Filipe III.a Borgoinakoa
Filipe III.a Borgoinakoa (Dijon, 1396ko uztailaren 31 – Brujas, 1467ko ekainaren 15a), izengoitiz Filipe Onbera (frantsesez: Philippe le Bon, nederlanderaz: Filips de Goede), Borgoinako dukea izan zen 1419-1467 bitartean. Haren agintaldian erdietsi zuen Borgoinak prosperitate eta prestigioaren gailurra.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Joan Beldur Gabea eta Margarita Bavierakoaren semea zen. 1419ko irailaren 10ean, Joan hil zuten Monteraun, Karlos Frantziako dofinaren aginduz. Horren ondorioz, Filipe Borgoinako duke bilakatu zen.
Haren lehenbiziko erreakzioa Ingalaterrarekiko aliantza berrestea izan zen. 1420an Troyesko ituna sinatu zen, Henrike V.a Ingalaterrakoa Frantziako koroaren legezko oinordekotzat ezagutzen zuena, 1423an arreba Ana Joan Lancasterkoarekin ezkondu zuen, eta Borgoinako tropek lagundu zioten Henrike V.ari ondoko urteetan[1]. Borgoinar tropak izan ziren 1430ean Joana Arc-ekoa preso hartu eta ingelesen esku utzi zutenak.
Bestalde, Borgoinar Herbehereak eratu zituen, Rhin eta Eskalda ibaien arteko lurraldeak bateraturik: 1429an, Namurko Konderria jaso zuen; 1430ean, Filipe Bravantekoa hil eta gero, Brabante eta Linburgo bereganatu zituen; eta 1433an, Jacqueline Bavariakoa hil ostean, Hainaut, Zeelanda eta Holanda jaso zituen. Azkenik, 1443an Luxenburgoko dukerria oinordetu zuen.
1435ean Arraseko Bakea sinatu zuen Karlos VII.a Frantziakoarekin; horren bidez Borgoinak, de facto, Frantziako Erresumatik independizatzea lortu zuen. Harrezkero gutxitan sartu zen Frantziako gorabeheretan, eta bere estatua gobernatzeaz arduratu zen. Doleko unibertsitatea sortu zuen (1422), Flandesko industria eta merkataritza sustatu zituen, eta artista (Jan van Eyck, Rogier van der Weyden, Hans Memling) zein idazleen (Jean Wauquelin, Jean Miélot) babeslea izan zen[1]. Aipagarria da 1429an zalduntza ordena bat sortu zuela, Urrezko Ahari-larruaren Ordena (frantsesez: Ordre de la Toison d'or, nederlanderaz: Orde van het Gulden Vlies), aldi berean eredu etiko eta jokabidezko baten adierazpen gorena zena, eta orobat basailuak eta aliatuak biltzeko eta saritzeko tresna politikoa[2].
Ezkontzak eta seme-alabak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1409an, 13 urte zituelarik, Mikaela Valoiskoarekin (1395-1422), Karlos VI.a Frantziako erregearen alabarekin, ezkondu zen. Mikaelak 14 urte zituen. Alaba bat izan zuten:
- Agnès Borgoinakoa, gazterik hil zena.
- 1424ko azaroaren 23an, Bona Artoiskoarekin (1396-1425) ezkondu zen Moulins-Engilberten. Ez zuten haurrik izan.
- 1430eko urtarrilaren 7an, Joanes I.a Portugalgoaren alaba Elisabetekin (1397-1471) ezkondu zen Brujasen. Hiru seme izan zituzten:
- Antonio (1430-1432)
- Josse (1432ko apirila-1432ko maiatza)
- Karlos Izukaitza (1433-1477), Borgoinako Dukerria oinordetu zuena.
Filipe Onberaren 24 maitale eta 18 haur sasiko dokumentaturik daude.
Zuhaitz genealogikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Poupardin, René. Burgundy. in: 1911 Encyclopædia Britannica, Volume 4. en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2016-03-16).
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Filipe III.a Borgoinakoa |