Edukira joan

Erromantizismoko musika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Berlioz, Signolen margolana, 1832
Schubert, Riederren margolana

Erromantizismoko musika XVIII. mende bukaeran abiarazi eta XIX. mendean zehar garatu zen musika-mugimendua da, erromantizismoaren printzipioetan oinarritu zena. Garai hartan, garrantzi handia eman zitzaion musikari. Giza banakoaren berezitasuna eta orijinaltasuna azpimarratu ziren, emozioen adierazpena, eta formaren askatasuna.

Beethoven eta Schubert izan ziren zubi klasizismoaren eta erromantizismoaren artean; forma klasikoak erabili bazituzten ere, haien musikaren indar bereziak eta manifestu gisako elementuen erabilpenak eredua eman zien XIX. mendeko musikari erromantikoei. Adierazpen dramatikorako aukerak zabaldu egin ziren bai tresnen errepertorioaren aberastearekin, bai musika forma berriak (lied, intermezzo, preludio, mazurka) sortzearekin. Musika sarritan oinarritzen zen poesian, elezaharretan, herri ipuinetan, eta hitzaren eta musikaren arteko lotura arreta handiz zaindu zen.

Erromatizismoaren lehen aroko musikari nagusiak Hector Berlioz, Frédéric Chopin, Felix Mendelssohn eta Franz Liszt dira; haien lanaz orkestrak oso adierazkortasun handia lortu zuen, eskala kromatikoa osoa erabili zuten, eta musikaren eta giza ahotsaren arteko harremanak ikertu zituzten. Geroxeago nabarmentzekoak dira Antonín Dvořák, Edvard Grieg eta Piotr Ilitx Txaikovski. Erromantikoek beren aberrien musika gauzatzeko egin zituzten ahaleginak Bohemiako Dvořák eta Smetanaren obretan ageri dira batez ere, eta baita Errusiako, Frantziako eta Eskandinaviako zenbait musikarirengan ere.

Opera erromantikoak emaitza ezin hobeak eman zituen Italian, Gaetano Donizetti, Vincenzo Bellini era Gioachino Rossiniren lanekin; Giuseppe Verdiren operetan jo zuen gorena. Alemanian Karl Maria von Weberrekin hasi zen opera erromantikoa lantzen, eta Richard Wagnerrek eraman zuen gailurrera, erromatizismoaren ezaugarriak eta abertzaletasun sutsua elkartuz.

Musika erromantikoaren azken aroan XIX. mendearen bukaerako eta XX.aren hasierako musikagileak aipatu behar dira: Gustav Mahler, Richard Strauss, Sir Edward Elgar eta Jean Sibelius.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]