Maskara (iragazkia)
- Artikulu hau higiene eta segurtasun maskarari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Maskara (argipena)».
Maskarak (Heg.)[1][2], maskak (Ipar.)[3] edo musukoak[4] arnas aireko partikulen eta aerosol isurkarien aurrean iragazki gisa funtzionatzen duten sudur eta ahoa estaltzeko tresnak dira[5]. Osasungintzan eta lan-inguruneetan erabiltzen dira, eta kutsadura handiko guneetan edo pandemien kasuan, biztanlerian, bereziki. Oro har, bi eratakoak daude: maskara kirurgikoak eta arnas iragazkiak.
Maskara kirurgikoak
aldatuMaskara kirurgiko bakunek babesten dute erabiltzailea gorputzeko jariakinekin zipriztindua izatetik, baita beren pazienteak zipriztintzetik edo kutsatzetik ere. Sudurra eta ahoa ukitzea ere eragozten diote, eta horrek kutsatutako gainazal batekin kontaktua izan ondoren, babes neurria esan nahi du. Hala ere, ez daude diseinatuta erabiltzailea partikula horiek arnastetik babesteko; batzuk harrapa ditzakete, baina ez dira oso eraginkorrak horretarako, ez baitaude asmo horretarako prest.
Medikuntza modernoaren higiene neurriak zabaldu aurretik, izurriteetan lan egiten zuten osagileek maskara berezi batzuk erabili izan zituzten Europan, aurpegia osoa estali eta moko luze bat zutenak. Irudi horiek Erdi Aroko Izurri Beltzarekin lotu arren, ezagutzen diren irudi gehienak eta erabilpen kasuak XVII. mendekoak dira.
Arnas iragazkiak
aldatuMaskara kirurgikoen kasuan bezala, zipriztinen aldean eta aurpegia ukitzeko unean babes bertsua eskaintzen dute baina, gainera, iragazki gaitasuna dute partikula kutsagarri edo toxikoen aurrean.
Arnas iragazkien kasuan, Europako Batasuneko arautegi batek FFP (filtering face pieces) protokoloaren arabera sailkatzen ditu[6]:
Mota | Iragazteko gaitasuna (airea 95 l/min sartzekotan) | Ahotik kanporantz |
---|---|---|
FFP1 | partikulen % 80 | < % 22 |
FFP2 | partikulen % 94 | < % 8 |
FFP3 | partikulen % 99 | < % 2 |
Estatu Batuetan, N95 izeneko maskarak FFP2 edo FFP3 baten parekoak dira.
Jendarteko erabilera
aldatuMaskaren erabilpen publikoa ohikoa da XX. mendetik Asiako hainbat herrialdetan, dela aire kutsatutik babesteko, dela negu garaian gaixotasunen aurreko profilaxi gisa[7]. Japonian, bereziki, modazko irudi eta joeretan ere txertatu dira.
XXI. mendean, SARS (2002) eta A gripearen 2009ko pandemietan —haien fokua Asian egon zen—, maskaren erabilpena herrialde horietan are gehiago hedatu zen.
Maskarak eta Covid-19 pandemia
aldatuCovid-19 gaixotasuna 2020. urtearen hasieran Txinan hasi zenean, bai han eta baita gertueneko herrialdeetan (Japonia, Hego Korea, Singapur...) maskaren erabilpen publikoa asko emendatu zen. Gaixotasunaren fokuak Txinako mugak gainditu eta munduan hedatu zenean, pandemia bilakaturik, urruntze sozialeko neurriak, eskuak garbitzea eta profilaxia, eta itxialdi neurriak, modu batean edo bestean zabaldu ziren, baina maskarak ez ziren berdin hedatu: erabilpena Mendebaldeko herrialdetan berandu eta are estigmaren kargarekin zabaldu zen[8].
