James Buchanan
James Buchanan Jr. (1791ko apirilaren 23a - 1868ko ekainaren 1a) Estatu Batuetako hamabosgarren presidentea izan zen. Haren agintaldiak 1857 eta 1861 bitartean iraun zuen. Pennsylvaniak izan duen presidente bakarra da, baita ezkongabe bakarra ere. Bere garaian, doughfacetzat zeukaten, alegia, Hegoaldeko demokraten aldeko Iparraldeko demokratatzat, eta Stephen A. Douglas-en aurka borrokatu zen Alderdi Demokrata kontrolatzeko. Gerra Zibila hasi baino lehen, Hegoaldeko estatuen sezesioa legez kanpokotzat jo zuen, baina hori gelditzeko guda piztea ere legezkoa ez zela adierazi zuen. Beraz, haren aburuari lotuz, ez zuen estatu horien kontra esku hartu.
Gaztaroa
aldatuBuchanan Pennsylvaniako diputatu eta senataria izan zen. 1791ko apirilaren 23an Mercersburgen hurbileko Pennsylvaniako Franklin konderriko Cove Gapeko egurrezko etxola batean jaio zen. Aita James Buchanan eta ama Elizabeth Speer izan zituen, eta hamar seme-alabetan bigarrena izan zen (haietako bi gazte-gazte zendu ziren). Buchananen senitartekoek Eskoziako James I.aren ondorengo zuzenak zirela aldarrikatzen zuten.
1802an, Mercersburgera joan zen gurasoekin batera. Bertan, irakasle pribatu bat izan zuen. Gero, hiriko eskolara joan zen eta Dickinson College-n (Carlisle, Pennsylvania) graduatu zen. Behin, Dickinsonetik egotzi zuten portaera basatia zela eta, baina bigarren aukera bat eskatu ondoren, ohoreekin graduatu zen hiru urte geroago, 1809ko irailaren zazpian. Urte berean, Pennsylvaniako Lancaster hirira joan zen. Hurrengo hiru urtean, zuzenbidea ikasi zuen eta, 1812an, abokatu bilakatu zen. Lancasterren bertan, abokatu-langela bat zabaldu zuen. Federalista porrokatua, 1812ko gerraren aurka egin zuen, alferrikako borroka zelakoan. Hala ere, britainiarrak aldameneko Marylandera sartu zirenean dragoi arinen unitate batean eman zuen izena eta Marylandeko Baltimoren defentsan borrokatu zen.
Karrera Politikoa
aldatuBuchananek diputatu-lanetan hasi zuen ibilbide politikoa, Pennsylvaniako Diputatuen ganberan, 1814tik 1816era. 4. eta 17. kongresu arrakastatsuetarako aukeratu zuten (1821eko martxoaren 4-1831eko martxoaren 4). Estatu Batuetako batzorde judizialeko lehendakaria izan zen (21.kongresuan). 1830ean ez zen aurkeztu. 1830ean Diputatuen ganberak James H. Peck, Missouri barrutiko epailearen aurka zabaldu zuen “impeachment” prozesuan, aholkularietako bat izan zen. Errusian enbaxadorea izan zen 1832tik 1834era.
Haren alderdi politikoa, Federalista, desagertu zenean alderdi demokratak plaza huts bat betetzeko hautatu zuen 1834tik. 1837 eta 1843an berriro aukeratu zuten eta 1845ean kargua utzi zuen. Kanpo harremanetarako batzordearen lehendakaria izendatu zuten (24.-36. kongresuen artean).
Auzitegi Goreneko epaile Henry Baldwin hil zenean, 1844an, Polk presidenteak hautagai izendatu zuen, baina Buchananek uko egin zion eta haren ordez Robert Cooper Grier izendatu zuten.
James K. Polk presidentearen kabineteko estatu-idazkaria izan zen 1845etik 1849era. Oregongo akordioa negoziatu zuen Louis McLanerekin batera, eta 49. paraleloan ezarri zuten mendebaldeko Estatu Batuen muga. Bera izan da presidente izendatu hautatu duten estatu-idazkari bakarra.
