Arvo Pärt
Arvo Pärt (ˈɑrvo ˈpært ahoskatua; Paide, 1935eko irailaren 11) estoniar musikagilea da.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Heino Ellerrekin ikasi zuen Tallinngo Kontserbatorioan, 1963. urtea arte. Garai hartan Necrology (1960) idatzi zuen, sobietar agintariak kezkatu zituen lehen konposizio-seriala. 1957-1967 bitartean Estonia Irratian lan egin zuen, grabazio-zuzendari gisa, eta geroago zinemarako musika idatzi zuen. 1968-1971 bitartean Frantzia eta Flandesko Erdi Aroko musikagileen lanak aztertu zituen, Guillaume de Machautetik hasita Josquin des Prezeraino. Aurrerago eliza ortodoxoaren musika aztertzen hasi zen. 1980an Estoniatik alde egin zuen familiarekin Israelera, baina geroxeago Vienara joatea erabaki zuen, eta geroago, 1982an, Berlinera. Nahiz eta bere aurreneko lanetan Sergei Prokofiev eta Dmitri Xostakovitx errusiarren eragina nabari den, hurrengo urteetan alde batera utzi zituen eredu tradizionalak, eta serialismoa erabiltzen hasi zen, lehenbizi, eta material desberdinen collage halako bat geroago (1966, 2. Sinfoni). Europar polifonia baliatu zuen trantsizio-aldi baten ondoren (1971, 3. Sinfonia) heldutasunera iritsi zen eta bere lanik onenak idatzi zituen: Tabula rasa (1977), Passio (1982) eta Miserere (1989). Pärten estiloa, kanpaien errepikan inspiratua, tonu-hizkuntza soilagatik bereizten da, bere edertasun espiritual handiagatik, eta teknika minimalista eta kontrapuntistikoa erabiltzeagatik. Eragin handia izan du Estoniako hurrengo musikagile belaunaldietan (Lepo Sumera eta Erkki-Sven Tüürrengan esaterako) eta europar musikagile askorengan. Pärten musika film askotan erabili da: Väike motoroller (1962), Promised Land (2004), Les Amants du Pont-Neuf (1991), Fahrenheit 9/11, Wit (2001), Swept Away (2002), Gerry (2003), Soldados de Salamina (2002), Elegy (2008).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arvo Pärt |