Bilbo-Plentzia burdinbidea
Euskal Trenbide Sarearen Bilbo-Plentzia trenbidea zabalera estuko (1.000 mm) trenbide bat da, gaur egun Basauri udalerriko izen bereko geltokian hasi eta Plentziako geltokian bukatzen dena, bidetik Basauri, Etxebarri, Bilbo, Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Urduliz eta Plentzia udalerriak zeharkatuz. San Ignazio-Kabiezes trenbidearekin bat egiten du San Ignazioko geltokian. 30 geltoki eta 33,30 kilometro ditu guztira.
Trenbide honetan zehar Metro Bilbao eragileak Bilboko metroaren 1. linea ustiatzen du, eta era berean, Bilboko metroaren 2. lineak ere trenbide honen zati bat erabiltzen du, San Ignazio eta Basauriko geltokien artekoa, alegia.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Trenbide honen aurrekariak Bilbo eta Algorta artean odol-tranbia ezartzeko azterketari dagozkie. Tranbiaren hasierako tarteak 1876koak dira, 1.362 mm-ko trenbide zabaleran eraikitakoak.
1880an Mars Ross eta H. Stonehewerek Bilboko itsasadarraaren ipar ertzeko orografia aztertu eta burdin mineral kantitate nabariak topatu zituzten. Mineralarekin komertziatzeak bilbotar enpresari talde bat mugiarazi zuen Algortaraino trenbidea eraikitzeko proiektua gauzatzera, José Peñarredona ingeniariari enkargua emanez.
Areeta inguruko hiri-garapenari aurre eginez, 1882ko maiatzaren 14an Bilbotik Areetarainoko Burdinbide Konpainia sortu zen, Adolfo Ibarreta eta Ernesto Hoffmeyer ingeniariek ikuskatuta, eta zabalera metrikoan eraikitakoa.[2]
Trenbidearen irekiera: Bilbo-Areeta trenbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Burdinbidea bi fasetan eraiki zen. Aipatu bezala, lehenenbizi Bilbo eta Areeta lotu zituen trenbidea eraiki zen, 1887ko uztailaren 1.an inauguratuta.[2]
Lehenengo luzapena: Areeta-Plentzia trenbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bilbo-Areeta trenbidea martxan zela, hura Plentziaraino luzatzeko aukera bazela ikusi zuten, Uribe Kostako biztanleei zerbitzua eskaintzeaz gainera, eskualdeko industriei ere mesede egingo zielakoan, batez ere harrobiei eta kare eta igeltsu fabrikei. Areetatik Plentziarainoko Burdinbide Konpainia eratu zen, eta hura arduratu zen burdinbidea eraikitzeaz, 1.099.820 pezetako aurrekontuarekin.
1893an Areeta-Plentzia trenbideak zerbitzu ematen hasi zuen.[3]
1909an, aldiz, besteak beste Bilbotik Areetarainoko tranbiaren lehiagatik, Konpainiak finantza arazoak zituelako, Santurtzi-Bilbo burdinbidea kudeatzen zuen konpainiak eskuratu zuen. Handik lau urtera Aduana-San Nikolasen jarri zuten Bilboko geltoki nagusia, eta horrek kaltea ekarri zion hasieran San Agustinen kokatu zuten baina bestea bezain zentrikoa ez zen geltokiari.
1921ean Bilbotik Negurira bitartean bide bikoitza instalatu zuten, eta 1929an burdinbide osoa elektrifikatu zuten.
Trena San Nikolas geltokitik irteten zen, Bilboko Zazpikaleetatik. Lineak 25,7 km-ko luzera zeukan, eta guztira 1.956 m luze diren 9 tunel, hau da, luzera guztiaren %7,5. Kontuan hartu beharrekoa da Unibertsitateko eta Lutxanako tunelak bikoitzak direla. Tunelik luzeena, 1.018 m luze dena, San Nikolasko hasierako geltokitik hurbil dago.
