Pierre Andiazabal
Pierre Andiazabal Saint-Pierre (Urruña, Lapurdi, 1923ko urtarrilaren 18a - Kanbo, Lapurdi, 2020ko maiatzaren 16a[1]) euskal itzultzaile eta apaiza izan zen. Baionako Elizbarrutiko Liturgi Batzordearen idazkaria ere izan zen.
Pierre Andiazabal | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Urruña, 1923ko urtarrilaren 18a |
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria |
Heriotza | 2020ko maiatzaren 16a (97 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | apaiz katolikoa eta itzultzailea |
Kidetza | Euskaltzaindia |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
1964ko urriaren 30ean euskaltzain urgazle eta 2000ko urriaren 27an euskaltzain ohorezkoa izendatu zuten.
Garrantzi handia izan zuen meza euskaraz ematearen aldeko mugimenduan. Xipri Arbelbideren hitzetan, “euskarazko liturgiaren aita” izan zen.[2]
Ibilbidea
aldatu1947ko ekainaren 22an apez ordenatua, bikario-irakasle hasi zen Hazparnen urte berean eta, 1953az geroztik, Uztaritzeko Seminario Ttipian ere aritu zen irakasle.[1] 1979an Elizbarruti arteko Seminarioaren administratzaile eta Baionako Elizbarruti Etxearen arduradun bihurtu zen. 1994an izendatu zuten Baionako Katedraleko kalonje tituludun.
Andiazabal Kalonjea Kanta Jaunari Euskal Herriko parrokia-abesbatzen batzordeko kide ere bazen.
1950ean Gernika aldizkarian jardun zuen laguntzaile gisa.[3] Herria astekarian hainbat artikulu agertarazi zituen eta Lapurdi Irratiaren lehen orduko laguntzailea izan zen: 1992tik 2015a arte, euskarazko kronika bat astero bermatzen zuen erlijioari doazkion gaietaz. ETBtik zabaldu euskarazko mezen arduradun eta ordezkari izan zen hogei bat urtez Baionako elizbarrutiarentzat 1990az geroztik.
Gogoeta Astea (kristau pentsamendurako lekua) 1984an bideratu zuen taldearen sortzaileetarik izan zen eta hogeita bost bat urtez animatzailea ere.
Ondoz ondoko apezpikuen mezuen itzultzaileetarik bat izan zen urte anitzez. Hain zuzen, 1968an elizbarruti arteko itzulpen-taldea sortu zenetik aritu izan zen liturgiako testuak itzultzen. EIZIE elkarteko ohorezko bazkidea zen itzultzaile gisa eginiko lanagatik.
2015ean erretreta hartu zuen Kanboko Arditeya zahar-etxean. 2020eko maiatzaren 16an zendu zen bertan.
Idazlan nabarmenak
aldatu- Meza denborako deiak (1961)
- Igandetako eta bestetako salmo-leloak (1974)
- Igandetan elizan [prest.] (1988)
- Mezetako deiak (1986-1988)
- Kantikak (1988), euskarazko kantiken hitz bilduma.
- Euskarazko kantiken partitura bilduma organolarientzat.
- Igande eta bestetako irakurgaiak (2008)
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b (Frantsesez) «Pierre Andiazabal jaun kalonjea zendu da - Diocèse 64 Bayonne, Lescar et Oloron» diocese64.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
- ↑ Euskaltzaindia. «Pierre Andiazabal ohorezko euskaltzaina hil da» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
- ↑ «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
Kanpo estekak
aldatu- Pierre Andiazabal. Euskaltzaindia.eus
- Joseba Aurkenerena: Pierre Andiazabal eta Matxikolako iturria [1]