Bioenergia
Bioenergia edota biomasa (energia), jatorri biologikoa duen biomasatik (ekologia) lortutako energia da. Ingurumeneko materia organikoaren prozesamenduz lortzen da energia mota hau, ekosistema desberdinetan pilatutako materiari beste erabilera bat ematea ahalbidetuz; erregai gisa zein ekoizpen industrialetarako iturri gisa alegia.
Ingurumeneko materia bizia zein hauen hondakinak dira bioenergiaren lorpenerako abiapuntuak (zuhaitzen enborrak, animalien gorotzak, ikatza…). Hau kontuan izanik, aipatzekoa da materia biziaz gain, materia ez bizia ere kontutan izan behar dela biomasaz (ekologia) hitz egiterakoan (animalia zein landare hilak, hauen hondakinak eta abar).
Abiapuntua biologikoa izan arren, jatorri geologikoa duten materia fosilizatuak (fosilak) ez dira erabiltzen prozesuan. Hau kontuan izanik, bioenergia energia berriztagarrien artean sailkatua izan da; prozesuan erabili diren materialen zein tekniken arabera, ingurumeneko inpaktua desberdina den arren.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiak lehendabizi ezagutu zuen iturri energetikoa izan zen bioenergia. Izan ere, suaren erabilera eta honek zekartzan onurak ulertu eta ezagutzean, izugarrizko aurrerakada izan zuen eboluzioak. Berotasuna zein defentsa eskaintzeaz gain, gainontzeko animalia espezieak menderatzea lortu zen garai honetan, eta beraz, bioenergiaren aurkikuntza giza espeziearen eboluzioko puntu garrantzitsuenetarikotzat kontsideratzen da.[1][2]
Energiaren sorrerak bioerregai desberdinen beharra zekarrenez, ezinbestekoak bihurtu ziren landare, enbor zein ingurumeneko materia organiko desberdinak gizakiaren egunerokoan. Materia desberdinen ezagutza eta erabilerarekin batera, honen prozesamendurako tresneria desberdinen sorrera ere indartuz joan zen, hasiera batean aurkikuntza ezezagun izan zena, gizartearen behar garrantzitsuenetariko bat bilakatuz.
Ugari izan dira historian zehar bioenergiaren produkziorako erabili diren metodo zein materialak, garaian garaiko teknika zein ezagutzak indartuz. Hala ere, urteak pasa ahala, energia iturri garrantzitsu izaten jarraitzen dute jatorri biologikoa duten materialek, garapen maila baxuko herrialdeetan indar handiena hartuz.
Terminologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biomasa eta bioerregai terminoak hainbatetan erabili dira batera, biomasa zuzenean erregai gisa erabil daitekeelako (adibidez, egur enborrak). Hau horrela izan arren, normalean bioerregai hitza garraiorako erabiltzen diren erregai likido zein gaseosoak aipatzeko erabiltzen da. Erregaia egiten den lehengai biologikoa adierazteko berriz, biomasa hitza erabiliz.
Bioenergiaren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eguzkia da Lurra planeta berotzeaz arduratzen den izarra, eta honekin batera, baita bertako milioika espezieren bizia posible bilakatzen duena. Energia maila ikaragarri altua izanik, suak bezalaxe bero kantitate handiak igortzen ditu Lurrera uhin elektromagnetiko gisa; atmosferako geruza desberdinak zeharkatu ostean lurrazalera zein ozeanoetara heltzen direnak alegia.[3]
Eguzkiaren energiak planetari eskainitako onuren artean, garrantzitsuenetariko bat Lurreko espezie batzuek garatutako fotosintesi ahalmena da. Lur lehorreko hainbat landare, eremu urtarreko (ur gazia zein ur geza) algak, zein mikroorganismo mota batzuk (zianobakterio eta mikroalgak) gai dira ura zein karbono dioxido molekulak erabiliz eguzkiak igorritako energiaren zati bat energia kimiko bilakatzeko. Modu honetan energia maila altuko materia organikoa ekoizten da, biomasa moduan ekosistema desberdinetan pilatu eta transformazio prozesu desberdinen bitartez bioenergia bilakatuko dena. Hau kontuan izanik, biomasa biltegiratutako eguzki energia dela esan daiteke. Urtero materia organikoaren tona ugari sortzen diren arren, hauen sakabanapen handia dela eta, oso tona gutxi dira energia gisa aprobetxatzen direnak.[4]
Sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bionergia biomasatik sortutako energia dela kontuan izanik, iturri desberdinetatik eratorria izan dateke. Energia lortzeko erabilitako biomasa mota eta honen jatorriaren arabera, sailkapen mota desberdinak egin daitezke; landareetatik eratorritako biomasa begetala (adarrak, fruituak, landare hondakinak…), edota animalia jatorriko biomasa (arrastoak, gorotzak...) esaterako.
