Edukira joan

1848ko Frantziako Iraultza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alphonse de Lamartine Parisko udaletxe aurrean, bandera hirukolorearen erabilpena defendatzen, 1848ko otsailaren 25ean.

1848ko Frantziako Iraultza, batzuetan Otsaileko Iraultza (frantsesez: Révolution de Février) deitua, 1848an Europan gertatu ziren iraultzetako bat izan zen. Haren ondorioak Uztaileko monarkiaren (1830–1848) amaiera eta Frantziako Bigarren Errepublikaren sorrera izan ziren.

1848 aurreko urteetan ekonomia egoerak okerrera egin zuen Frantzian; industria eta finantzak krisian zeuden, uztak oso txarrak izan ziren eta, ekonomia jarduera nagusia nekazaritza zenez, pobretasuna eta gosea nagusitu ziren. Ekonomiaren gainbeherarekin batera, ordea, aldaketa handiak gertatzen ari zien gizartean. Garai hartako ezkerreko zein eskuineko ikertzaileen ustez (François Guizot, Pierre-Joseph Proudhon) ondasunen arabera gizabanakoek gizartean zuten maila zen gizartearen oinarria. Jabegorik ez zutenek, ondasun bakartzat lan ahalmena zutenek, beren ondasun bakarra, hau da lana, saltzen zuten, eta salgai horretatik ateratzen zutenarekin (soldata) larri bizi ziren, gainera. Jende asko ari zen hirietara emigratzen eta joera horrek eskulanaren eskaintza igoarazi zuen, lan munduaren ohiko antolaketa moldeak desegin zituen eta lanak merkatuan zuen indarra murriztu zuen. Horren ondorioz asko kaskartu ziren bizi baldintzak (etxebizitza, elikadura, osasuna, etab.), baina horrekin batera gizarte gatazkaren kontzeptua agertu zen; egoera hari trataera politikoa eman behar zitzaiola onartu zen, beraz.

Iraultzaren bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Frantziako historia
Historiaurrea eta Antzin Aroa
Erdi Aroa
Aroa Modernoa
Aroa Garaikidea
Zerrendak

1847tik aurrera, François Guizot lehen ministro kontserbadorearen laguntzarekin, Luis Filiperen gobernuak jarrera autoritarioa hartu zuen. Errepublikazaleek eta liberal-progresistek hauteskunde sistema eraberritzeko kanpaina bat antolatu zuten, oposizioko prentsaren eta elkarteen laguntzarekin. Bilera politikoen debekua saihesteko, banketeak antolatu zituzten Frantzia osoan; 1847ko uztailetik 1848ko otsailera egin ziren 70 banketeetan 22.000 lagun baino gehiago elkartu ziren[1].

Azkenean, Guizot bankete horiek debekatzera deliberatu zen. Otsailaren 22an, ikasleak eta langileak debeku horren aurka manifestatu ziren Parisen. Manifestariak Diputatuen Ganberaraino joan ziren, «Vive la Réforme! À bas Guizot!» (Biba erreforma! Bota Guizot!) oihukatuz. Populazio gehiena lasai zegoen arren, Guizotek Guardia Nazionala mobilizatzea erabaki zuen. Otsailaren 23an, guardia nazionalak ere «Vive la Réforme!» oihuka hasi zirelarik, erregea Guizoten kontrako jarrera oso hedatua zela ohartu zen[2]. Luis Filipek gobernua aldatu eta Louis-Mathieu Molé liberalaren esku utzi zen, baina istiluak ez ziren hargatik baretu.

Otsailaren 24an Luis Filipek agintea utzi behar izan zuen eta behin-behineko gobernu bat osatu zen; gobernu hark iraultzarekin bat zetozen zenbait neurri hartu zituen, errejimen errepublikazalea ezartzearren. Antzina parlamentuko kide izandakoez osatua zen gobernuaren gehiengoa, gehiengo liberala, eta buruzagi erradikal bat (Louis Blanc) eta langile bat (Albert) ere baziren gobernuan. Langileen ordezkariari esker egin ziren aldaketa erradikalenak: gizon guztiei botoa emateko eskubidea eman zitzaien, lan eskubidea bermatu zen eta errepublikak eskubide hori begiratuko zuela agindu zuen. Hala izan zen gainera, langabetuei lana bilatzeko Nazio tailerak (frantsesez: Ateliers nationaux) izeneko lantegi bereziak sortu izanak erakusten duen bezala.

