Alemaniako gastronomia
Alemaniako gastronomiak (alemanez: deutsche Küche) bere lurralde eta eskualdeen artean desberdintasun handiak ditu, gainera, ingurune sozial eta kulturalak eragin handia izaten dute. Adibidez, Bavariako eta Suabiako hainbat plater eta sukaldaritza eredu beraien bizilagun suitzar eta austriarren antzekoak dira. Herrialdearen mendebaldean, kanpoko sukaldaritza-ereduen eragina askoz ere nabarmenagoa da, lurralde hauetan, sukaldaritza frantsesak zeresan handia du, besteak beste, ardogintzaren arloan hainbat gauza partekatzen dituztelako. Bestalde, iparraldeko eskualdeetan Herbehereetako gastronomiaren eragina nabaritzen da eta ekialdekoetan aldiz, Ekialdeko Europako herrialdeen eragina. Kostaldeko lurraldeetan ordea, arrainarekin lotura duten hainbat plater eta errezeta aurki daitezke, izan ere, bertako jakiak sukaldatzeko erak Eskandinaviako gastronomiarekin zerikusia du.
Haragiak, arrainak eta itsaskiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemaniako sukaldaritzan gehien erabiltzen diren haragiak, txerrikiak (Alemania da Europa osoan haragi mota hau gehien kontsumitzen duen herrialdeetako bat), txahal-haragia eta eskorta-hegaztien haragia dira. Azken haragi mota honen barruan sailka ditzakegu, besteak beste, oiloaren, antzararen, indioilarraren eta Pomeraniako antzararen haragia (hemendik ateratzen da bularkia ondoren ketzeko). Alemaniar sukaldaritzan ez da ehiza-haragirik falta, basurdea, untxia eta orkatza bertako hainbat errezeta ezagunetan ageri baitira. Arkume eta ahuntz-haragiak ordea, ez dira oso ospetsuak eta zail egiten da bertako merkatuetan aurkitzea. Zaldi-haragiak ere bide berdina jarraitzen du herrialde honetan, eskualde batzuetan baino ez da jaten, adibidez, Saxonia Beherean. Aipatu dugun haragia, normalean, merkatuetan hestebete itxuran saltzen dira (Wurst), beraz, esan dezakegu, alemaniarren sukaldaritzan haragia agertzen den modurik ugariena horixe dela. Hestebete gehienek haragi-xehetua edukitzen dute, hainbat espeziakin batera eta gordinik, galdarraztuta (Brühwurst), egosita, etab. jaten dira. Westfalian, Suabian eta Bavarian, urdaiazpikoa oso ugaria da, normalean oso keztuta jaten da.
Arrainei dagokienez, oso arruntak dira ipar-kostaldeko eskualdeetan (Iparraldeko itsasoa), bertan, sardinzarra (Rollmops da platerik ezagunenetako bat), izokina, ikazkina, Seelachs-a (Bakailaoaren antzekoa), platuxa leuna eta erreboiloa asko jaten dira. Ibaiak hurbil dituzten guneetan aingira keztuak (Aal) jan ohi dituzte eta amuarrainak (ospetsuena Ohian Beltzekoa da, papillot eran zerbitzatua) ere bai. Gehienetan arrainak keztuta, gatzetan jarrita, espezia zopetan urperatuak edo eskabetxean aurkitzen dira, baina, hutsean ontziratuta aurkitzea ere ez da arraroa. Hegoaldean aldiz, Konstantza bezalako lakuak ur-gezako arrainak arrantzatzeko gune oso garrantzitsuak dira.
Itsaskiak iparraldeko eskualdeetako jaki berezi edo esklusibo gisa ikusten dira, adibidez, Helgolanden, kamartza edo misera bertako plater tradizionaletan asko ikusten da. Frisiako uharteetan ordea, ganbaren antzekoa baina askoz ere txikiagoa den espezie bat oso ospetsua da (Krabben edo Granat), izkiraren antzekoa da eta gosaltzeko orduan jaten da.
Barazkiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemaniako gastronomian barazkiek paper garrantzitsua edukitzen dute gisatuetan, hala ere, plater nagusien osagarri gisa ere asko erabiltzen dira. Erraz aurki ditzakegu azenarioak, arbiak (mota askotakoak zerbitzatzen dira: Steckrüben-ak, Steckrübeneintopf izeneko eltzekoan parte-hartzen dute; Teltower Rübchen-ak, Brandenburgoko sukaldaritzan ezagunak, etab.); ziazerbak; errefau pinkanteak, haragien osagarri gisa askotan ikusten dira; zainzuriak, iparraldeko eskualdeetan oso ohikoak udaberrian; Kohlrabi-a; babarrunak; dilistak; tomateak, etab. Aipatzekoa da, perrexilaren sustraia bezalako landareak zopetan txertatzen dituztela.