Energia iturriaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Energia iturritzat erabilitako materialaren arabera ere sailkatu daiteke bioenergia. Honen arabera, ondorengo biomasa desberdinak aurkitu daitezke:[5][6][1]
Biomasa naturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Naturan berez sortzen den biomasa da, organismo fotosintetikoek eguzki-energia energia-kimiko bilakatzean sortzen den materia organikoa hain zuzen. Bioenergia guztien artean mota hau da herrialde azpigaratuetan gehien erabiltzen dena gaur egun.
Hondar-biomasa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hondar gisa agertzen den materia organikoa da; egurraren industriaren eta basoetako egur zatien hondarrak, nekazaritza jardueretan sortutako hondarrak, hirietan sorturiko hondar solidoak (kartoiak, paperak…), abeltzaintza hondarrak… Biomasa mota honen erabilera indartzeko ahaleginak dira azken urteetan indarra hartu dutenak. Izan ere, hondakin hauek energia gisa aprobetxatzeko aukera aztertu baita.
Kultibo energetikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biomasaren ekoizpenerako sortutako kultiboak dira, elikagai gisa erabiliko ez diren kultiboak hain zuzen ere (artoa, palma olioa…). Material hauen kantitate handien zein produkzio azkarraren beharra dela eta, hazteko azkarrenak, errazenak eta merkeenak diren kultiboak erabiltzen dira, nahiz eta azken urteetan (mikro)algen produkzioak indarra hartu duen. Biomasa honen erabilera masiboak kalte desberdinak eragin ditzake ingurumenean.
Egoera fisikoaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bestalde, egoera fisikoaren araberako biomasaren sailkapena ondorengoa da:
Biomasa solidoa (lehorra)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezagunena da, basoetako hondakinak (egurra), nekazaritza hondakinak (lastoa), hirietako hondakin solidoak (kartoia) eta mota honetako beste hainbat materia organiko biltzen dituena.
Biomasa likidoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Industriako zein abeltzaintzako hondakin biodegradagarriak daude talde honetan; hirietako hondakin-urak, olioak…
Biomasa gaseosoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biogas edota biometano bezala ezagutzen den biomasa mota. Gehienetan elikagai industria zein zabortegietako produktuen transformazioz lortzen da energia mota hau.
Biomasa mota desberdinen eraldaketa prozesuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biomasatik abiatuz bioenergia lortzeko buruturiko prozesuak ugari diren arren, erabilienetariko batzuk ondorengoak dira:
Errekuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biomasaren errekuntza prozesua lurrun-turbina sorgailuak erabiliz; elektrizitatea zein beroa lortzeko.
Pirolisia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Materia organikoaren deskonposaketa, tenperatura oso altuetan eta oxigenoaren ausentzian ematen dena.
Gasifikazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biomasa erregai gaseoso bilakatzea; elektrizitatea, beroa… lortzeko.