Bigarren Errepublika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joera erradikalak gizarte erreforma bultzatu zuen errepublikan. Gizarte ordena asko-asko ere aldatu gabe lanaren munduko egoera hobetu nahi zen legedi sozialaren bidez. Hirietako langileek (eskulangile, langile kualifikatuak), negozio txikien jabeek eta intelektual batzuek bultzatu zuten hobekuntza hura.

Gizonezkoen sufragio unibertsalak errepublikan erradikalismoa sendotuko zuen itxaropena zuten, baina ez zen hala gertatu. 1848ko apirilaren 23ko hauteskundeetan botoa emateko eskubidea zuten 8 milioi frantsesek ez zuten erradikalismoaren ikuspegi soziokulturalarekin bat egin. Frantzia nekazaria zen nagusiki eta boto emaileek hautagai tradizional, legitimista eta liberal moderatuei eman zieten botoa (900 ordezkaritik 600 baino gehiago atera zituzten). Horri esker Frantziako Bigarren Errepublika osatu eta Lehen Errepublikak proposaturiko aldaketa sozial erradikalak bertan behera gelditu ziren.

Horren ondorioz, Parisko eta beste hiri handi batzuetako (Lyon adibidez) talde erradikalek iraultza prozesu bat hasi zuten ekainean, herri eta auzo langileetako kaleak hartuz. Paris barrikadez bete zen; hiri itxia eta kontrolatzen zaila zen (Haussmannen berrikuntzak egiteke zeuden artean) eta herri matxinada deusezteko gudarostearen laguntza behar izan zen. Asanbladak Eugène Cavaignac jeneralaren esku utzi zuen egiteko hori; bere osteak bildu eta auzo matxinatuak eraso zituen, hildako eta atxilotu ugari izan ziren, eta Parisko ezkerrak hamar bat urte behar izan zituen hondamen hartatik osatzeko.

Mugimendu erradikala barnealdeko probintzietara zabaldu zen, baina ezin izan zuen 1848ko abenduaren 10eko hauteskundeetan garaipena lortu, Luis Bonaparte, Napoleonen bilobak eskuratu baitzuen lehendakari kargua. Ezkerrak emaitza onak lortuko zituela zirudien, baina 1851eko abenduaren 2an lehendakariak berak estatu kolpea jo, errepublika desegin eta bere mende egongo zen inperio bat osatu zuen, bere burua Napoleon III.a izendatuz.

Alexis de Tocqueville frantses idazle eta politiko liberalak hurrengo testigantza utzi zuen Oroitzapenak (1893) idazlanean:

« 1848ko iraultzak baino maltzurragoak izan dira, baina ez dut uste inoiz ergelagorik izan denik: sufragio unibertsalaz baliatzen ere ez zuten jakin, ez eta bera gabe moldatzen ere. Otsailaren 24aren biharamunean hauteskundeak egin izan balituzte, goi-klaseak nahasturik edo zorabiaturik zeudenean jaso berri zuten kolpearengatik, eta herria atsekabeturik baino gehiago hunkiturik zegoenean, beharbada bere desioen araberako Biltzarra lortu bide zuten. Ausardiaz, diktaduraren aldeko aukera egin izan balute, zenbait denboran mantendu ahal izango zuten beren eskuetan. Baina nazioaren alde jokatu zuten, eta, une berean, berarengandik urrunaraz zitzakeen guztia egin zuten. Mehatxatu egin zuten erabat lotzen zitzaizkion bitartean. Beren proiektuen ausardiaz eta beren mintzairaren indarkeriaz ikaratu egin zuten, eta erresistentziara gonbidatu zuten beren ekintzen ahuleziaz. Bere zaindariak izateko itxura hartu zuten, eta une berean bere menpe jarri ziren. Garaipenaren ondoren beren lerroak ireki ordez, arreta handiz itxi zituzten eta, hitz bitan esateko, bazirudien arazo konponezin hori konpontzeari ekin ziotela, alegia, gehiengoarekin gobernatu, baina horren nahiaren aurka. »

[3]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri

.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Nadaux, Marc. La Campagne des banquets, 1847-1848.. 19e.org (Noiz kontsultatua: 2015-12-29).
  2. Boulet, Michel; Lelorrain, Anne-Marie; Vivier, Nadine. 1848, le printemps de l'enseignement agricole. books.google.es (Noiz kontsultatua: 2015-12-29).
  3. Kondaira. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]