Ibilbidea itsasadarrari buruz paralelo doa, eskuinaldetik. Bilbon Matiko, Deustua eta San Ignazio auzoak zeharkatu eta gero, Erandio eta Leioa udalerriak igarotzen ditu. Areetatik aurrera, trena oso azkar igotzen da Neguriko geltokiraino eta, Algortako geltokira iritsi eta gero, Getxo eta Berango aldera jaisten da. Azkeneko tartea, Urduliztik Plentziara bitartekoa, malkartsua da, eta jaitsiera bihurri eta azkar bilakatzen da maldan behera, eta hor bi tunel txikitatik pasatzen da. Burdinbideak oso urbanizatuta dauden inguruak zeharkatzen dituenez, pasonibelak oso ugariak dira. Beste azpiegitura garrantzitsu batzuk dira Asua ibaiaren gaineko metalezko zubia edota Avanzadako errepidearen gaineko zubia.[4]
FTS eta Eusko Trenbideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako Gerraren ondoren, 1947an, Ferrocarril y Transportes Suburbanos (FTS) konpainia eratu zen, eta horretara Bilbo-Plentzia eta Matiko-Azbarren trenbideak bildu ziren, baita Bilbo-Lezama eta Lutxana-Mungia trenbideak ere.
Hirurogeiko hamarkadan FTS konpainiaren gainbehera hasi zen.
1970eko Urdulizko tren istripuan 33 pertsona hil ziren; huraxe izan zen erkidegoan burdinbidearen historian sekula gertatu den ezbeharrik latzena.
1977an FTS konpainiak lineak ustiatzeari utzi zion eta, ondoren, Eusko Trenbideak arduratu zen horretaz hainbat urtez.
Bilboko metroaren 1. linea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1995ean Eusko Trenbideak konpainiak Bizkaiko Garraio Partzuergoari eman zion burdinbide hau kudeatzeko lekukoa, Bilboko metroaren lehenengo linea abiarazi zenean, hain zuzen. Aldirietako trena metropolitar bihurtzeko egokitzapenak geltoki asko lurpean geratu beharra ekarri zuen eta, ondorioz, burdinbidearen hasieran eraiki zirenetako asko desagertu egin ziren.
Gaur egun, Bilbo-Plentzia trenbidean Metro Bilbaok Bilboko metroaren 1. eta 2. lineak ustiatzen ditu.
2018ko irailaren 16an Areeta-Plentzia trenbidearen 125. urteurrena ospatu zuen Metro Bilbaok, Aurrera izeneko 1898ko lurrunezko tren-makina trenbidean ezarriz eta Plentziako geltokia arte oroitzapenezko bidaia eginez.[5][6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Spanish Railway. «Ferrocarril de Bilbao a Las Arenas y Plencia (Suburbanos de Bilbao)» (Noiz kontsultatua: 2018-02-11).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Spanish Railway » Blog Archive » Ferrocarril de Bilbao a Las Arenas y Plencia (Suburbanos de Bilbao)» www.spanishrailway.com (Noiz kontsultatua: 2018-02-11).
- ↑ (Ingelesez) «Bilbaopedia - Ferrocarril de Bilbao a Las Arenas y Plencia» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2018-09-18).
- ↑ «Euskadiko Ondare Kulturala - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Línea Areeta-Plentzia: 125 años de ‘chacachá’. Deia, Noticias de Bizkaia» Deia (Noiz kontsultatua: 2018-09-18).
- ↑ Vasco, Eusko Jaurlaritza - Gobierno. «FV104. Aurrera lurrunezko tren-makina. EMSIME» apps.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-18).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bilbo-Donostia trenbidea
- Bilbo-Lezama trenbidea
- Donostia-Hendaia trenbidea
- Larreinetako funikularra
- Lutxana-Sondika trenbidea
- Urolako trena
- Zornotza-Bermeo trenbidea
- Euskal Trenbide Sarea
- Bilboko metroa