Biomasa motaren arabera berriz, desberdina izango da honen transformazioa, baita prozesuan lortutako etekina ere. Esaterako biomasa lehorrean aurkitzen den energia errazago eskuratzen da biomasa likidoarekin alderatuz.[7][8]
Biomasa lehorraren transformazioa eta etekina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erabilitako prozesu termokimikoak | Errekuntza | Pirolisia | Gasifikazioa |
---|---|---|---|
Prozesuan lorturiko produktuak | Beroa, elektrizitatea, ur baporea | Elektrizitatea, metanola | Erregaiak |
Errendimendua | %60-95 | %20-90 | %65-85 |
Biomasa likidoaren transformazioa eta etekina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erabilitako prozesu termokimikoak | Hartzidura anaerobioa | Hartzidura alkoholikoa |
---|---|---|
Prozesuan lorturiko produktuak | Metanoa (biogasa) | Etanola |
Errendimendua | %20-35 | %20-25 |
Erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biomasatik lortutako energiak hainbat funtzio desberdin izan ditzake. Batez ere berotzeko eta garraiorako erabiltzen da, baita elektrizitate sistemetarako ere.
Lehenengoaren kasuan, biomasa sistema desberdinen bidez transformatuz sortzen da beroa. Sistema hauek hainbat kategorietan banatzen dira (gasifikazioa eta errekuntza zuzena esaterako).
Bestalde, garraiorako erabiltzen dena bioerregai bezala ezagutzen da. Hau bi mailatan banatzen da:
Lehen belaunaldiko bioerregaiak (konbentzionalak)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kultibagarriak diren lurretan landatutako elikagaiekin egiten dira, hala nola artoarekin zein azukre-kanaberarekin. Biomasa honetako azukreen hartziduraz, bioetanola edota erregai-pila bezalako konposatuak lortzen dira, hauen transformazioz elektrizitatea ekoizteko. Bioetanola hartzidura bidez sortzen da, gehien bat azukre edo almidoi uztetan lortutako karbohidratoei esker.
Bigarren belaunaldiko bioerregaiak (aurreratuak)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elikagaietan oinarritzen ez diren biomasa-iturriak erabiltzen dituzte, energia-labore iraunkorrak eta nekazaritzako hondakinak besteak beste. Erabilitako lehengaiak lur marjinalen baten edo landagarria den lur baten hazi ahal dira, azken honen kasuan uzta nagusiaren azpiproduktua izanda. Industria, nekazaritza, basogintza eta etxeetako hondakinak ere bioerregai hauen ekoizpenerako erabil daitezke.
Bioenergiaren ustiapen instalazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat instalazio desberdin aurkitu daitezke biomasaren energia ustiatzeko. Txikienetik hasita, etxeetan tximiniak izan ohi dira erabilienak. Tamaina ertainari dagokionez, abeletxeetan dauden abeltzaintzako hondakinen digestoreak aurkitu ditzazkegu. Azkenik, handiagoak direnen artean, zentral termikoak aipatu daitezke, hauek elektrizitatea edota herri zein hirien berogailuetarako beharrezko energia lortzeko erabiliak direlarik.
Inpaktua ingurumenean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun aldaketa klimatikoak ekosistema eta lurralde desberdinetan eragindako egoera larrien jabetza dela eta, geroz eta gehiago dira bioenergiaren alde apustu egin duten elkarte zein taldeak. Ekosistema desberdinetan pilatuta dagoen materia organikoaren aprobetxamenduak geroz eta indar gehiago hartu du, modu honetan erregai fosilen ustiapena zein ingurumenean inpaktu kaltegarriak dituzten beste energia iturri batzuen erabilera oztopatuz.[9]
Hala eta guztiz ere, jakinekoa da biomasaren transformazioak eragindako ingurumen inpaktua desberdina dela prozesuan erabilitako material zein tekniken arabera.
Bioenergiak ingurumenean izan dezakeen inpaktu kaltegarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Organismo fotosintetikoek eguzki energiaren zati txiki bat soilik bilakatzen dute energia kimiko, eta beraz, bionergiaren erabilerak materia organiko askoren beharra dakar, ustiapen masiboak ahalbidetuz. Hau dela eta, bioenergiaren aprobetxamendua txikiagoa da beste energia berriztagarri batzuekin alderatuz.