1852an, Buchanan administrazio-kontseilari izendatu zuten Franklin and Marshall eskolan, haren sorterrian, Lancasterren. Lanpostu horretan aritu zen 1866ra arte.
Britainiako St. James Gorteko ministroa (horrela deitzen zaio Estatu Batuek Britainia Handian daukaten enbaxadoreari) izan zen 1853tik 1856ra arte. Bitarte hartan Ostendeko Manifestua idazten lagundu zuen. Manifestu hartan Cubako erosketa proposatzen zen esklabotasuna hedatzeko. Akats larria izan zen Pierce administraziorako eta Halabeharrezko Patuaren aldeko babesa biziki ahuldu zuen.
1856ko hauteskundeak
aldatuDemokratek Buchanan hautatu zuten 1856an; batez ere, Ingalaterran zegoelako Kansas-Nebraska eztabaidetan; horrenbestez, demokraten barruko arerioek garbitzat jo zuten. Berak hala ez nahita ere, izendapena onartu zuen.
Millard Fillmore presidente ohiaren Know-Nothing alderdiaren hautagaitzari esker, Buchananek John C. Fremonti, lehenengo hautagai errepublikarrari, irabazi ahal izan zion; beraz, 1857ko martxoaren 4tik 1861eko martxoaren 4ra presidentea izan zen.
Haustura herritarrengan hedatzen ari zen eta, krisiari aurre egiteko, izendapenetan, saiatu zen oreka gordetzen eta jendeak Auzitegi Gorenak legea interpretatzeko zeukan era onartzeko modua aurkitzen. Auzitegiak mendebaldeko lurralde berrietan esklabotzaren murrizketaren zilegitasunari buruz hausnartzen ari zen, eta bi epailek epaia zein izango zen esan zioten.
Agintaldia 1857-1861
aldatuEstreinaldiko hitzaldian, berriro aurkeztuko ez zela agindu ez ezik, Buchananek lurralde berrien arazoari buruz ere hitz egin zuen: “ez dauka garrantzi handirik, Auzitegi Gorenak aurki konponduko baitu azkar eta betiko”. Bi egun geroago, epaile nagusi Roger B. Taneyk (Dickinson eskolako ikasle ohia) Dred Scott ebazpena ezarri zuen. Haren arabera, Kongresuak ez zeukan esklabotza lurralde berrietan debekatzeko inolako botererik. Taneyk idatzitako ebazpeneko zati handi bat obiter dictumtzat hartu da (epaile baten ebazpenarako beharrezkoak ez diren baina ebazpenarekin batera datozen argudioak).
Argudio haiek Hegoaldekoen gustokoak izan ziren eta Iparraldekoak biziki haserretu zituen. Askok gogoratu zuten estreinaldian Taneyk Buchanani belarrira hitz egin ziola. Buchananek eskumenen borroka hori (federala <> estatua) betiko konpontzea nahi zuen eta, horretarako, indarra egin zuen Pennsylvaniako haren lagun epaile Robert Cooper Grier-ek gehiengoarekin bozka zezan eta esklaboen jabegoa defenda zezan. Abraham Lincolnek Buchanan esklabotzaren botereen konplizetzat salatu zuen, baita esklaboen jabeen azpilantzat ere, gobernu federalaren kontrola hartzeko eta esklabotza herrialde osora hedatzeko ere.
