Ddiddue Epherre
- Artikulu hau euskaltzain urgazleari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Epherre».
Ddiddue edo Grégoire Epherre[1] (Altzürükü 1929ko urtarrilaren 22 – 1974ko urriaren 5a) euskaltzale eta elizgizon zuberotarra zen.
Ddiddue Epherre | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Altzürükü, 1929ko urtarrilaren 22a |
Herrialdea | Zuberoa, Euskal Herria |
Heriotza | Zuberoa eta Altzürükü, 1974ko urriaren 5a (45 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | klerikoa |
Biografia
aldatuEuskararen munduan garrantzi handiagoa izan zuen Gilen Epherreren anaia gazteagoa zen; hamaika neba-arreba ziren.
Ikasketak lehen Mauleko Saint François d'Assise ikastetxe katolikoan eta gero Baionako apaizgaitegian egin zituen.
Ddiddue, Gilen bezala apaiza zen; 1952ko ekainean apaiztu zen. Urte bereko irailean Baionako Saint Louis de Gonzague ikastetxerako izendatu zuten eta 1953ko abuztuan Institut Catholique de Toulouse deritzonerako Okzitaniako hiri horretan.
1958an Zientzia arloan lizentziatua, Maulera itzuli eta arestian aipatu ikastetxean matematika irakasle aritu zen. Euskaltzain urgazlea zen[2] eta mauletar gazteak euskalduntzen ibili zen, kanten bidez ere bai. Eskualtzaleen Biltzarra elkarteko presidente ordea ere izan zen[3].
Horrekin loturik, Pettarrean dagoen ikastola bakarraren sorrera bultzatu zutenetakoa da; Sohütan kokatuta dagoen ikastola horrek Eperra du izena, deiturarekin bat egiten duena baina ahaztu gabe Eperra oso kanta popularra dela Zuberoan.
Matematika, filosofia zein musikan jakintsua zen.
Etxahun-Irurik kobla batzuk dedikatu zizkion[4] eta bere aipua Orhi-ko txoriek koblan ere egin zuen[5].
Anaia Gilen baino egun batzuk lehenago hil zen 1974an, bihotzeko gaitzak jota; 45 urte zituen.
Lanak
aldatuEuskaltzale sutsua zen eta damua izan zen nahiko gazterik hil izana, beste hainbat lan burutu gabe geratu zitzaizkiolako. Bere lanak oraindik bildu gabe daude. Astero Zuberoako berriak biltzen zituen Herria astekarian.
Davantek bere erreferentziazko antologian J. D. J. Sallaberry eta Ziberoko ahaire zaharrak testua aukeratu zuen; Gure Herria aldizkarian argitaratu zen 1971ko ekainean eta Epherrek 1970eko urriaren 25ean emandako hitzaldi bat biltzen zuen. Jean Dominique Julien Salaberriren omenez Euskaltzaindiak Mauleko udaletxe zaharrean antolatutako bileraren karietara eman zuen eta beraz Salaberrik bildutako kanten kokapena egiten zuen.
Iturriak
aldatu- Jean-Louis Davant: Zuberoako literaturaz. Antologia laburra, Euskaltzaindia, Bilbo, 2008; 128-131.or.
- Piarres Lafitte: Grégoire Epherre (1929-1974) idazkia, Euskaltzaindiak Euskera aldizkarian, ohar nekrologikoa biografia txikiaren itxuraz..
Erreferentziak
aldatu- ↑ Epherre da forma arautua (Euskaltzaindia). Eppherre idazten du euskaraz Davantek. Etxahun-Irurik Gregoi ere deitzen zion.
- ↑ Euskara batuaren alde aritu zen.
- ↑ Mixel Labeguerie Eskualtzaleen Biltzarrean[Betiko hautsitako esteka] Daniel Landarten artikulua.
- ↑ Gregoire Epherre zenari armiarma.comen; 1975ean Herria astekariko 1277. aleko 5. orrialdean argitaratua.
- ↑ Aldizkari bereko 1275. aleko 5. orrialdean.
Ikus, gainera
aldatuKanpo loturak
aldatu- Iturrietan aipatutako lehen liburua pdf.n.
- Egiategi-z geroztiko ziberotar idazleak artikulua, Davantek egina, Maule, 1981eko uztailaren 27an; ikus 5.or.
- (Gaztelaniaz) Eppherreren obren zerrenda Gipuzkoa.neten; artikuluak frantsesez zein euskaraz.
- Zuberoako bedatse loraduna Joxemiel Bidadorren artikuluan aipatua.
- Euskaltzaindiaren Zortzi urte arteko hiztegia obraren egileetakoa; ikus 3.or.