Munduko Osasun Erakundeak eta Estatu Batuetako CDC izurrien kontrolerako erakundeak mezu bertsua zabaldu zuten 2020ko otsailean eta martxoan: gaixotasunaren zeinuak zituztenek bakarrik erabili behar zituztela[9]. Kontraesan argia zegoen aholku horren eta errealitatearen artean, sintomarik gabeko kutsatuak asko izan zitezkeela susmatzen baitzen denbora berean. Eskaeraren atzean, merkatuak ezin kudea zezakeen urritasuna zegoela pentsatu zuten askok[9].
Euskal Herrian ere maskaren erabilpena ez zen sustatu, eta are mezu kontraesanezkoagoak izan ziren: adibidez, bakarrik sintomak zituztenek erabili behar zituztela[10] (kontuan hartu gabe asintomatikoak ere gaitza heda zezaketela) edo beraien baliagarritasuna zalantzan jarriz eta, aldi berean, milioika behar direla adieraziz[11]. Kaleetan erabilpena haziz joan zen, itxialdiak aurrera egin ahala, etxean banaka[12] edo ekimen koordinatuetan maskarak egiteko ekimenak hedatu ziren[13], eta 2020ko apiriletik aurrera, erabilpenaren eta maskaren hedapenaren aldeko mezuak areagotu egin ziren, baita agintarien aldetik ere[14].
Berrerabilera
aldatuMaskara kirurgikoak, oro har, erabilpen bakarrekoak dira[15]. Arnas iragazkietan, batzuetan iragazki materialak alda daitezke, baina beste batzuk iraungitze denbora jakina daukate.
Pandemia egoeran, hala nola Covid-19 gaitzaren kasuan, maskara faltak berrerabilpen neurriak behartu izan ditu, eta aholku eta metodo desberdinak planteatu izan dira. Oro har, oihalezkoetan garbigailuko garbiketa beroa eta lisatzea gomendatzen da, eta FFP motakoetan, berriz, beroa aplikatzea, aire lehorra eman dezakeen labe batean edo lehorgailuekin[16].
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Berria Estilo Liburua» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-11).
- ↑ «masque | frantses-euskara hiztegi elektronikoa | Nola Erran» www.nolaerran.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
- ↑ «maska» Euskaltzaindiaren Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
- ↑ «musuko - Elhuyar hiztegiak» hiztegiak.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
- ↑ Telebista, Euskal Irrati. (2020-04-10). «Maskara-motak: zeintzuk diren eta zein ezaugarri dituzten» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-11).
- ↑ Txantiloi:Ref-web
- ↑ (Gaztelaniaz) «¿Por qué los asiáticos usan máscaras quirúrgicas en público?» BioBioChile - La Red de Prensa Más Grande de Chile 2014-12-13 (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
- ↑ (Ingelesez) «Why Face Masks Are Encouraged in Asia, but Shunned in the U.S.» Time (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
- ↑ a b (Ingelesez) Tufekci, Zeynep. (2020-03-17). «Opinion | Why Telling People They Don’t Need Masks Backfired» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Las mascarillas solo para gente con síntomas, los guantes diseminan la infección» Euskal Irrati Telebista 2020-03-18 (Noiz kontsultatua: 2020-04-11).
- ↑ Iraola, Arantxa. ««Ez du abisatzen: ez dakigu arin hasi denak gaizki bukatuko duen»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-11).
- ↑ gaztezulo. «Telazko maskarak egiteko aholkuak» Gaztezulo (Noiz kontsultatua: 2020-04-11).
- ↑ «Maskarillak egiteko hainbat sare sortu dira» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-11).
- ↑ Alberdi, Iosu. «Maskarak erabiltzeko gomendatu du Espainiako Gobernuak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-11).
- ↑ «CDC H1N1 Flu | Interim Recommendations for Facemask and Respirator Use to Reduce Novel Influenza A (H1N1) Virus Transmission» www.cdc.gov (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Criado-Alvarez, J. J.. (2020-03-22). «Reutilización y desinfección de mascarillas» El autoclave (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).