Egurra da bioenergiaren lorpenerako erabilienetarikoa den materia organikoa, baita planetan kantitate handietan aurkitzen den konposatua ere. Honen jatorria organikoa izan arren, egurraren errekuntzatik abiatuz lorturiko energiak baditu inpaktu kaltegarriak ingurumenean.[10] Esaterako:
- Errekuntza prozesuan CO2 molekulak askatzen dira, aldaketa klimatikoa bultzatu eta ingurumena kaltetzen dutenak.
- Behar bezain beste energia lortzeko zuhaitz ugari moztea ezinbestekoa da, baso zein eremu oso zabalen ustiapena indartuz. Basoen desagerpenak ekosistema zein espezie ugariren suntsipena dakar, baita O2 produkzioaren murrizketa ikaragarria zein atmosferako CO2-aren finkapen eza ere.
Kalte hauek konpontzeko zuhaitz berriak landatzea posible den arren, azterketa desberdinek proposatu dute zuhaitz berriek urte ugari behar izango lituzketela moztutakoen errendimendu berdinera heltzeko, eta beraz, oso zaila dela basoen usteiapen kotrolatu bat burutzea.[11]
Bestalde, eremu kultibagarri ugari erabiltzen dira bioenergiaren jatorri izango diren elementuen hazkuntzarako. Honek elikagaien produkziorako eremu gabezia bultzatu dezake, eta beraz, gizarte mailako beste hainbat arazoren jatorri bilakatu. Esaterako:
- Artoaren erabilera: artoa elikagai gisa erabiltzeaz bestalde etanolaren sintesian ere erabili daiteke, baita jatorri biologikoko plastiko ere.[12]
- Palma olioaren erabilera: biodieselaren sintesirako erabili daitekeen konposatu organiko hau eskuratzeko baso ugari ustiatzen dira urtero. Indonesia da kalte hauen ondorioak zuzenean pairatzen dituen herrialdeetariko bat, ustiatuak izan diren eremuetan habitat zein espezie ugariren galera pairatuz.[13]
Bioenergiaren eragin kaltegarriak aipaturik, bestalde, energia berriztagarri mota honek ingurumenean izan ditzakeen inpaktu positiboak ere aipatzekoan dira.
Bioenergia jasangarria / onurak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bioenergia guztiz jasangarria kontsideratuko da honen produkziorako erabili diren biomasa kantitateak hondakinak (nekazaritza hondakina, landare edota animalien hondakinak…) edota lur desegokietan landaturiko elikagaiak badira. Izan ere, kasu hauetan elementu hauek ez dute beste erabilerarik gizartean, eta beraz, hauek energia bilakatzea onuragarria da; hondakinak ezabatzea.[14]
Abantaila eta desabantailak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bioenergiak ingurumenean dituen inpaktu positibo zein negatiboez bestalde, aipatzekoak dira gizarte, ekonomia zein beste hainbat arlotan dituen eraginak ere.
Abantailak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erabilera jasangarria burutuz gero, aldaketa klimatikoaren aurrean irtenbide izan daiteke. Energia berriztagarria izanik, erregai fosilen ustiapenaren irtenbide izan daiteke.[15]
- Iada sortuta dauden materia organikoen hondakinak erabiltzen badira, beste erabilera batzuetarako erabilgarriak ez diren materialen aprobetxamendua dakar, abantaila ekonomikoak ere nagusituz.[14]
- Bioenergia materia organikoan pilatutako energiatik lortzen denez, honen eskuragarritasuna abantaila bat da; bestelako energia berriztagarri batzuk eskuragarri ez dauden eremuetan (eolikoa, geotermikoa…) erabili ahal izango da.[15]
- Ustiapen jasangarriak burutuz gero, eremu hauek garbi mantentzea lortuko da, etorkizun batean berriro ere erabilgarri izango diren kultibo berriak landatzeko aukera eskeiniz.[15]
- Berotegi-efektua indartzen duten gasen emisioaren murrizketa.[15]
- Biomasaren dispertsio handiak lekuan lekuko materia organikoaren erabilera dakar, errekurtsoen garraioa eta interes ekonomiko masiboak gutxituz.[15]
- Nekazarientzako onurak. Erabilgarrian ez diren uzta eta hondakinak erabili eta aprobetxatzeko aukera.[15]
Desabantailak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Energia kantitate txikia lortzeko materia organiko kantitate handiak behar dira. Hau dela eta, lur eremu zabalen ustiapen masiboek ingurumen eta ekosistema desberdin ugari kaltetzen dituzte.