Barazki guztien artetik badira hiru oso erabiliak izaten direnak plater gehienetan eta zapore berezi zein ezberdinak gehitzen dizkietenak Alemaniako gastronomiari. Hauek patata (oso erabilia plater mota guztietan), tipula (Alemaniako eskualde guztietako plater ia guztietan erabiltzen da, Bavariakoetan izan ezik) eta aza mota ezberdinak (adibidez, aza berdea eta brokolia) dira. Bada aza erabiltzen duen Alemaniako plater bat mundu mailan ospetsu egin dena: sauerkraut-a (aza egurrezko upeletan hatzitua), gaur egun, haragiaren osagarri klasiko bat bihurtu da. Saurkraut-aren ordez askotan azkarrago prestatzen den Apfelrotkohl -a erabiltzen da, aza gorri eta sagarrarekin erregosiatako platera.
Plateren osagarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemaniako sukaldaritzan oso ohikoa da osagarri asko gehitzea bai plater nagusiei eta baita ere beste mailetako platerei. Gehienetan barazkiak gehitzen zaizkien arren, bertako pasta mota bat (Nudeln) ere erabilia izaten da eginkizun hori betetzeko, pasta hau italiakoa baino lodiagoa da eta arrautz gehiago du. Hegoaldeko lurralde batzuetan ere pasta mota bat erabiltzen da platerei bizitasuna gehitzeko, Spätzle izena du eta arrautz kantitate handiak eduki ohi ditu. Beste osagarri batzuk Klöße-ak (Knödel izena ere hartzen dute) dira, arrautzdun irinarekin, irin arruntarekin eta patatarekin edo ogiarekin egina dago pasta mota hau. Itxura esferikoa izan ohi dute eta zopetan txertatzen dira osagarri gisa. Unibertsitateetan patata frijituak plater batzuen osagarri gisa ipintzeko ohitura dago.
Esnekiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemania Europako herrialdeen artean esneki ezberdin gehien dituen lurraldeetako bat da. Supermerkatu bat bisitatzen baduzu, erraz konturatuko zara honetaz. Adibidez, gazta mota asko aurkitu daitezke bertan, hala nola, Harzer Käse-a, Harz mendikatean du jatorria eta bere usain sendoarengatik ezaguna da, esne garratzarekin egina dagoelako du usain bortitz hori. Beste esneki ezagun batzuk Quark-a, alemaniar sukaldaritzan plater askotan erabilia; jogurta; Buttermilch-a (gurin-esnearekin egina, gazurraren antzekoa); Kefirra eta Dickmilch-a (gazta esne gatzatu edo mamituarekin). Aipatutako guztiak Alemaniako plater zein janari ezagunetan asko agertzen dira. Jatorrizko izendapenarekin ondorengo gaztak daude babestuta:
Ogiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemaniako okintza oso ezaguna da nazioartean, hainbat ogi mota ezberdin dituztelako, adibidez: Pumpernickel ogi beltza; Mischbrot-a (gari eta zekale irinen nahasketa); Vollkornbrot-a (ogi integrala); etab. Normalean, herrialde honetako ogiek haziak agerian edukitzen dituzte. Alemaniako ogi tradizionalak zekale eta gari irinak nahasten dituzten ogi horiek dira, hala nola, ogi beltza eta grisa. Gaur egun badira beste hainbat ogi mota, horien adibide ditugu gari-irinarekin egindakoa (Weißbrot, "ogi zuria") eta Frantziatik ekarritako baguette izeneko ogia.
Alemaniako hamar ogirik ospetsuenak edo garrantzitsuenak hurrengoak dira:
- Zekale eta garidun ogia (Roggenmischbrot);
- Txigortutako ogia (Toastbrot);
- Ogi integrala (Vollkornbrot);
- Legami-ogia (Weizenmischbrot);
- Ogi zuria (Weißbrot);
- Zereal anitzekoa (Mehrkornbrot);
- Zekalezko ogia (Roggenbrot);
- Ekiloreen haziak dituena (Sonnenblumenkernbrot);
- Kuiaren haziak dituena (Kürbiskernbrot);
- Tipuladun ogia (Zwiebelbrot).
Postreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemanian bereziki mantendu da frutekin tartak edo pastelak egiteko ohitura, besteak beste, gereziak, marrubiak, sagarrak, aranak eta arabarbak erabiltzen dituzte. Tarta mota hauek Alemaniako edozein gozotegietan (Konditoreien) ikus daitezke. Tartarik ezagunenetako batzuk Ohian beltzeko tarta eta Käsekuchen-a dira. 1920ko hamarkadatik herrialde honetan badira italian jatorria duten hainbat izozki-denda, hauek mota askotak izozkiak ekoizten dituzte. Denda motak hauek ia hiri guztietan aurki daitezke, beraz, esan dezakegu alemaniarrak oso helatuzaleak direla, neguan ere helatuak erraz lortu ditzaketelako.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Alemania
- Elikagaiak (barazkiak, haragiak, arrainak, pasta)
- Kefirra, jogurta, jatorrizko izendapena
- Inguruko herri batzuk: Bavaria, Suitza, Austria, Frantzia, Baden, Berlin, Danimarka
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako herrialdeen gastronomia | ||
---|---|---|
Oharra: Zerrenda honetan Europako herrialde (estatudunak eta estatugabeak) gehienak ageri diren arren, baliteke baten bat ez agertzea. Hori horrela bada, mesedez, gehitu ezazu txantiloian. Eskerrik asko. |