Emilio Romero Gómez
Emilio Romero Gómez (Arevalo, Avila, Espainia, 1917ko uztailaren 21a - Madril, Espainia, 2003ko otsailaren 12a) gaztelaniazko idazle eta kazetaria izan zen. Lleida, Alacant eta Madrilgo zenbait argitalpenen zuzendari izan zen, Escuela Oficial de Periodismo eta Mutualidad de Escritores de Libros elkarteak zuzendu zituen, eta garrantzizko lanak egin zituen prentsan. Literaturari dagokionez, zenbait alor desberdin jorratu zituen, antzerkia, adibidez.
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aipagarriak ditu, besteak beste, ondoren aipatzen diren antzerkien bertsioak: Anna Bonnaciren Nire senarra atzean gelditu zen, Georg Büchnerren Dantonen heriotza, Bertolt Brechten Galileo Galilei, Mario Frattiren Jeloskor bat dabil hor zehar, Eduardo Bourdeten Atxiloa. Berak sorturiko antzerki-lan nagusiak, berriz, hauek dira: Historias de media tarde (1964, Arratsalde erdiko istorioak), Las ratas suben a la ciudad (1964, Arratoiak hirian gora), Lola, su novio y yo (1966, Lola, bere senargaia eta ni), Sólo Dios puede juzgarme (1969, Jainkoak soilik epai nazake). Eleberrigintzari dagokionez, Planeta saria irabazi zuen 1957an La paz empieza nunca (Bakea hasten da sekula) eleberriarekin, eta aipagarriak ditu, besteak beste, Una golfa subió a los cielos (1982, Emagaldu bat zerura igo zen), El cacique (1986, Kazikea) eta Tres chicas y un forastero (1987, Hiru neska eta atzerritar bat). Saiakeraren alorrean azpimarratzekoak dira Juegos limpios (1962, Joko garbiak); Cartas a un príncipe (1964, Gutunak printze bati); Cartas al pueblo soberano (1965, Gutunak herri burujabeari); Cartas al Rey (1973, Gutunak Erregeri); Crónicas malditas (1979, Kronika madarikatuak); Papeles reservados de Emilio Romero (1986, Emilio Romeroren isilpeko paperak) eta Testigo de la historia (1986, Historiaren lekuko).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.