- Biomasaren errekuntza masiboak atmosferara CO2 kantitate handien isurketa dakar.[1]
- Biomasaren garraioa. Herrialde batzuetan askoz ere biomasa kantitate handiagoak aurkitzen direnez, materia organiko hauen garraioa kalte bat izan daiteke; ingurumenarentzat zein egoera ekonomiko baxuko herrialdeentzat.[16]
- Biomasaren erabilera jasangarria burutu ezean, iturri energetiko honen galera emango da, erregai fosilen kasuan gertatzen ari den bezalaxe.[15]
Bioenergia eta gainontzeko energia berriztagarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bioenergia energia berriztagarritzat kontsideratua den arren, baditu hainbat desberdintasun talde honetako gainontzeko energia motekin alderatzerako orduan.
Azken urteetan energia berriztagarriek indarra hartu duten arren, hauen erabilerak hainbat muga izan ditzake. Esaterako, haize gutxiko eremuetan ezin izango da energia eolikoa erabili, edota eguzki gutxiko eremuetan zaila izango da eguzki energia aprobetxatzea. Bioenergia ingurumenean pilatutako materia organikoaren transformazioz lortzen denez, honen eskuragarritasuna handiagoa da, abantaila bat bihurtuz gainontzeko energia berriztagarriekin alderatzerako orduan.[15]
Bestalde, erregai fosilekin konparatuz, bioenergiak ingurumeneko karbonoaren balantze positibo bat eragin dezake. Erregai fosilen transformazioan lur azpiko energia iturriekin lan egiten da, ingurumenera aurretik ez zeuden CO2 kantitateak igorriz. Bioenergian berriz atmosferan aurkitzen den karbonoa erabiltzen da. Organismo fotosintetikoek finkatutako CO2-tik hasi eta sortuko den materia organikoaren prozesamendua burutu arte.[15]
Bioenergia Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Energiaren Euskal Erakundeak dionaren arabera, garraiorako erabiltzen diren bioerregaiak kontuan izan gabe, biomasa da gehien erabiltzen den iturri berriztagarria Euskadin. Beroa ekoizten duten 3.000 instalazio baino gehiago daude lurraldean zehar hainbat motatako eraikinetan sakabanaturik (etxebizitzak, kiroldegiak, eraikin publikoak, kultur etxeak, industrialdeak eta abar). Hauek 100 MW-tik gorako potentzia dute instalatua.[17]
Euskadiko basoetan 62 milioi metro kubiko egur aurkitu daitezke. Hau dela eta, baso-biomasa da bioenergia lortzeko baliabiderik erabiliena. Izan ere, herri administrazio publiko guztietako eraikin publikoen bero beharrak asetzeko beste egurra dago. Gainera, energia hau agortu ez ezik, areagotuz doala esaten da.
Eskala eta etorkizunerako tendentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bioenergia klima-aldaketari aurre egiteko tresna garrantsitzu eta ezinbestekoa bihurtu da. Gainera, hornidura-kateetan balio eztabaidaezina du. Gaur egungo energia-segurtasunaren bilaketaren testuinguruaren barnean, bioenergiak gaitasuna du mundu osoko gizarteen erresilentzia hobetzeko; berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketak, eskualdeko energia-hornidura, landa-komunitateentzako diru-sarrerak eta energia-sistemaren malgutasuna eskeintzen baititu.[18]
Etorkizunerako funtsezkoa da biomasaren energia, ingurumenarekiko duen harreman onak planetari hainbeste kalte egiten dioten CO2 isuriak murrizten lagun dezakeelako.
