Gilen Burdinezko Beso
Gilen Burdinezko Beso (jaiotzez, ziurenik Guillaume de Hauteville; italieraz: Guglielmo Braccio di Ferro, frantsesez: Guillaume Bras-de-Fer, sizilieraz: Gugghiermu Vrazzu di Ferru, latinez: Willelmus Ferreabrachia; 1010 baino lehen - 1046) normandiar abenturazalea izan zen, Goiuriko etxearen ondasunen sortzaileetako bat. Tankredo Goiurikoaren hamabi semeetako bat zen eta bere anaia Drogorekin batera 1035 inguruan gaur egungo Italiako hegoaldean zehar bidaiatu zuen, Aversako konte zen Rainulf Drengoten deialdiari jarraiki.
1038 eta 1040 artean, beste normandiar batzuekin batera Melfiko lombardiarrekin borrokatu zuten Bizantziar Inperioaren mertzenario gisa Sizilian, sarrazenoen aurka. Bertan Burdinezko Beso ezizena eman zioten, Siracusako emirra hil zuelako. Giorgio Maniace greziarrak Arduino Lombardiarra umiliatu zuenean lombardiarrak eta normandiarrak erretiratu ziren. Maniace Konstantinoplara itzuli zenean Mikel Dukianok Arduino Melfiko agintari izendatu zuen. Melfik, Apuliako beste lombardiar batzuekin batera, bizantziar agintearen aurkako errebolta piztu zuen, Gilen eta beste normandiarren laguntzarekin. Bizantziarrek lortu zuten matxinatuen buruak erostea (lehenago Atanulfo Beneventokoa eta bero Argyrus). 1042ko irailean normandiarrek euren lider berria hautatu zuten, Arduino alboratuz. Matxinada, hasiera batean lombardiar, laster bilakatu zen normandiar.
Argyrusen defekzioaren ostean Gilen aukeratu zuten normandiarrek euren "konte". Bera eta beste buru batzuek, euren artean Drogo eta Petri I.a Tranikoa zuedela Guaimar IV.a Salernokoari eskatu zioten euren konkistak onar zitzan. Melfi eta inguruko lurrak eman zizkioten eta Guaimar "Apulia eta Kalabriako Duke" izendatu zuten. 1043an, Melfin, Guaimarrek eskualdea zatitu zuen (Melfi kenduta) hamabi jaurerritan, normandiar nagusiei onruak emanez. Gilenek Ascoli jaso zuen. Bertan ezkondu zen Guidarekin, Guy Sorrentokoaren alaba eta Guaimarren iloba.
Erregetza honetan Gilen eta Guaimarrek Calabria konkistatu zuten 1044an eta Stridulako gaztelua eraiki zuten. 1045an Tarantotik gertu Argyrusen aurka galdu zuen. 1046aren hasieran hil zen, eta bere anaia Drogok hartu zuen bere lekua. Bere titulua inoiz konfirmatua izan ez bazen ere Drogo Comes Normannorum totius Apuliae e Calabriae izendatua izan zenez, Gileni ere titulu bera ematen zaio.