Kansas odoletan
aldatuBuchananek, hala ere, Lurralde berrien aferan arazo gehiagori aurre egin behar izan zion. Kansaseko Lecompton Konstituzioa Kongresuak onar dezan indar handia egin zuen eta bere administrazioaren ospea horri lotu zuen. Lecompton konstituzioaren arabera Kansaseko lurraldea esklabotasuna onartuko zuen estatua izango zen. Buchanan horren aldekoa zen eta bozen truke lanpostuak eta baita dirua ere eman zituen. Lecomptonen gobernuak ospe txarra zeukan iparraldekoen artean, esklaboen jabeek agintzen zuten eta. Haiek esklaborik ez zeukatenen eskubideak murrizteko legeak egin zituzten. Kansaseko hautesleek konstituzioari uko egin zioten arren, Buchananek Kongresuan boto zedin lortu zuen, baina Senatuan Stephen A. Douglasek (alderdi Demokratako haren arerioa) gidatu zituen iparraldekoek blokeatu zuten. Azkenik, Kongresuak beste bozketa bat egiteko agindu zuen, eta horrek hegoaldekoak haserre bizian jarri zituen. Buchanan eta Douglas alderdiaren kontrola lortzeko borroka latz bati lotu zitzaizkion 1859 eta 1860an. Buchananek haren botereak erabili zituen eta Douglasek herria oinarri hartu zuen. Azkenean, Buchananek alderdi ahulduaren kontrola galdu zuen.
Esklabotzari buruzko ikuspegia
aldatuBuchanan esklaboen jabeen eskubideen aldekoa zen eta Kuba desiratzen zuten esklabotasunaren hedapenaren aldekoen laguna zen. Abolizionistak eta errepublikarrak zaku berean sartzen eta gaitzesten zituen. Guztiz zilegia ikusten zuen esklabotza, eta ondo zeritzon esklaboen jabeek gobernua kontrolatzeari. Esklabotzaren aurkakoen kontra borrokatu zen. Nazioari haren hirugarren mintzaldian esan zuen: “Jabeek adeitasunez eta gizalegez tratatzen dituzte esklaboak. Bai jabeen filantropiak, bai haien interes propioak,bat egin dute emaitza hau lortzeko”. Haren izendapenetik denbora gutxi pasa ez zela hegoaldeko senatari bati esan zion: “gobernu honen xede nagusiak iparraldean esklabotzaren auzia baretzea eta alderdi txikiak desegitea izango dira. Bihotz oneko Probidentziak AEBetan bakea ezartzeko ahaleginetan laguntzen badit, orduan nire bizitza ez da alferrik izango”. Kenneth Stampp historialariaren arabera, “Buchanan doughface peto-petoa izan zen, iparraldeko gizona, hegoaldeko ustearekin.”
Izua merkatu finantzieroetan
aldatuBuchananen gobernuaren arazo ekonomikoak 1857ko Izuarekin hasi ziren eta izurrite bat izango ziren haren agintaldi osoan. Bat-bateko diru-sarrera eskasia gertatu zen; neurri batean, demokratek zergak jaistea lortu zutelako. Buchananen administrazioa, Ogasun idazkari Howell Cobben gidapean, herri-zorrak inprimatzen hasi zen. Horrela errepublikarrak Buchanani eraso egiteko beste argudio bat izan zuten.
Utahko guda
aldatuIzendapenaren ondoren, Brigham Young Utahko gobernadorea iraultza prestatzen ari zelako abisuei erantzunez, Buchananek armada bidali zuen mormoi buruzagia egozteko.