Energia iturri honek etorkizun oparo bat du bermatua, Energia Berriztagarriaren Nazioarteko Agentziak (IRENA, ingelesezko siglei erreferentzia eginez) igorritako datuen arabera 2030. urtean biomasa energia berriztagarrien guztizko erabileraren %60-a izan liteke, sektore guztietan potentzial handia izanik.[19]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Campos, Emilio Barba. (2020-11-10). Presente y futuro de las tecnologías verdes: Contribuciones desde la Universitat de València. Universitat de València ISBN 978-84-9133-316-6. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «VOLVER AL FUTURO: BIOENERGÍA, BIOCOMBUSTIBLES Y BIOTECNOLOGÍA» Revista digital universitaria 15 ISSN - 6079 1607 - 6079..
- ↑ «RADIACIÓN SOLAR - IDEAM» www.ideam.gov.co (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Iniciativas, avances y experiencias en sistemas de biomasa y bioenergía en Iberoamérica. Colombia: Tecsol.
- ↑ Cushion, Elizabeth. (2013). Desarrollo De La Bioenergia : Efectos e impactos sobre la pobreza y la gestion de los recursos naturales. The World Bank ISBN 9788415506607. PMC 989704743. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Energía obtenida a partir de biomasa. Madrid: Universidad Complutense de Madrid.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Central de biomasa» Endesa (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «Biomass explained - U.S. Energy Information Administration (EIA)» www.eia.gov (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Biomasa y bioenergía: Aportes para el manejo de ecosistemas y territorios frente al cambio climático”. Argentina: Instituto de Investigaciones en Energía No Convencional (INENCO), Universidad Nacional de Salta (UNSa) y Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas (CONICET).
- ↑ (Ingelesez) Magazine, Smithsonian; Daley, Jason. «The EPA Declared That Burning Wood Is Carbon Neutral. It's Actually a Lot More Complicated» Smithsonian Magazine (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
- ↑ (Ingelesez) «Wood pellets: Renewable, but not carbon neutral: Turning forests into fuel comes at an environmental cost» ScienceDaily (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
- ↑ (Ingelesez) Foley, Jonathan. «It’s Time to Rethink America’s Corn System» Scientific American (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
- ↑ (Ingelesez) Ayompe, Lacour M.; Schaafsma, M.; Egoh, Benis N.. (2021-01-01). «Towards sustainable palm oil production: The positive and negative impacts on ecosystem services and human wellbeing» Journal of Cleaner Production 278: 123914. doi: . ISSN 0959-6526. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
- ↑ a b (Ingelesez) Correa, Diego F.; Beyer, Hawthorne L.; Fargione, Joseph E.; Hill, Jason D.; Possingham, Hugh P.; Thomas-Hall, Skye R.; Schenk, Peer M.. (2019-06-01). «Towards the implementation of sustainable biofuel production systems» Renewable and Sustainable Energy Reviews 107: 250–263. doi: . ISSN 1364-0321. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
- ↑ a b c d e f g h i (Ingelesez) Benefits of Bioenergy. IEA Bioenergy.
- ↑ (Ingelesez) «Pulp Fiction, The Series | Climate Central» www.climatecentral.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
- ↑ Biomasa. Euskal Herria.
- ↑ (Gaztelaniaz) Viaintermedia.com. «Bioenergía - Cómo contribuye la bioenergía a un futuro sostenible» Energías Renovables, el periodismo de las energías limpias. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) La biomasa, una fuente de energía para el futuro- Blog sobre agroindustria en México | Citrofrut. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gai honi buruzko informazio gehiago lor dezakezu Scholian |