Edukira joan

Bisigu ahogorri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bisigu ahogorri
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaBeryciformes
FamiliaBerycidae
GeneroaBeryx
Espeziea Beryx decadactylus
(Cuvier, 1829)

Bisigu erregina (Beryx decadactylus; Cuvier, 1829) Berycidae familiako ur gaziko arraina da [Euskal Herriko Arrainen Gida 1], ekialdeko Ozeano Barean izan ezik gainontzeko mundu osoko ur epel eta tropikaletan bizi dena[1].

Beryx decadactylus, Pasaiako lonjan ateratako argazkitik editatua (E. Bachiller, 2022; www.arrainak.eus)]
Beryx decadactylus, Pasaiako lonjan ateratako argazkitik editatua (E. Bachiller, 2022; www.arrainak.eus)]

Euskal izendegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bisigu erregina izendatzeko modu ezberdinak daude Euskal Herriko herri ezberdinetan[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
bisigu ahogorri
bisigu(en) errege[2] Donostia
errege[3][4][5] Bermeo, Mundaka
erregin
itsasoko erregin[5] Elantxobe
papardo(en) errege[5] Lekeitio, Ondarroa
papardo gorri[4][ArgitaratuGabe 1] Santurtzi, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Ondarroa

Ezaugarri fisikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bisigu erregina arrain ertain-txikia da. Gorputz altu, obalatu eta zapal xamarra du, kolore gorri dizdiratsuarekin. Helduek 25-40 zm inguru neurtzen dute[6][7]. Buru handia dute, luzera osoaren heren bat hartzen duena, begi oso handiekin. Behe-baraila ere irtena du, goiko ezpaina baino kanporago irteten dena. Aleta dortsal bakarra du, gorputzaren erdialdean kokatua. Aleta kaudala mehea eta luzea da, lobulo oso bereiztuekin. Aipatu aleta hauek guztiak kolore arrosa ere hartu dezakete, urteko sasoiaren eta arrainaren adinaren arabera[6].

Nahastu daitezken espezieak[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:

  • Bisigu arrunta (Pagellus bogaraveo): Nahasmen hau izendapenetik dator, arrainaren itxuratik baino gehiago; izan ere, bisigu erreginak kolorazio gorriska du, tamaina txikiagoa eta begi erlatiboki askoz handiagoekin.

Nutrizio-ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso arrain preziatua da gastronomian, bere haragi zuri eta finari esker, eta baita itsaski-zaporearekiko duen hurbiltasunagatik[8]. Bisigu erreginak balio nutrizional handia dauka, eta duen gantz kantitate altuagatik (zati jangarriaren %5), arrain urdina da. Mineral nagusien artean potasioa, iodoa, selenioa eta fosforoa dira garrantzitsuenak[6].

Kontsumo-garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bisigu erregina urte osoan zehar arrantzatzen da[Euskal Herriko Arrainen Gida 1].

Bisigu erregina arrain bentopelagikoa da, sakonera handiko uretan bizi ohi dena, 180 eta 800 m arteko uretan egon daitekelarik, bereziki plataforma kontinentalaren amaieran, hots, ezponda kontinentalaren inguruan[6]. Mundu osoko ozeanotan aurkitu daiteke, hala nola hegoaldeko Ozeano Barean, Indikoan, Atlantikoan (Afrikako mendebaldeko kostalde osoa, Madeira, Iberiar penintsula, Europako kostalde osoa, Norvegiaraino) eta Mediterraneoan[6][7].

Arrain helduak normalean itsas hondotik gertu elikatzen dira, bertako zefalopodo eta krustazeoez; gazteak ordea, ur zutabean aurkitzen den zooplanktona iragaziz elikatzen dira[6][9].

Bisigu erreginaren arrantza Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko kostaldean bisigu erreginaren harrapaketa handiak ez dira oso ohikoak, ez behintzat artisau-arrantzaleek porturatzen dituztenean, hondoko tretzaz harrapatu ondoren[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]. Arraste-arrantzak, halaber, harrapaketa handiak egin ditzake.

Arrain honen haragiak itsaski zaporea gogorarazten omen duela dioenik ere bada. Edozein kasutan, eta askorentzat hain ezaguna ez bada ere, oso arrain preziatua da gastronomian, eta bisigu arrunta baino garestiago ere saldu daiteke arraindegietan[Euskal Herriko Arrainen Gida 1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Maul, G.E., 1990. "Berycidae". 626. orr. J.C. Quero, J.C. Hureau, C. Karrer, A. Post & L. Saldanha Check-list of the fishes of the eastern tropical Atlantic (CLOFETA). JNICT, Lisboa; SEI, Paris; UNESCO, Paris. 2. Lib.
  2. Aranzadi Unamuno, T. (1933) Nombres de peces en Euskera. Don Fernando de Buen; Boletín de la Sociedad Española de Historia Natural. Revista Internacional de los Estudios Vascos (24), 386-397
  3. Eneko Barrutia Etxebarria (2000) ‘Arrainen izenak mendebaldean’ in ‘Mendebaldeko berbetearen formalizazinoa’. Mendebalde Euskal Kultur Elkartea; Bilbo.
  4. a b Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode: 1137-439X.
  5. a b c Barrutia, Eneko. (2019-02-24). «arrantzalien fonotekie: Bizkaiko arrantzaleen hiztegia A» arrantzalien fonotekie (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
  6. a b c d e f https://www.mapa.gob.es/es/ministerio/servicios/informacion/0039Palometa-roja_tcm30-102552.pdf
  7. a b «Beryx decadactylus, Alfonsino : fisheries» www.fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
  8. (Gaztelaniaz) «Virrey / Palometa Roja» Sal y Laurel (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
  9. (Ingelesez) Dürr, J; González, J. A. (2002-02-01). «Feeding habits of Beryx splendens and Beryx decadactylus (Berycidae) off the Canary Islands» Fisheries Research 54 (3): 363–374.  doi:10.1016/S0165-7836(01)00269-7. ISSN 0165-7836. (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).

Argitaratu gabeko erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ondarroako 'Kalare Deuna' Arrantzaleen Kofradiako hiztegia (2020)

Euskal Herriko Arrainen Gida

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]