1860-1861: Herrialdea zatikatu zen
aldatuErrepublikarrek kongresuko gehiengoa galdu zutenean, 1856an, aurkeztu zuten lege proiektu garrantzitsu bakoitza hegoaldeko bozek atzera bota zuten, edo presidentearen betoak galarazi zuen. Horrela, kongresuan errepublikar eta hegoaldeko demokraten arteko borroka latza gertatu zen. Egoera larriagotzeko, Covode komite alderdikoiak Buchanan jazarri zuen, haren administrazioaren lege-hauste batzuk zirela eta. Borroka hain larria izan zen, non azkenean alderdi demokrata banandu egin baitzen. Buchanan baztertu egin zen Charlestonen alderdiaren bilerak ez aurrera ez atzera ez zuela egiten. Hegoaldekoek alde egin zuten bileratik eta haien presidentziarako hautagaia aukeratu zuten; Buchananek sostengatu nahi izan ez zuen John C. Breckinridge presidenteordea. Alderdiaren beste zatiak Buchananen etsairik nagusia hautatu zuen: Douglas. Beraz, errepublikarrek Abraham Lincoln izendatu zutenean argi geratu zen hegoaldeko bozik jasoko ez bazuen ere, hurrengo presidentea izango zela. Buchananek isilik behatu zuen Hego Carolinaren sezesioa abenduaren 20an. Horri, hegoaldeko beste sei estatuk jarraitu zioten eta otsailean Ameriketako Estatu Konfederatuak sortu zituzten. Hegoaldeko beste zortzi estatuk uko egin zioten. Buchananek kongresuari hitzaldian (1860ko abenduaren 3an), estatuen banantzeko eskubidea ukatu zuen, baina gobernu federalak legez horren aurka ezin zuela ezer egin ere esan egin zuen. Akordioaren alde egin nahi zuen, baina sezesionisten nagusiek ez zuten nahi izan. Abenduaren amaieran, Buchananek kabinetea berritu zuen, konfederatuzaleak egotzi zituen eta batasunarenzale sutsuak sartu zituen: Jeremiah S. Black, Edwin M. Stanton, Joseph Holt eta John A. Dix. Demokrata kontserbadore hauek amerikar abertzale amorratuak ziren eta ez zuten sezesioa onartzen. Behin, Ogasun idazkari Dixek New Orleanseko funtzionarioei agindu zien: “Batek AEBetako bandera eraistera ausartzen bada, akabatu ezazue hantxe bertan”. Buchananek kargua utzi baino lehen, zazpi estatuk sezesioa aldarrikatu eta Konfederazioa ezarri zuten. Estatu horietako armategi eta gotorleku guztiak galdu ziren (Fort Sumter eta beste bi izan ezik) eta soldadu federalen laurdenak errenditu zitzaizkion Texasko armadari. Gobernu federalak Fort Sumterri tinko eustea erabaki zuen, Charlestongo portuan zetzan-eta; Konfederazioko tokirik nabarmenena une hartan. Urtarrilaren 5ean, Buchananek Star of the West baporea bidali zuen Fort Sumterrera errefortzuez eta hornigaiez. 1861eko urtarrilaren 9an, Hego Carolinako kanoiek tiro egin zioten baporeari eta New Yorkera itzularazi zuten. Nora jo ez zekiela, Buchananek ez zuen mugimendurik egin gudarako prestatzeko. Presidente bezalako haren azken egunean Abraham Lincolni esan zion: “Etxe Zurira sartzeagatik, ni Wheatlandera itzultzeagatik bezain alai baldin bazaude; orduan, bai, alai zaude”.
Presidentetzaostea, heriotza eta ondarea
aldatu1866an Buchananek "Buchanan jaunaren administrazioa gudaren bezperan" argitaratu zuen; presidente baten lehenengo oroitzapen liburua. 1868an, 78 urte zituela, Wheatlandeko haren etxean zendu zen eta Woodward Hill hilerrian lurperatu zuten. Haren heriotzaren bezperako egunean “historiak nire ospea errugabetuko du”. Hala ere, historialariek bere sezesioarekiko huts egite azpimarratzen jarraitzen dute. Buchananen eta aurreko presidentearen, Franklin Piercen, esklabotzaren aldeko presio-taldeak baretzeko politika askotan gaitzetsi dute. Alabaina, ziurrenik, Piercek eta Buchananek esklabotzaren kontrako ildo politiko zorrotzago bat hartzekotan, hegoaldeko estatuek urte batzuk lehenago batasunetik egingo zuten alde. Buchananek prozesu hori azkartu zuenentz, oraindik aztertzen ari dira.
Masoia izan zen Lancastergo eta Pennsylvaniako logia nagusian.
Hiru konterrik hartu du haren izena: Buchanan konterria Iowan, Missouri eta Virginian.
Kanpo estekak
aldatu