espazio poetiko bat ireki zien ahotsik gabekoen kezkei, hots, emakumeei oro har eta emakume langile eta pobreei bereziki.[9]

Gloria Fuertesek emakumeen eskubideak aldarrikatu zituen; lehenik eta behin, irakurtzeko, idazteko, lan egiteko eta poeta izateko eskubidea. Era berean, zalantzan jarri zuen frankismoaren garaian aurkeztutako emakume-eredu berria, "emakumearen bazterrekotasuna goretsi eta, horrekin, haren identitatea berresten" zuena, Vila-Beldaren iritziz.[9]

1978an "Tres reinas magas: Melchora, Gaspara y Baltasara" argitaratu zuen, gaur egun haur-literaturako klasiko bat dena: Errege Magoei ezinezkoa zaie Belenera joatea, eta haien emazteek ordezkatuko dituzte, hartara paper garrantzitsu bat jokatuta. Istorio horren bidez, Fuertesek gerraostean emakumeei esleitutako etxe-txokoari aurre egin nahi zion, eta adierazi nahi zuen amak ere errege magoak direla, aitak gerrara joaten direnean izarrari jarraitzeaz eta haurtxoari opariekin adoratzeaz arduratzen direlako.[10]

Genero-berdintasuna defendatzeaz gain, Gloria Fuertes bakezalea izan zen —Vietnameko eta Kanbodiako gerren eta Espainiako gerra zibilaren aurka agertu zen—, baita ingurumenaren defendatzailea ere.[9]

Gloria Fuertes Fundazioko presidente Paloma Porpetta-k argi azaltzen du Fuertesek "lehen mailako literaturan" daukan garrantzia. Besteak beste, nabarmentzen du Fuertes eta Gabriela Mistral direla gaztelaniazko ehun poeten lanak jasotzen dituen Norton antologian agertzen diren emakumezko poeta bakarrak. Jaime Gil de Biedma poeta katalanak ere Fuertesen bertsoak sartu zituen hainbat bilduma garrantzitsutan, Gabriel Celaya, José Agustín Goytisolo eta José Hierroren poemekin batera.[4]

Gloria Fuertes kalea Esteponan, Andaluzia

Haur-literatura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Canciones para niños (1952)
  • Villancicos (1956)
  • Cangura para todo (1968)
  • Don Pato y Don Pito (1970)
  • Aurora, Brígida y Carlos (1970)
  • La pájara pinta (1972)
  • El camello cojito (1978)
  • El hada acaramelada (1973)
  • La gata chundarata y otros cuentos (1974)
  • El dragón tragón (1978)
  • La momia tiene catarro (1978)
  • El libro loco. De todo un poco (1981)
  • El perro que no sabía ladrar (1982)
  • El abecedario de don Hilario (1983)
  • Trabalenguas para que se trabe tu lengua (1988)
  • La princesa que quería ser pobre (1942)
  • Prometeo (1952) Primera obra de teatro en verso
  • El chinito Chin-cha-té (1955)
  • Petra, un señor pregunta por ti (1970)
  • Las tres reinas magas (1978)

Haur aldizkarien lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurrei zuzendutako aldizkako argitalpenetan lan batzuk.

Helduentzako literatura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Isla ignorada (1950)
  • Antología y poemas del suburbio (1954)
  • Aconsejo beber hilo (1954)
  • Todo asusta Caracas (1958)
  • Que estás en la tierra (1962)
  • Ni tiro, ni veneno, ni navaja (1965) Premio Guipúzcoa
  • Poeta de guardia (1968)
  • Cómo atar los bigotes al tigre (1969) Accésit premio Vizcaya
  • Antología poética (1950-1969)
  • Sola en la sala (1973)
  • Cuando amas aprendes geografía (1973)
  • Obras incompletas (1980)
  • Historia de Gloria: (amor, humor y desamor) (1983)
  • Mujer de verso en pecho (1983)
  • Pecábamos como ángeles (1997)
  • Glorierías (1999)
  • Es difícil ser feliz una tarde (2005)
  • El Rastro (2006)

Euskaraz eta Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «La lectura de poemas pone un acento entrañable al entierro de Gloria Fuertes» El Mundo. EFE (1998-11-28) (Noiz kontsultatua: 2017-07-28).
  2. a b de Cascante, Jorge. (2017). El libro de Gloria Fuertes. Antología de poemas y vida. Blackie Book, 17 or..
  3. a b «Autobiografía: Gloria Fuertes» La mitad invisible, 2012 (TVE) (2012-10-27) (Noiz kontsultatua: 2017-07-28).
  4. a b c d e Uribarri, Fátima. "Phyllis: el gran amor de Gloria Fuertes". (Noiz kontsultatua: 2017-07-28).
  5. a b c d e f [www.gloriafuertes.org Biografía. ] (Noiz kontsultatua: 2017-07-28).
  6. a b Fernández López, Justo. [hispanoteca.eu Poesía española de los años cincuenta. ] (Noiz kontsultatua: 2017-07-28).
  7. Fernández-Santos, Elsa. «Gloria Fuertes, una poesía mayor de edad» El País (Noiz kontsultatua: 2017-07-28).
  8. a b c [www.cervantesvirtual.com «La autora: Apunte biobibliográfico - Gloria Fuertes»] Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes (Noiz kontsultatua: 2017-07-28).
  9. a b c d e Fuentes, Verónica. Gloria Fuertes la poeta de Lavapiés: mujer, lesbiana y pobre. (Noiz kontsultatua: 2017-07-28).
  10. H. Riaño, Peio. Las reinas magas, un invento de hace 36 años. (Noiz kontsultatua: 2017-07-28).
  11. «Gloria Fuertes-en atril artistikoaren inaugurazioa pasabidean (Bidebidea, Jubilatuen Etxearen ondoan) .Hainbat jarduera antolatu ditu Ekialde Barrutiko Berdintasun Lantaldeak» www.donostia.eus (Donostia.eus) (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  • "El libro de Gloria Fuertes", Jorge Cascante (2017)
  • "Mi Amor, Gloria Fuertes", Julio Santiago (2017)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]