Felisa Libano
Felisa Libano | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Plentzia, 1917ko abenduaren 1a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | 2000ko urtarrilaren 10a (82 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikaria, dantzaria eta nekazaria |
Felisa Libano Arruti (Isuskitza, Plentzia, Bizkaia, 1917ko abenduaren 1a – 2000ko urtarrilaren 10a) nekazaria, pandero jotzailea eta dantzaria izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Isuskizako Beheko Kalen jaio zen 1917ko abenduaren 1ean, zapatuz. Amaren aldetik Isuskiza eraiki eta populatu zuten lehen gipuzkoarren ondorengoa zen. Bere aitaita Zumarragatik heldu omen zen Isuskizara. Aitaren aldetik, ostera, Isuskiza inguruko herrietako Libano abizena zuen.
Felisa umezurtz geratu zen hilabeteetako ume hankagorria zela. Tomas Arrizabalaga "Zitze"ren ama eroan zuen gripe izurrite berak hil zuen Felisaren aita ere, 1918. urtean. Gerora andra-gizonak izan zirenek elkarbanatzen zuten ezbeharra.
8 urte zituenean ezagutu zuen Felisak Tomas; neskatoa Isuskizako eskola inguruan zebilen negarrez. Tomas Zitzek, babesle, Felisaren negar anpuluen eragile ziren ume bihurriei agerika egin zien, baita Felisari txarrik ez egiteko agindu ere, egunen batean berarekin ezkonduko zela eta.
Felisa panderojole eta dantzari aparta zen. Gerora bere seme- alabei igaro zien zaletasun eta dohaia. [1]
1933ko otsailean Zitzera ezkondu ziren. Felisak 16 urte bete zituen urte hartan eta Tomas Zitzek 26 bete berri zituen. Ezkon jaia Zitzen ospatu eta Bilbora joan ziren ezkon bidaian. Tomasek itsasoa utzi eta esnebehiren bat eta ardiak ipini zituen Felisarekin batera. Tomas ardien zaintzan egotea eta Felisak janaria eroateko ohituraren memoria bizirik dago oraindino. Horrez gainera Felisak baratzean egiten zuen lan eta ortuariak (piperrak, tomateak...) saltzen zituen Plentzia, inoiz baita Portalte edo Portugaleten ere.
Zazpi ume ekarri zituzten mundura Tomas eta Felisak 1934 eta 1946 bitartean: Mari Angeles, Dolores (+), Inazio (+), Carmen (+), Bittor, Kepa eta Manu.
Ezkondu eta gerra hasi bitarteko urteetan soinu jotzea etxe barrua eta familia ospakizunetara mugatu zuen Tomas Zitzek. Aparteko diru-sarrera moduan, lantzean behin, Plentziako Ontziolako plazan jotzen jarraitu ei zuen. Ez lehenago bezain sarri, ordea. Eta alabarik zaharrenaren akorduan, batzuetan Felisak laguntzen omen zion.
Fredi Paiak Tomasi "Zitze"ri buruzko liburua osatzeko lehenengo elkarrizketa egin zuenean, Tomas eta Felisaren alabetako batek esana:
Gure aitten ganeko liburu? Politxo. Ta amari noz egingo dotsezue ba?
Bizitza osoa igaro zuten elkarrekin Felisa eta Tomasek. Zazpi ume atera zituzten aurrera eta soinu-parrandak baino askoz arazo handiagoei egin behar izan zieten aurre elkarrekin. Hasteko, ezkondu eta bigarren urtera gerra piztu zen. Tomasek Zitze utzi, Euzko Gudarosteko gudari bihurtu eta frontera abiatu behar izan zuen; bi egunetarako baino askoz denbora luzeagorako. Felisak bakarik egin behar izan zion aurre egoerari.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2000ko urtarrilaren 10ean hil zen 82 urteko Felisa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Fredi Paia: «Maiteminduta nago Tomas Arrizabalaga trikitilariaz»» Bizkaiko Hitza 2019-11-29 (Noiz kontsultatua: 2022-12-02).
- [*Zitze. Isukitze hauspogoran liburutik ( Fredi Paia Ruiz) Fredi Paia Ruiz. *Zitze. Isukitze hauspogoran liburutik (. ].